Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2006ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
3688

2/2006 EBAZPENA, 2006ko maiatzaren 15ekoa, Ebazpen Batzordearena.

Gasteizko hirian, bi mila eta seigarren urteko maiatzaren 15ean, Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkurak, Fernando Luis Ruiz Piñeiro lehendakari jaunak, eta Iñaki Lasagabaster Herrarte, Mario Fernández Pélaz, Edorta Cobreros Mendazona, Fernando Campo Antoñanzas, Andres Urrutia Badiola eta José Manuel Castells Artetxe mahaikide jaunek osatutakoak, hurrengo ebazpena eman du.

EBAZPENA

Eusko Jaurlaritzak 02/2006 eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz. Andrés Urrutia Badiola jauna izan da txostengilea, eta berak adierazi du Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkuraren iritzia.

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak, Ebazpen Batzorde honetan, eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz.

Ekainaren 30eko 13/1994 Legeak Ebazpen Batzordea arautzen du (aurrerantzean, EBL). Bada, lege horren 58. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren ondoreetarako, Eusko Jaurlaritzak eskugabezia-agindeia egin zion Arabako Foru Aldundiari, 2006. urteko urtarrilaren 11n. Alabaina, Arabako Foru Aldundiak, 2006. urteko otsailaren 7an, agindei horri muzin egitea erabaki zuen.

Bigarrena.– Jarraian, EBLren 59. artikuluan ezarri bezala eta artikulu horrek aipatu epean, zehatzago esateko, 2006. urteko martxoaren 8an, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin zuen. Ebazpen Batzordeak, 2006. urteko apirilaren 4an, gatazka horren izapidetza onartu zuen eta beste alderdiari helarazi zion arazoa. Alderdi horrek, bere alegazioak aurkezteko, hogei eguneko legezko epea zuen, EBLren 61. artikuluan finkatutakoari helduta. Alderdi horrek, orobat, epe horretan egin ahal zituen EBLren 30. artikuluan aipatu komunikazioak, beste erakunde legitimaziodunek ere kasuan kasuko epean alegazio egokiak egin zitzaten. Era berean, aurreko beste kasu batzuetan bezala, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak berarentzat aldarrikatu zuen eskumen-gatazkaren gaineko aginpidea.

2006. urteko apirilaren 27an, Arabako Foru Aldundiak bere alegazioak aurkeztu ditu aipatu gatazkaren inguruan, eta ez da beste alegaziorik jaso.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzak, bere alegazioen hasieran, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren edukia deskribatzen du. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzak azterketa hirukoitza egiten du bere idazkian. Alde batetik, eskumen-banaketa aztertzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren arloan; beste alde batetik, eskumen-banaketa aztertzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintzako langileen lan-baldintzak zehazteko arloan; eta, azkenik, 1945/2005 Ebazpenaren puntu zehatz batzuk aztertzen ditu, ebazpen hori baita eskumen-gatazkaren gaia, eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez, puntu horiek urratzen baitute Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko eskumen-banaketa eremu honetan.

Lehenengoaz denaz bezainbatean, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, eskumen-banaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 17.1 artikuluan du oinarria. Artikulu horren arabera, Autonomia Erkidegoko erakundeei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren araubidea, gizabanakoak nahiz ondasunak babesteari, eta Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan ordena publikoa iraunarazteari dagokienez. Artikulu berberak, 2. paragrafoan, ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren gaineko gorengo agintea Eusko Jaurlaritzari dagokiola, foru-aldundiek eta tokiko korporazioek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe. Artikulu berberak, 5. paragrafoan, ezartzen du, orokorrean behintzat, Miñoi eta Mikeleteen kidegoek polizia hori eratuko dutela, gero guztiak birmoldatu eta guztiek ere kidego bakarra eratzeari kalterik egin gabe.

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak (aurrerantzean, LHL) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzen ditu. Bada, lege horrek, 7.a.11 artikuluan, eskumen esklusiboa ematen die lurralde historikoetako foru-organoei, Miñoi, Foral eta Mikeleteen kidego edo atalen araubideari dagokienez, horiek foru-aldundien mendekoak baitira ordezkaritzaren ondorioetarako eta tradizioaren arabera. Horri kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak ahalmenak ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren gorengo agintea duelako.

Bukatzeko, uztailaren 17ko 4/1992 Legeak Euskal Herriko Polizia arautu du (aurrerantzean, EHPL). Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintza berrantolatu eta kidego bakarra ezarri du. Kidego horrek atal desberdinak izango ditu, eta gorengo agintea Eusko Jaurlaritzak izango du (EHPLren 5.2 artikulua). Eusko Jaurlaritzak aginte hori gauzatzen du, Herrizaingo Sailaren bitartez. Aitzitik, foru-erakundeei zenbait eginkizun erreserbatzen zaizkie, Miñoi, Foral eta Mikeleteen atalei dagokienez, betiere kasuan kasuko foru-aldundiari begira mendekotasun funtzionala dutela (EHPLren 109. artikulua). Ildo horretatik, aipatzekoa da EHPLren 24.2 artikulua ("Ertzaintza Kidego bakar moduan eratzen da organikoki, eta bertan sartzen dira, Euskal Herriko Estatutuaren 17.5 artikuluak dioenaren arabera, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Kidegoak. Halere, lurralde historiko bakoitzean egongo da honako izen hau duen Ertzaintzaren zerbitzu bat: Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa; Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa").

Hortaz, EHPLren agindua izan zen Ertzaintzaren kidego bakarraren barruan integratzea Foru Poliziaren kidego desberdinak, betiere forutasunaren erakunde-bermeari eutsiz. Horixe adierazi zuen Konstituzio Auzitegiak ere, 1993. urteko maiatzaren 6an emandako 159/1993 epaian. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak hauxe laburbiltzen du: "Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren burutza eta zuzendaritza Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta jaurlaritzak Herrizaingo Sailaren bitartez gauzatzen ditu burutza eta zuzendaritza horiek. Foru-erakundeek eurentzat erreserbatzen dituzte eginkizun zehatz batzuk, baina, soil-soilik, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalei dagokienez".

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen lan-baldintzak zehazteari dagokionez, eta, bereziki, arlo horretan eskumenak banatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak EHPLren inguruan ematen ditu bere arrazoiak, eta, horrela, mailaz maila, haren gainean azaltzen ditu bere alegazioak. Hasteko, Eusko Jaurlaritzak baieztatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetakoak direnak (EHPLren 25. artikulua) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo kasuan kasuko udalaren funtzionario publikoak direla. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kasuan, gorengo agintea Eusko Jaurlaritzari dagokio (EHPLren 5. artikulua), eta aginte hori lehendakariaren bitartez gauzatzen da. Polizia horren gaineko burutza eta zuzendaritza, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari dagozkio, eta horren eskumenekoak dira. Sail horren eginkizunen artean, aipatzekoa da, besteak beste, hurrengoa: "e) Ertzaintzako funtzionarien estatutu-araubidea aplikatu eta ikuskatzea, lege honek agintzen duenaren indarrez Gobernu-Kontseiluari dagozkion ahalmenak edo beste organo batzuei eman zaizkienak izan ezik, eta Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkaritza zehaztea funtzionarien ordezkariekin negoziaketan aritzeko". Ildo horretatik, lege berberaren 77.1 artikuluari eutsiz, Herrizaingo Sailak edo kasuan kasuko toki-erakundearen organo eskudunak zehaztuko ditu lan-saioaren iraupena eta antolaketa, atsedenaldiak, ordutegiak eta jaiegunak. Artikulu horrek toki-erakundeak aipatzen dituenean, ez dihardu Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari edo Ertzaintzari buruz, baizik eta tokiko poliziei buruz; azken horientzat aplikagarria da, orobat, Poliziaren Legea, horren 2. artikuluak ezarri bezala.

Eusko Jaurlaritzak, jarraian, zenbait lan-baldintza aipatzen ditu. Baldintza horiek finkatzeko, aldez aurretik negoziazioa egin behar da langileen ordezkariekin. Baldintzon artean, nabarmentzekoak dira, kasurako, hurrengoak: "f) 77. atalean aipatzen diren laneguna, lan-egutegia eta oporren arauketa, eta atal horren bigarren lerroaldian ohartemandako kasuei dagozkien ordainezkoak" (EHPLren 103. artikulua). Bukatzeko, zenbait arrazoi azaltzen ditu Eusko Jaurlaritzak, EHPLren 104. artikulua oinarri hartuta. Arrazoi horiei eutsiz, lan-saioa, lan-egutegia eta oporren araubidea zehazteko, ados jarri behar dira Administrazioaren ordezkariak eta sindikatuetako ordezkariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren negoziazio-mahaiaren inguruan; dena den, adostutako erabaki hori Gobernu Kontseiluak onetsi behar du geroago. Adostasunik lortu ezean, Gobernu Kontseiluak berak zehazten ditu lan-baldintzak. Eusko Jaurlaritzak aipatzen du, halaber, gaur egun indarrean dagoela 1999, 2000 eta 2001. urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren lan-baldintzak arautzeko erabakia. Erabaki hori martxoaren 7ko 40/2000 Dekretuaren bitartez onetsi zen. Dekretu horren 2. artikuluak bere aplikazio-eremua zabaltzen die Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan karrerako funtzionarioen plaza dutenei.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren ustez, bera da eskuduna gai honetan. Eskumen horren oinarria da EHPLren 25. artikuluak, EHPLren 24. artikuluari lotuta, funtzionario egiten dituela Eusko Jaurlaritzaren mendeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kide diren miñoiak. Ondorenez, miñoiei aplikatzen zaie polizia horren lan-baldintzak arautzen dituen erabakia; ez, ordea, Arabako Foru Aldundiko funtzionarioen foru-dekretua. Autonomia Erkidegoko Administrazioak, ordea, EHPLren 12.2 xedapen gehigarria errespetatu behar du. Xedapen horren arabera, antzinako Miñoien Ataleko kideei bermatzen zaie lan-saioaren urteko zenbaketa, ordainsariak eta gizarte-onurak lehenagotik aitortutako berberak izatea, integrazio-unean ez bazituzten bereganatu Ertzaintzarentzat erabakitako baldintzak.

Gainera, EHPLren beste artikulu batzuk ere miñoiei aplikatu ahal zaizkie zehatz-mehatz. Horien artean, Eusko Jaurlaritzak zenbait aipatzen ditu. Lehenengo eta behin, EHPLren 109. artikulua aipatzen du. Horren arabera, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalei honako eginkizun zehatz hauek eratxikitzen zaizkie: "a) Foru-erakundeak ordezkatzea; b) foru-agintariak babestea; c) foru-ondarearen ondasunak babestea eta zaintzea, horren instalakuntza eta zerbitzuen baliatzaileen segurtasuna bermatuz; d) legez indarra erabiltzea, lurralde historikoaren aginpide diren zereginak nahitaez burutu daitezen, zeregin horiek Ertzaintzaren beste zerbitzu bati ez badagozkio; e) Kidegoko gainerako unitate edo zerbitzuei laguntzea, Herrizaingo Sailak emandako arauekin bat etorriaz". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak gaineratzen du Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalek errepidezko garraioa zaindu eta ikuskatzeko polizia-eginkizunak bete ditzaketela, bai eta errepideak zaintzeari eta errepide-poliziari dagozkionak ere. Ildo beretik, EHPLren 110. artikuluak hurrengoa ezartzen du: "Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetako funtzionariak, ihardutez, dagokien Foru Aldundiaren menpe egongo dira. Orohar, Foru Aldundiei dagokie aipatutako zerbitzuak burutzerakoan zuzeneko agintea izatea eta zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehaztea, Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailak dituzten ahalmenen kaltetan gabe, bereziki hiru egiteko hauek dituztelarik: a) Sekzioaren barruan zerbitzu-manualdiak ematea. b) Oporrak baimentzea. c) Baimenak eta lizentziak ematea."

Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak dioenaren arabera, lurralde horretako foru-aldundiari dagokio oporraldiak baimentzea, betiere EHPLren 77. artikuluak zer ezarri eta horren arabera aurretiaz finkatutako egunen barruan.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzak bere alegazioekin bukatzeko, eta sortutako gatazkaren oinarri moduan, aurkaratutako ebazpenaren edukia aztertzen du. Ebazpen horrek, 2006. urterako, lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea ezartzen du, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz, ebazpen horren eranskinetatik zenbaitetan ezarritakoaren arabera.

Gai honetan, Eusko Jaurlaritzaren idazkiak jasotzen du Arabako Foru Aldundiaren argumentazioa. Horren eretzean, eztabaidapeko ebazpenaren oinarria da EHPLren 110. artikulua, horrek adierazten duelako foru-aldundiak zuzeneko agintea duela Miñoien Atalaren gainean, atal horrek EHPLren 109. artikuluko zerbitzuak gauzatzen dituenean, bai eta zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehazteko orduan ere. "Zerbitzuak burutzeko araubidea" adierazmoldeari dagokionez, ulertu behar da adierazmolde horren barruan sartzen direla, hala egin beharreko lanen antolaketa, nola EHPLren 109. artikuluan aipatutako zerbitzuak eta eginkizunak gauzatzean bete beharreko ordutegi- nahiz egutegi-motak, oporrak eta abarrekoak, betiere hitzarmen kolektibo aplikagarrietan zehaztutako urteko lan-orduak errespetatuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzak adierazten du foru-aldundiak, Miñoien Ataleko Burutzaren bitartez, arduradunen parte-hartzearekin eta erantzukizuna dutenen esku-hartzearekin, 2006. urterako finkatu dituela lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak ataleko kideei esleituz. Era berean ere, EHPL bete egin da sindikatu-erakundeei dagokienez, halakoei gorabehera guztiak jakinarazi baitzaizkie eta entzun egin baitzaie.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, horrekin Arabako Foru Aldundiak modu asistematikoan interpretatu du EHPLren 110. artikulua; aldundi horrek bere eskumenen mugak gainditu ditu; eta, orobat, ez dio inola ere erreparatu manu horrek legearen gainerako artikuluekin duen loturari. Hori guztia dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, Arabako Foru Aldundiak muzin egin dio arlo honetako eskumen-banaketari. Eusko Jaurlaritzak dioenez, Arabako Foru Aldundiak, mugak gainditze horretan, 9/1987 Legea aplikatzen du, lege horren 2.1 artikuluaren c) letrak segurtasun-kidego eta indarrak baztertzen dituen arren.

Eusko Jaurlaritzak, bukatzeko, Ebazpen Batzorde honi eskatzen dio aurkaratutako ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren aurkakoa dela eta banaketa hori errespetatzen ez duela adieraz dezala.

Seigarrena.– Arabako Foru Aldundiak ere bere alegazioak egiten ditu. Lehenengo eta behin, azpimarra jartzen du LHLren 7.a.11 artikuluan. Artikulu horri helduta, lurralde historikoek eskumen esklusiboa dute, Foralen, Miñoien eta Mikeleteen kidego edo atalen araubideari dagokionez, kidego edo atal horiek kasuan kasuko foru-aldundiaren mende baitaude, ordezkaritzaren ondorioetarako eta tradizioaren arabera; horri kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak zenbait ahalmen ditu, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren gainean gorengo agintea izatea. Horrela, LHL izenekoak "araubide" hitza erabiltzen du. Hitz hori zabala da, oro hartzailea; ez, ordea, baztertzailea. Argiago esateko, hitz horrek ez du bazterrean uzten beste adierazmolde zehatz eta xeheago bat, hain zuzen ere, jarraikoa: "Aldundiko Miñoien Atalari atxikitako langileei dagozkien zerbitzu-ordutegien araubidea". Araubide horren gainean, argi dago eskumenak nori dagozkion. Horretarako, nahikoa da aintzat hartzea LHL eta EHPL, eta azken hori zentzuz interpretatzea, gero aipatuko den jurisprudentziari so eginez.

Ildo berberari eutsiz, Arabako Foru Aldundiak bere azalpenen oinarri moduan aipatzen du EHPLren 5.2 artikuluaren hitzez-hitzezkotasuna. Artikulu horrek Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari eratxikitzen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia-kidegoaren eta horren zerbitzu laguntzaileen gaineko burutza eta gorengo zuzendaritza. Horiei guztiei begira, bereziki, honako eginkizun hauek betetzen ditu: "e) Ertzaintzako funtzionarien estatutu-araubidea aplikatu eta ikuskatzea, lege honek agintzen duenaren indarrez Gobernu Kontseiluari dagozkion ahalmenak edo beste organo batzuei eman zaizkienak izan ezik".

Hortaz, beste organo batzuei ematen zaizkie, eman ere, ahalmenak, eta ahalmen horien barruan sartzen dira foru-aldundiaren eta diputatu nagusiaren jarduera-eremua eta eskumenak. Jarraian, Arabako Foru Aldundiak EHPLren 109. artikulua aipatzen du, lehen ere hori aipatu izan badu ere. Ondorenez, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalek mendekotasun funtzionala dute kasuan kasuko foru-aldundiari begira, eta aldundi horretako diputatu nagusiari dagokio gorengo agintea, zerbitzuok burutzeko araubidea edo zerbitzuotarako oharpideak zehazteko orduan (EHPLren 110. artikulua). Horri guztiari kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailak euren ahalmenak izango dituzte.

Zazpigarrena.– Hortaz, oinarrizkoa da "zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehaztea" adierazmoldea nola ulertu behar den, eta zein eremu, norainoko eta eduki duen erabakitzea. Arabako Foru Aldundiak, bere idazkian, hori egiten duenean, hauxe adierazten du: modurik zabal, koherente eta harmonikoenean egin behar da hori, lurralde historikoetako diputatu nagusien aginte funtzionala kontuan hartuta. Horrela, egikaritzaren eragingarritasuna ez da besterik gabe oztopatu edo baldintzatu behar. Edozein modutan ere, errespetatu behar dira, Ertzaintzaren kidego bakarrean integratutako langileen lan-baldintzei dagokienez, lege bidez edota hitzarmen bidez ezarritako murrizketak. Ondorenez, adierazmolde honetan sartu behar da, dela garatu beharreko lanen antolaketa, dela EHPLren 109. artikuluko zerbitzuak eta eginkizunak gauzatzeko bete behar diren ordutegien araubidea.

Esangura horretan, Arabako Foru Aldundiak baieztatzen du Ertzaintzako langileek errespetatu behar dutela kasuan kasuko hitzarmen kolektiboan finkatutako lan-saioaren urteko zenbaketa, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen lan-baldintzak bereganatu dituztenean, bai EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren bidez aldundiko lan-baldintzei eutsi dietenean. Horri kalterik egin gabe, EHPLrekin bat etorriz, diputatu nagusiari dagokio lan-antolaketaren zehaztapen bereziak ematea, miñoiek horri begira mendekotasun funtzionala baitute eta horrek baitu zuzeneko agintea.

Aipatu azalpenen uztarri gisa aipatzen ditu, halaber, 40/2000 Dekretuaren 18.1 artikulua eta abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren 17.1 artikulua, bai eta EHPLren 77.2 artikulua eta martxoaren 13ko 2/1986 Legea bera ere. Horrekin erakutsi nahi du poliziaren funtzioa berezia dela eta eginkizun hori nahitaez moldatu behar dela, garatu beharreko polizia-eginkizunaren inguruabarrak kontuan hartuta. Moldatze hori foru-agintariei dagokie, eta horrek ez ditu urratzen Euskal Autonomia Erkidegoak gai honetan dituen eskumenak.

Zortzigarrena.– Foru-agintarien jarduera-esparrua eratzen dute, eratu ere, "oharpideak" eta "zerbitzuak" hitzek. Beste modu batera esanda, bi hitz horien interpretazioak balio izango du foru-jardueraren eremua finkatzeko. Interpretazio horri eutsiz, foru-agintariek "moldatze-lan egokia egin behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren beste langile-postu batzuekin dauden desberdintasunak aintzakotzat hartuta. Desberdintasun horiek erakusten dute zerbitzua burutzeko orduan modu berezkoan jarduten dela. Desberdintasunok ez dira Herrizaingo Sailak dituen eskumenen aurkakoak, haiek gauzatzen baitira sailari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe". Bestalde, foru-lurraldeek eskumenak dituzte araubide hori finkatzeko, baina eskumen horien egikaritzak ez ditu baldintzatzen eskumen orokorrak, eskumen orokor horiek Herrizaingo Sailari baitagozkio lan-baldintzak finkatzeko. Era berean ere, egikaritza hori zilegia da, eta, beraz, ez du sorrarazten aurrera egin dezakeen eskumen-gatazkarik.

Bide bertsutik, jurisprudentzia errepikatua gogorarazten da. Horren eretzean, zerbitzuak burutzeari dagokionez, horren barruan sartu behar dira, hala garatu beharreko zerbitzuen antolaketa, nola ordutegien, egutegien, oporraldien eta abarrekoen araubidea, horiek guztiak bete behar direlako EHPLren 109. artikuluko zerbitzuak eta eginkizunak gauzatzean.

Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak, bere alegazioekin bukatzeko, azpimarratu egiten du, Miñoien Atalari atxikitako langileek zerbitzuak ematen dituztenean, haien araubideak antolaketa-berezitasunak dituela, eta Ertzaintzako gainerako langileei begira independentea dela. Nolanahi den ere, horrek ez ditu hausten Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak. Antolaketa-berezitasun horien ondorioz, atal horien arauketa berezia (EHPLren 110. artikulua) lehenetsi behar da, EHPLren 103.2.f artikuluan jasotako arauketa orokorrari begira. Esangura horretan, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia aipatzen da, horrek ezartzen duelako eskumen generikoak lekua utzi behar diola eskumen bereziari. Horixe adierazten du Konstituzio Auzitegiak, besteak beste, 1993. urteko maiatzaren 6an emandako 159/1993 epaian, eta, zehatzago, epai horren zortzigarren oinarri juridikoan. Ondorio gisa, berriz, jarraikoa adierazten da: diputatu nagusiaren ahalmenei muzin egiteak EHPLren 110. artikulua ez erreparatzea eta hori urratzea izango litzateke. Aitzitik, Arabako Foru Aldundiak ebazpen honetan ez ditu eskumenen mugak gainditzen, ez duelako inola ere oztopatzen, ezta eragozten ere, Herrizaingo Sailari gai honetan emandako ahalmenen egikaritza.

Aurreko guztiaren laburpen gisa, foru-lurraldeak adierazten du abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren edukiak ez duela urratzen Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz. Eusko Jaurlaritzak Ebazpen Batzorde honi eskatu dio beronek erabaki dezala ebazpenak ez duela errespetatzen Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa.

Erakunde errekurtsogilearen iritziz, haren uziak oinarritzeko osagai erabakigarriak dira Euskal Herriko Autonomia Estatutua, LHL, eta EHPLren egungo idazkera, eta, bereziki, horren 5, 24, 25, 77, 103, 104, 109 eta 110. artikuluak.

Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren aurkako arrazoiak azalduz, honako oinarri hauek erabiltzen ditu: LHL; EHPLren 5, 109, 110, 77 artikuluak eta 12.2 xedapen gehigarria; hitzez-hitzezko interpretazioa; eta, orobat, jurisprudentzia (bereziki gogorarazten du Konstituzio Auzitegiak EHPLren inguruan 1993. urteko maiatzaren 6an emandako 159/1993 epaia). Foru-lurraldeak azpimarratzen du, gainera, Miñoien Atalak burutu beharreko polizia-lana berezia dela. Horiek guztiak dira Arabako Foru Aldundiak erabiltzen dituen arrazoiak, aipatu ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko eskumen-banaketarekin bat datorrela esateko. Hori adierazteko eskatzen dio Ebazpen Batzorde honi, eta, horrekin batera, aurkeztutako gatazkari gaitziritzia emateko.

Bigarrena.– Lehenengo eta behin, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka eragin zuela, eta, bere garaian, horren izapidea onartu zela. Behin hori gertatuta, hemen argitu behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nor den gai zehatz horren gaineko eskumenaren titularra. Kasu honetan, eskumen-banaketa ondorioztatzen dute Autonomia Estatutuak, LHL deiturikoak eta EHPL izenekoak ere. Hortaz, arazoa bete-betean sartzen da EBLren 1 eta 2. artikuluek aipatu kasuen artean. Arean ere, aurkaratutako ebazpena Arabako Foru Aldundiak eman du, eta erabakigarri gertatzen da administrazio eskuduna zein den zehazteko, lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea ezartzeko orduan, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz.

Hirugarrena.– Aurreko horren ondorioz, eztabaidatutako arazoaren muinean jartzen gara. Arazo hori da, izatez, eskumenari buruzko estatutu juridikoa ezartzea, Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei begira. Halakoak aipatu izan ditu dagoeneko Ebazpen Batzorde honek, apirilaren 4ko 1/2006 Ebazpenean, haien antolaketa eta jardunbideari buruzko arazoak aztertzean. Horrela, miñoi "batzuek erabaki zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren araubidea onartzea; horrela, euren araubide orokorrean, EHPL deiturikoa aplikatzen zaie, lege horren xedapenek, eta, bereziki, lege horren 24, 108, 109, 110 eta 111. artikuluek ondorioztatzen duten bezala. Araubide horren ezaugarriei helduta, kontuan izan behar da miñoi-talde hori atal bat dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kidego bakarraren barruan (EHPLren 24. artikulua); talde hori Eusko Jaurlaritzaren gorengo agintearen mende dago, eta aginte hori lehendakariaren bitartez gauzatzen da; haien gaineko gorengo burutza eta zuzendaritza, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari dagozkio (EHPLren 5. artikulua), eta Herrizaingo Saila da, era berean ere, lan-saioaren iraupena eta antolaketa, atsedenaldiak, ordutegiak eta jaiegunak ezartzen dituena (EHPLren 77.1 artikulua), horretarako aurretiaz sindikatuetako ordezkariekin negoziazioa eginez (EHPLren 103.3.f artikulua). Miñoi horien kasuan, gainera, haien egitura organikoa, lanpostuen zerrenda eta ataletako plantilak zehaztu aurretik, kontsulta egiten zaio Arabako Foru Aldundiari (EHPLren 108. artikulua). Haren eginkizunak lege-aginduz ezarrita daude (EHPLren 110. artikulua), eta kasuan kasuko foru-aldundiaren eskumen funtzionalaren mendekoak dira. Aldundiak ahalmen berezi batzuk ditu; ahalmen horietatik bat eztabaidapeko kasuari dagokio bereziki, alegia, "oporrak baimentzea" (EHPLren 110.b artikulua). Ildo bertsutik, kasuan kasuko foru-lurraldeko diputatu nagusiaren eskumenekoa da diziplina-espedienteak hasi, horien izapidetza egin, eta falta astun nahiz arinak ezartzea (EHPLren 111. artikulua). Egoera hori duten miñoientzat, zalantzarik gabe, aplikagarria da, lan-saioaren urteko zenbaketa eta oporraldia modu substantiboan zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari edo Ertzaintzari begira kasuan kasuko negoziazioan ezarritakoa (EHPLren 77.1 eta 103.3.f artikuluak). Edozein modutan ere, horrela oporrak finkatu ondoren, opor horiek izateko "baimen" zehatza kasuan kasuko foru-aldundiari dagokio; Arabako Foru Aldundia izango da eskudun, miñoien kasuan, EHPLren 110.b artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz."

Laugarrena.– Gauzak horrela ikusita, argi dago Arabako Foru Aldundiari atxikitako Miñoien Ataleko kideentzat aplikagarria dela, lan-saioaren antolaketari dagokionez, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubideari dagokionez, EHPLren 77.1. artikuluan ezarritakoa: "Herrizaingo Sailak edo kasuari dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoak lanaldiaren iraupena eta antolaketa zehaztuko ditu, bai eta atseden, ordutegi eta jaien araubidea ere". Artikulu horren arauketa osatu behar da EHPLren 103. artikuluarekin, horrek zenbait mekanismo finkatzen baititu, Ertzaintzako funtzionarioek parte har dezaten, lan-baldintzak zehazteko orduan, eta, bereziki, hurrengo zehazteko orduan: "f) 77. atalean aipatzen diren laneguna, lan-egutegia eta oporren arauketa, eta atal horren bigarren lerroaldian ohartemandako kasuei dagozkien ordainezkoak". EHPLren 104. artikuluak ideia hori indartzen du EHPLren 103. artikuluko gaietan itunak eta hitzarmenak egin daitezkeela aipatzean; itun edo hitzarmenik lortu ezean, Gobernu Kontseilua izango da lan-baldintzak zehaztuko dituena.

Edozein modutan ere, aurreko interpretazio hori harmonizatu behar da EHPLren 109. artikuluan agindutakoarekin, eta, bereziki, EHPLren 110. artikuluarekin. Horrela, finkatu ahal izango dira EHPLren 110. artikuluaren hitzez-hitzezkotasuna eta horren norainokoa, betiere foru-lurraldeek gai honetan duten eskumen-eremuari eduki osoa kendu gabe. Kasu honetan, ez da alferreko gertatzen EHPLren 110. artikuluaren testua gogoratzea: "Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetako funtzionariak, ihardutez, dagokien Foru Aldundiaren menpe egongo dira. Orohar foru-aldundiei dagokie aipatutako zerbitzuak burutzerakoan zuzeneko agintea izatea eta zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehaztea, Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailak dituzten ahalmenen kaltetan gabe, bereziki hiru egiteko hauek dituztelarik: a) Sekzioaren barruan Zerbitzu-manualdiak ematea. b) Oporrak baimentzea. c) Baimenak eta lizentziak ematea."

Artikulu hori sistematikaren arabera interpretatuz gero, ondorio moduan hauxe adieraz daiteke: EHPLren 77.1, 103 eta 104. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuta, lan-baldintzak finkatzeko, eta, horien barruan, lan-saioaren iraupena eta antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea finkatzeko, Ertzaintzarena orokorrean izan nahiz kasuan kasuko lurralde historikoaren foru-aldundiari atxikitako Miñioi, Foral eta Mikeleteen ataletako kideena izan, negoziazioa egin behar da Euskadiko Administrazioaren eta sindikatu-antolakuntzen ordezkarien artean. Itunik edo hitzarmenik lortu ezean, Gobernu Kontseiluak finkatuko ditu halakoak. Behin lan-baldintzok zehaztuta, kasuan kasuko lurraldearen diputatu nagusiak, EHPLren 110. artikuluarekin bat etorriz, zuzeneko agintea izango du zerbitzuak burutzen direnean, eta, ondorenez, berak zehaztuko du zerbitzuen araubidea eta berak emango ditu zerbitzuetarako oharpideak, aurretiaz EHPLren 77.1, 103 eta 104. artikuluek finkatutako esparru edo eremuaren barruan. Horrekin, esparru hori egokitu edo moldatuko du, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalek ematen dituzten zerbitzuak bereziak direla gogoan izanik, atal horiek mendekotasun funtzionala baitute diputatu nagusiari begira. Gainera, bere ekimenez betearazi ahal izango ditu horiek guztiak, apirilaren 4ko 1/2006 Ebazpenean esan bezala, honako eginkizun hauek gauzatzean: "a) Sekzioaren barruan zerbitzu-manualdiak ematea. b) Oporrak baimentzea. c) Baimenak eta lizentziak ematea". Alabaina, ezin da inola ere onartu esparru hori foru-lurraldeak finkatzea, eta horixe gertatzen da gatazkapeko ebazpenaren kasuan. Horrekin, EHPL izenekoari muzin egiten zaio, eta horrela ezartzen den eskumen-araubideak urratu egiten du egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen eskumen-banaketa.

Azken finean, EHPLren 110. artikulua behar bezala interpretatuz gero, hauxe atera daiteke: Miñoiek, kasuan kasuko foru-lurraldearen diputatu nagusiari begira, mendekotasun funtzionala dute, eta zerbitzuak nola burutuko dituzten edota zerbitzuetarako oharpideak zeintzuk izango diren zehazteak berarekin dakar zerbitzu-ematearen gai zehatzak ezartzea, betiere aurretiaz itxuratutako eremuaren barruan. Eremu horren norainokoa eta ezaugarriak finkatuta daude EHPL izenekoan bertan. Horrela, lege horren arauketak eragingarritasun osoa eskuratzen du, horrek harmonizatzen baitu erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa gai honetan. Modu horretan ezartzen dira, beraz, "f) laneguna, lan-egutegia eta oporren arauketa..." (EHPLren 103. artikulua). Lege horrek ezartzen du bidea, eta bide hori erakunde erkideei eskumena eratxikitzea baino ez da. Behin hori eginda, zerbitzuak nola burutuko diren zehaztea, hau da, zerbitzuak emateko orduan araubidea edo oharpideak zein izango diren zehaztea, gai zehatzak sakontzea besterik ez da, eta gai zehatz horiek dira, hain zuzen ere, kasuan kasuko foru-lurraldeko diputatu nagusiari begira, mendekotasun funtzionala dutenak eta haren zuzeneko agintepean daudenak. Gainera, diputatu nagusiari dagozkio EHPLren 110. artikuluan beren beregi aipatutako hiru gaiak: "a) Sekzioaren barruan zerbitzu-manualdiak ematea. b) Oporrak baimentzea. c) Baimenak eta lizentziak ematea". Hori guztia, begi-bistakoa den bezala, EHPLren 103 eta 104. artikuluek definitutako eremuaren barruan gauzatu behar da.

Bosgarrena.– Bukatzeko, komeni da aurreko eskumen-arazoa argitzea Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei begira, horiek, EHPLren 12.2 xedapen gehigarriari helduta, ez dutenean bereganatu EHPL deiturikoak Ertzaintzako funtzionarioentzat ezarritako araubidea. Nabari denez, eskumen-arazoa, kasu honetan, honetan datza: EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren hedadura edo norainokoaren barruan sartzen diren ala ez eztabaidapeko ebazpenean araututako gaiak.

Ebazpen Batzorde honek, apirilaren 4ko 1/2006 Ebazpenean, hauxe erabaki zuen: "aldian-aldian egokitu edo moldatu beharrekoak dira, besteak beste, "gizarte-aurreikuspenaren araubidea", lan-saioaren urteko zenbaketa, ordainsariak eta gizarte-onurak; egokitzapen hori burutzeko, unean uneko erabakiak hartu behar dira, eta erabaki horiek gida-lerroak izango dira Arabako Foru Aldundiko funtzionarioentzat. Aitortutako "hirurtekoak eta antzinatasuna" ere nahitaezko parametroak dira, aurrekoa zehazteko orduan. EHPLren 12.2 xedapen gehigarriak berak, gainera, interpretazio-osagai garrantzitsua ematen digu bide horretatik. Izan ere, xedapen gehigarri horren arabera, "aipatu funtzionariek bete ahal izango dituzte, hala balegokio, Arabako Foru Aldundiko lanpostuak, erakunde honek zehaztuko dituen kasu eta baldintzetan". Beste hitz batzuekin esanda, xedapenak bereizi egiten ditu miñoi horiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratzea aukeratu dutenak, eta, hori egitean, haien egoera parekatzen du Arabako Foru Aldundiko langileen egoerarekin". EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren interpretazioak, horren hitzei so eginez gero, eduki zehatz eta xehea islazen du, eta bertan araututako horretara bakarrik mugatzen da.

Interpretazio bidez esangura hori zabalduz gero, horren barruan sartuko lirateke "lan-saioaren iraupena eta antolaketa" edo "atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea". Zernahi gisaz, interpretazio zabal hori ez dator bat interpretatu beharreko testuaren edukiarekin, ezta hurrik eman ere. Legegileak ezarri du miñoi zehatz batzuei aplikatzen zaiela, urteko zenbaketan, Arabako Foru Aldundian hitzartutako lan-saioa. Hala bada, nekez uler daiteke lan-saioaren aipamen hori beste arazo batzuetara zabaltzea. Horren moduko interpretazio bat ez litzateke izango termino horren interpretazio hedatzailea besterik gabe. Hori baino urrunago joango litzateke, eta egiazko interpretazio sortzailea izango litzateke. Eginkizun hori, muga batzuekin bederen, zuzenbideko hutsuneen kasu zehatz batzuetan onargarria izan daiteke; baina agerikoa da kasu honetan ez dela halakorik gertatzen. Kasu honetan, ez dago inolako hutsunerik, eta araua ere ez da zehaztugabea. Haatik, legegileak argi eta garbi ezartzen du lan-saioa aplikagarria izango dela "urteko zenbaketan", eta horrek esan nahi du ez dela aplikagarria izango lan-saioarekin zerikusia duten beste arazo guztietan.

Arauak gainerako salbuespenak ezartzen dituenean, baieztatu egiten du interpretazio hori. Arauak bere horretan uzten du, orobat, Miñoiei aplikatzea "hirurtekoak eta antzinatasuna", halakoak ezarrita baitaude Arabako Foru Aldundiko funtzionarioen arauetan. Horrek berriro ere erakusten du haiei aplikagarri zaiela gai zehatz horiei buruzko arauketa, baina ez besterik. Interpretazio hori bat dator interpretazioari buruzko printzipio orokorrarekin; printzipio horren eretzean, salbuespenak modu hertsian interpretatu behar dira. Kasu honetan onartuko balitz "lan-saioaren iraupena eta antolaketa" eta "atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea" lan-saioaren barruan sartzen direla, orduan printzipio hori urratuko litzateke, eta, horrez gain, lehen aipatu bezala, egiazko interpretazio sortzailea egingo litzateke. Zenbait salbuespen izateak ez du justifikatzen beste bat sortzea. Bestalde ere, egia da lan-saioaren urteko zenbaketa desberdina dela, baina horrek ez dauka eraginik jaiegunen, atsedenaldien eta ordutegien araubidean, ezta lan-saioaren iraupen eta antolaketan ere, salbu eta, zentzuzkoa denez, urteko zenbaketari dagokionez. Beste gauza bat adieraziz gero, okerreko ondorio hau aterako litzateke: Ertzaintzako funtzionarioen artean desberdintasunak daude, oporrak hartzeari dagokionez, oporrok desberdinak izan baitaitezke antzinatasunaren arabera, eta horrek oztopatu egiten du lan-saioaren iraupena edota atsedenaldien, ordutegien edo jaiegunen egutegia antolatzea.

Labur-zurrean, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz. Esandakoren ondorioz, bidezkoa da eskumen-gatazka positibo horri oniritzia ematea.

EPAITZA

Azaldutakoa aintzakotzat hartuta, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak hauxe

EBATZI DU:

Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko abenduaren 22ko 1945/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, 2006. urterako onetsi ziren lan-saioaren antolaketa, eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Miñoien Ataleko kideei esleituz. Ebazpen Batzorde honek oniritzia ematen dio gatazka positibo horri, eta eztabaidatutako eskumena erakunde erkideei dagokiela adierazten du.

Ebazpen hau alderdiei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hala erabaki dute batzordekideek, eta izenpetu ere; eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala