Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2007ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
514

6/2007 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak arautzeari buruzko Dekretua aldatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako lanpostuen zerrenda arautzen duen apirilaren 12ko 78/2005 Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (2005eko maiatzaren 4ko 82. zenbakia).

Apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuko 5.4 artikuluaren aurka 1041/05 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sindikatuak. 801/2005 zenbakiko epaia eman zuen Sala horrek, 2005eko azaroaren 18an, aurkeztutako errekurtsoa zati batean onetsiz.

Epai hori behin irmo eginda, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ediktua 2006ko otsailaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen. Ediktu horrek, aipatutako epaian hartutako erabakiaren berri ematen du, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 107.2 artikulua beteaz, eta Lege horren 72.2 artikuluan aurreikusitako ondorioekin. Honela dio hitzez hitz ediktu horrek:

"1.– Errekurritutako Dekretuko 5.4. artikulua ez dator bat zuzenbidearekin, bertan ez baita xedatzen aldi baterako pertsonalaren lanpostu bakoitzaren baldintzak, ezaugarriak eta ordainketak jasota egon behar dutela lanpostuen zerrendetan.

2.– Errekurritutako Dekretuko 5.4 artikuluko d) eta c) idatz-zatien deusezgarritasuna deklaratzea".

Epai hori modu egokian exekutatzeak dakarrena da, ordea, dekretua onartu duen Jaurlaritzaren Kontseiluak berriro erredaktatu beharko duela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako lanpostuen zerrenda arautzen duen apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuko 5.4 artikulua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak arautzeari buruzko Dekretua aldatzen duen Dekretuak indarra hartzeak aldi baterako pertsonalarentzat gordetako lanpostuei eragingo die, dekretu horretan xedatutakoari egokitu beharko baitzaizkie.

Ondorioz, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako lanpostuen zerrenda arautzen duen apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuaren 5. artikuluko 4. paragrafoa aldatu egiten da, eta aurrerantzean honako erredakzioa izango du:

"4.– Aldi baterako langileei dagokienez, lanpostu-zerrendek honako hauek adieraziko dituzte nahitaez horietako bakoitzeko:

a) Izena.

b) Zein saili edo lanpostuaren zentrori atxikita dagoen.

c) Lan-jarduera.

d) Betetzeko exijitutako baldintzak; nahitaez jasoz, horien artean, jarritako hizkuntza eskakizuna eta, hala behar izanez gero, derrigortasun eguna.

e) Identifikatzeko balio duten lanpostu-kodea eta dotazioa.

f) Lanpostu berezitua den edo ez.

g) Aditzera ematea egiturazko lanpostua, politika sektorialetan aholkuak ematekoa edo iraupen jakineko programetan aholkuak ematekoa den.

h) Lanpostuari izendatutako ordainketak:

1.– Sail guztietarako komunak diren egiturazko lanpostuen ordainketak eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuenak baliokideak izango dira. Salbuespen bakarra prentsako aholkulariarena da, zeina sailburuaren menpe egongo baita zuzenean eta zuzendariaren soldata-maila izango baitu.

Egiturazko lanpostuen ordainketak aurreko paragrafoan adierazitakoaren araberakoak izango dira, izan ere, lehendakari ohien esku jarritako giza-baliabidetzat hartzen dira.

2.– Aldi baterako gainerako lanpostuen ordainketak funtzionarioen edo goi kargudunen lanpostuen mailakoak izango dira, betiere muga hauek kontuan hartuz: ordainketak ezingo dira, inolaz ere, Jaurlaritzako sailburuordeenak baino handiagoak izan, eta sail berean ezingo da egon aldi baterako pertsonalarentzat gordetako lanpostu bat —sailburuordearen ordainketa maila duena— baino gehiago.

i) Lanpostuaren edukiarentzat eta bere betebeharrentzat garrantzizkoak diren baldintza partikularrak identifikatzea".

AZKEN XEDAPENAK

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko urtarrilaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala