Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2006ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
3687

1/2006 EBAZPENA, 2006ko apirilaren 4koa, Ebazpen Batzordearena.

Gasteizko hirian, bi mila eta seigarren urteko martxoaren lauan, Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkurak, Fernando Luis Ruiz Piñeiro lehendakari jaunak, eta Iñaki Lasagabaster Herrarte, Mario Fernández Pélaz, Edorta Cobreros Mendazona, Fernando Campo Antoñanzas, Andres Urrutia Badiola eta José Manuel Castells Artetxe mahaikide jaunek osatutakoak, hurrengo ebazpena eman du.

EBAZPENA

Eusko Jaurlaritzak 01/2006 eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena eman zitzaien, betiere lehenago Arabako Miñoien Kidegokoak izan, eta, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian. Andrés Urrutia Badiola jauna izan da txostengilea, eta berak adierazi du Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkuraren iritzia.

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak, Ebazpen Batzorde honetan, eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena eman zitzaien, betiere lehenago Arabako Miñoien Kidegokoak izan, eta, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian.

Ekainaren 30eko 13/1994 Legeak Ebazpen Batzordea arautzen du (aurrerantzean, EBL). Bada, lege horren 58. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren ondoreetarako, Eusko Jaurlaritzak eskugabezia-agindeia egin zion Arabako Foru Aldundiari, 2005. urteko abenduaren 9an. Alabaina, Arabako Foru Aldundiak, 2006. urteko urtarrilaren 12an, agindei horri muzin egitea erabaki zuen.

Bigarrena.– Jarraian, EBLren 59. artikuluan ezarri bezala eta artikulu horrek aipatu epean, zehatzago esateko, 2006. urteko urtarrilaren 31n, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin zuen. Ebazpen Batzordeak, 2006. urteko otsailaren 22an, gatazka horren izapidetza onartu zuen eta beste alderdiari helarazi zion arazoa. Alderdi horrek, bere alegazioak aurkezteko, hogei eguneko legezko epea zuen, EBLren 61. artikuluan finkatutakoari helduta. Alderdi horrek, orobat, epe horretan egin ahal zituen EBLren 30. artikuluan aipatu komunikazioak, beste erakunde legitimaziodunek ere kasuan kasuko epean alegazio egokiak egin zitzaten. Era berean, aurreko beste kasu batzuetan bezala, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak berarentzat aldarrikatu zuen eskumen-gatazkaren gaineko aginpidea.

2006. urteko martxoaren 20an, Arabako Foru Aldundiak bere alegazioak aurkeztu ditu aipatu gatazkaren inguruan, eta ez da beste alegaziorik jaso.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzak, bere alegazioen hasieran, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren edukia deskribatzen du. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena eman zitzaien, betiere lehenago Arabako Miñoien Kidegokoak izan, eta, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gai honetan berak zenbait eskumen ditu, eta eskumen horien guztien oinarria bikoitza da: batetik, oinarri generikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren arloan egindako eskumen-banaketa; eta, bestetik, oinarri xehe eta zehatza, eztabaidapeko ebazpenari beren beregi dagokiona, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintzako langileen lan-baldintzak zehazteko eskumen-banaketa.

Lehenengoaz denaz bezainbatean, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, eskumen-banaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 17.1 artikuluan du oinarria. Artikulu horren arabera, autonomia-erkidegoko erakundeei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren araubidea, gizabanakoak nahiz ondasunak babesteari, eta Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan ordena publikoa iraunarazteari dagokienez. Artikulu berberak ezartzen du, orokorrean behintzat, Miñoi eta Mikeleteen kidegoek polizia hori eratuko dutela, gero guztiak birmoldatu eta guztiek ere kidego bakarra eratzeari kalterik egin gabe.

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak (aurrerantzean, LHL) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzen ditu. Bada, lege horrek eskumen esklusiboa ematen die lurralde historikoetako foru-organoei, Miñoi, Foral eta Mikeleteen kidego edo atalen araubideari dagokienez, horiek foru-aldundien mendekoak baitira ordezkaritzaren ondorioetarako eta tradizioaren arabera. Horri kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak ahalmenak ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren gorengo agintea duelako.

Bukatzeko, uztailaren 17ko 4/1992 Legeak Euskal Herriko Polizia arautu du (aurrerantzean, EHPL). Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintza berrantolatu eta kidego bakarra ezarri du. Kidego horrek atal desberdinak izango ditu, eta gorengo agintea Eusko Jaurlaritzak izango du (EHPLren 5.2 artikulua). Eusko Jaurlaritzak aginte hori gauzatzen du, Herrizaingo Sailaren bitartez. Aitzitik, foru-erakundeei zenbait eginkizun erreserbatzen zaizkie, Miñoi, Foral eta Mikeleteen atalei dagokienez. Ildo horretatik, aipatzekoa da, EHPLren testutik, bi artikulu hauen testua: 24.2 artikulua ("Ertzaintza Kidego bakar moduan eratzen da organikoki, eta bertan sartzen dira, Euskal Herriko Estatutuaren 17.5 atalak dioenaren arabera, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Kidegoak. Halere, lurralde historiko bakoitzean egongo da honako izen hau duen Ertzaintzaren zerbitzu bat: Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa; Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa") eta 109. artikulua, gero aipatuko dena.

Konstituzio Auzitegiak ere, 1993. urteko maiatzaren 6an emandako 159/1993 epaiaren bitartez, adierazi zuen, EHPLk kidego bakarra ezarri zuenean, ez zuela hautsi forutasunaren erakunde-bermea. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak hauxe laburbiltzen du: "Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren burutza eta zuzendaritza Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta horrek Herrizaingo Sailaren bitartez gauzatzen ditu burutza eta zuzendaritza horiek. Foru-erakundeek eurentzat erreserbatzen dituzte eginkizun zehatz batzuk, baina, soil-soilik, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalei dagokienez".

Laugarrena.– Aurkatutako ebazpenari erreparatuz, hau da, Miñoien oporraldia baimentzeari erreparatuz, Eusko Jaurlaritzak EHPLren inguruan ematen ditu bere arrazoiak, eta, horrela, mailaz maila, haren gainean azaltzen ditu bere alegazioak. Hasteko, Eusko Jaurlaritzak baieztatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetakoak direnak (EHPLren 25. artikulua) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo kasuan kasuko udalaren funtzionario publikoak direla. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kasuan, gorengo agintea Eusko Jaurlaritzari dagokio (EHPLren 5. artikulua), eta aginte hori lehendakariaren bitartez gauzatzen da. Polizia horren gaineko burutza eta zuzendaritza, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari dagozkio, eta horren eskumenekoak dira. Sail horren eginkizunen artean, aipatzekoa da, besteak beste, hurrengoa: "e) Ertzaintzako funtzionarien estatutu-araubidea aplikatu eta ikuskatzea, lege honek agintzen duenaren indarrez Gobernu-Kontseiluari dagozkion ahalmenak edo beste organo batzuei eman zaizkienak izan ezik, eta Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkaritza zehaztea funtzionarien ordezkariekin negoziaketan aritzeko". Ildo horretatik, lege berberaren 77.1 artikuluaren arabera, Herrizaingo Sailak edo kasuan kasuko toki-erakundearen organo eskudunak zehaztuko ditu lan-saioaren iraupena eta antolaketa, atsedenaldiak, ordutegiak eta jaiegunak. Artikulu horrek toki-erakundeak aipatzen dituenean, ez dihardu Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari edo Ertzaintzari buruz, baizik eta tokiko poliziei buruz; azken horientzat aplikagarria da, orobat, Poliziaren Legea, horren 2. artikuluak ezarri bezala.

Eusko Jaurlaritzak, jarraian, lan-baldintzak aipatzen ditu. Baldintza horiek finkatzeko, aldez aurretik negoziazioa egin behar da langileen ordezkariekin. Baldintzon artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, hurrengoak: "f) 77. atalean aipatzen diren laneguna, lan-egutegia eta oporren arauketa, eta atal horren bigarren lerroaldean ohartemandako kasuei dagozkien ordainezkoak" (EHPLren 103. artikulua). Bukatzeko, zenbait arrazoi azaltzen ditu Eusko Jaurlaritzak, EHPLren 104. artikulua oinarri hartuta. Arrazoi horiei eutsiz, lan-saioa, lan-egutegia eta oporren araubidea zehazteko, ados jarri behar dira Administrazioaren ordezkariak eta sindikatuetako ordezkariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren negoziazio-mahaiaren inguruan; dena den, adostutako erabaki hori Gobernu Kontseiluak onetsi behar du geroago. Adostasunik lortu ezean, Gobernu Kontseiluak zehazten ditu lan-baldintzak. Eusko Jaurlaritzak aipatzen du, halaber, gaur egun indarrean dagoela 1999, 2000 eta 2001. urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren lan-baldintzak arautzeko erabakia. Erabaki hori martxoaren 7ko 40/2000 Dekretuaren bitartez onetsi zen. Dekretu horren 2. artikuluak bere aplikazio-eremua zabaltzen die Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan karrerako funtzionarioen plaza dutenei.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren ustez, bera da eskuduna gai honetan. Eskumen horren oinarria da EHPLren 25. artikuluak, EHPLren 24. artikuluari lotuta, funtzionario egiten dituela Eusko Jaurlaritzaren mendeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kide diren miñoiak. Ondorenez, miñoiei aplikatzen zaie polizia horren lan-baldintzak arautzen dituen erabakia; ez, ordea, Arabako Foru Aldundiko funtzionarioen foru-dekretua.

Gainera, EHPLren beste artikulu batzuk ere miñoiei aplikatu ahal zaizkie zehatz-mehatz. Horien artean, Eusko Jaurlaritzak batzuk aipatzen ditu. Lehenengo eta behin, EHPLren 109. artikulua aipatzen du. Horren arabera, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalei honako eginkizun zehatz hauek eratxikitzen zaizkie: "a) foru-erakundeak ordezkatzea; b) foru-agintariak babestea; c) foru-ondarearen ondasunak babestea eta zaintzea, horren instalakuntza eta zerbitzuen baliatzaileen segurtasuna bermatuz; d) legez indarra erabiltzea, lurralde historikoaren aginpide diren zereginak nahitaez burutu daitezen, zeregin horiek Ertzaintzaren beste zerbitzu bati ez badagozkio; e) kidegoko gainerako unitate edo zerbitzuei laguntzea, Herrizaingo Sailak emandako arauekin bat etorriaz". Horrez gain, gaineratzen du Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalek errepidezko garraioa zaindu eta ikuskatzeko polizia-eginkizunak bete ditzaketela, bai eta errepideak zaintzeari eta errepide-poliziari dagozkionak ere. Ildo beretik, EHPLren 110. artikuluak hurrengoa ezartzen du: "Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetako funtzionariak, ihardutez, dagokien Foru Aldundiaren menpe egongo dira. Orohar, Foru Aldundiei dagokie aipatutako zerbitzuak burutzerakoan zuzeneko agintea izatea eta zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehaztea, Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailak dituzten ahalmenen kaltetan gabe, bereziki hiru egiteko hauek dituztelarik: a) Sekzioaren barruan zerbitzu-manualdiak ematea. b) Oporrak baimentzea. c) Baimenak eta lizentziak ematea".

Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak dioenaren arabera, lurralde horretako foru-aldundiari dagokio oporraldiak baimentzea, betiere EHPLren 77. artikuluak zer ezarri eta horren arabera aurretiaz finkatutako egunen barruan.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzak bere alegazioekin bukatzeko, eta sortutako gatazkaren oinarri moduan, aurkatutako ebazpenaren edukia aztertzen du. Ebazpen horrek gogorarazten duen bezala, Arabako miñoi batzuek ez zuten erabili EHPLren xedapen gehigarrietatik hamabigarrenak, eta, zehatzago, xedapen horren bigarren zenbakiak (aurrerantzean, 12.2 x.g.) emandako aukera. Horregatik, miñoi horiei aplikatzen zaizkie Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2004. urteko uztailaren 20an emandako 48/2004 Foru Dekretuaren 5. ataleko manuak. Aipatu foru-dekretuak Arabako Foru Aldundiko Administrazio Orokorreko funtzionarioen lan-baldintzak onetsi zituen 2004 eta 2005. urteetarako, eta, 5. atalean, hauxe ezarri zuen: "Arabako Foru Aldundiko langile guztientzat orokorrean ezartzen dira urteko oporrak, eta opor horietan gehikuntzak gertatuko dira, geroago aipatuko den taularekin bat etorriz, baldin eta 15 urteko edo gehiagoko antzinatasuna lortzen bada eta Administrazioak antzinatasun hori aitortzen badu. Taularen arabera, 15 urteko, egun bat; 20 urteko, egun 2; 25 urteko, 3 egun; 30 urteko edo gehiagoko, 4 egun. Egun gehigarri horiek, ordutegiaren kontrola egiteko unean, presentzia-uneak izango dira, eta egun horiek izateko eskubidea eragingarria izango da, aipatu antzinatasuna zein urtetan bete eta egutegiko hurrengo urtean".

Eusko Jaurlaritzaren ustez, horrek urratu egiten du eskumen-banaketa. Izan ere, EHPLren 77.1 artikulua EHPLren 103 eta 104. artikuluekin batera interpretatuz gero, hark ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren lan-baldintzak onesten direla Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren bidez, betiere aurretiaz langileen ordezkariekin negoziatuta. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, horren kontra ezin dira aipatu EHPLren 110. artikulua eta testu bereko 12.2 xedapen gehigarria. Eusko Jaurlaritzak dioenez, xedapen horiek zenbait eskumen eratxikitzen dizkio Arabako Foru Aldundiari, baina eskumen horien barruan sartzen da, bakar-bakarrik, zerbitzu-aginduak ematea, jarduera-protokoloen bidez; protokolo horiek lanerako metodologia zehatza ezarri behar dute egoera desberdinetarako, zerbitzuen agiri edo gidaliburu horietan aurreikusitakoaren arabera. Gainera, EHPLren 12.2 xedapen gehigarria kontuan hartuta, horrek jarraikoa besterik ez du ezartzen: urteko zenbaketan, lan-saioari eutsi egingo zaio, eta, orobat, langileek integrazio-unean zituzten ordainsari eta gizarte-onurei ere bai, langile horiek ez zituztelako aukeratu Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintza osoarentzat hitzartutako baldintzak.

Seigarrena.– Arabako Foru Aldundiak ere bere alegazioak egiten ditu. Aipatu arautegiari dagokionez, azpimarratu egiten ditu EHPLren 109 eta 110. artikuluak, bai eta EHPLren 12.2 xedapen gehigarria ere. Zernahi gisaz, zenbait ñabardura egiten ditu, gero esango dena aurreratuz. Egin-eginean ere, Euskal Herriko Poliziaren Legea onetsi zenetik (orain 14 urte), ohikoa izan da langileei aplikatzea, nahiz eta langileok bere garaian Ertzaintzaren lan-baldintzak onartu ez, eta, beraz, kidego horretan bete-betean integratu ez, urteko zenbaketan lan-saioari dagozkion xedapenak, bai eta ordainsariei eta gainerako gizarte-eskubideei dagozkienak ere, gainerako foru-funtzionarioentzat aplikatu izan diren eta aplikatzen diren bezala. Hortaz, halako langileei aplikatu ohi zaizkie Aldundiaren zerbitzupeko langileei euren lan-baldintzen inguruan dagozkien xedapenak.

Ohitura horren eretzean, Arabako Foru Aldundiak, errekurtsogileak dioenaren aurka, hauxe adierazten du: 12.2 xedapen gehigarria ez da izan integrazio-unean finkatutako eremua, gero garatu ezin dena, baizik eta zerbait bizi eta dinamikoa, EHPL delakoa onetsi zenetik. Aldundiak, bere alegazioak oinarritzeko, abenduaren 27ko 438/2005 Dekretua aipatzen du. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen lan-baldintzak onetsi zituen 2005, 2006 eta 2007. urteetarako. Bada, dekretu horren 1. artikuluak, bigarren paragrafoan, hauxe ezartzen du: Miñoien ataleko langileek ez badute hartu Euskal Herriko Poliziaren Legeak hamabigarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoan ezarritako aukera, orduan langile horiei ez zaizkie aplikatuko lehenengo tituluan ezarritako aginduak (gizarte-laguntzak; kirol laguntza; istripu, gaixotasun, bizitza eta erantzukizun zibileko asegurua; nomina-aurrerapenak; borondatezko erretiroaren ondoriozko primak; gizarte-aurreikuspen osagarria; gizarte-funtsa; ohiko etxebizitza erosteko diru-laguntza; aholkularitza juridikoa; bestelako gizarte-laguntzak), ezta hirugarren tituluko lehenengo kapituluan ezarritakoak ere (gehikuntza orokorra eta antzinatasuna; Ertzaintzaren oinarrizko eskala berriro sailkatzea; ekoizgarritasun-osagarria eta goragoko kategoriadun postua betetzearen ondoriozko ekoizgarritasun-osagarria). Oro har, halako langileei ez zaizkie aplikatzen erabaki horretan ordainketa-izaerarekin jasotako neurri guztiak. Jarraian, Arabako Foru Aldundiak defendatzen du EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren aplikazioa begi-bistakoa dela, arauen hierarkiari erreparatuz gero, hori martxoaren 7ko 40/2000 Dekretuaren gainetik baitago, azken hau indarrean egon baitzen, abenduaren 27ko 438/2005 Dekretua indarrean jarri arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren lan-baldintzak finkatzeari dagokionez. Bestalde, abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuak, egia esan, ez du bazterrean uzten urteko lan-saioari dagokion kapitulua; baina horrek ez du esan nahi kapitulu hori EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren mendeko miñoiei aplikatzen zaienik.

Foru-lurraldeak, bere jarrera defendatzeko, hauxe azaltzen du: lan-saioaren urteko zenbaketa modu desberdinean egin ohi da Foru Aldundiko langileentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren langileentzat. Lehenengoa modu baketsuan aplikatu izan zaie, Foru Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean, EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren mendeko miñoiei. Miñoi horiek, Arabako Foru Aldundiak dioenez, oso-osorik ematen dituzte euren zerbitzuak Aldundian, diputatu nagusiaren zuzeneko agintepean, eta horri begira mendekotasun funtzionala dutela. Miñoi horiek ez daukate, beraz, inolako eraginik Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren barruan.

Zazpigarrena.– EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren mendeko miñoiei oporrak baimentzeko orduan, interpretazio kautoaren osagai bat dago jasota, Arabako Foru Aldundiaren ustez, EHPLren zioen azalpenean. Horren testua argi-argia da: "Hori dela eta, arrazoizkotasunak eta eraginkortasunak eskaturik, Miñoiak, Foralak eta Mikeleteak Ertzaintzako Kidegoan sartzea erabakitzen da, baina, Mikeleteen, Foralen eta Miñoien sekzioak mantenduta, lurralde-foralitatearen gaurko irudia zehazki errespetatuz. Mikeleteen, Foralen eta Miñoien sekzioei beren ordezkaritza-zereginak eta usadiozkoak aitortzen zaizkie, eta foru-organoek atxikipen funtzional horri dagozkion aginpide eta ahalmenei eutsiko diete. Miñoien Kidegoan gaur egun dauden funtzionarien bidezko eskubide eta itxarobideei begirunea erakusten zaiela gaineratu behar da, oinarrizko erabaki haren ikuspegitik ahal den eta egoki den punturaino". Kode Zibilaren 3.1 artikuluak interpretaziorako osagaiak jasotzen ditu, eta horiei heltzen die foru-lurraldearen ordezkariak. Ildo horretatik, gogorarazten du xedapen iragankorrak araubide bereziak direla, ez, ordea, arau iragankor hutsak edo indarraldi mugatua duten arauak. Hori dela eta, xedapen berezia izateak baztertu egiten du arau orokorraren aplikazioa. Horrela, EHPLren 12.2 xedapen gehigarria aplikatuta, miñoiei baimendu zaie antzinatasunaren araberako oporrak izatea, eta, antzinatasun eta opor horiek zehazteko, kontuan hartu dira, Aldundiaren zerbitzupeko langileei aitortzen zaizkienak. Horrela, miñoi horiei aitortzen zaie, urteko zenbaketan, Aldundiko langile guztientzat ezarritako lan-saioa. Hori guztia aurretiaz esandakoaren ondorioa besterik ez da, eta, beraz, horrek ez du urratzen eskumenak banatzeko sistema. Era berean, ezin da hori mugatu 1992. urteko egoerara, hots, EHPL indarrean jarri zeneko data horretara, hori 438/2005 Dekretuaren aurkakoa eta gaur arte betetako ohituraren aurkakoa baita.

Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak gaineratzen du ohitura hori ez dela 1992. urtean bukatu eta horretara mugatu. Hori nahi izanez gero, biderik logikoena izango litzateke xedapen iragankorra erabiltzea, ez, ordea, xedapen gehigarria. Aintzakotzat hartu behar dira, orobat, legegintzako eztabaidan izandako aurrekariak eta gramatikako argudioak ere. Gainera, EHPLren zioen azalpenari buruz esandakoa gogoan izanik, horiek guztiek eskubide eta igurikimen legitimoak aitortzen dizkiete EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren mendeko miñoiei.

Laburbilduta, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzako langileen lan-baldintzak zehazten dituenean, horrek ez ditu foru-eskumenak mugatzen. Aitzitik, foru-lurraldeen eskumenekoa da oporrak baimentzea, eta, horretarako, kontuan hartzea foru-funtzionarioei antzinatasunaren arabera aitortutako opor-egunak. Halaber, eta kontrako esangurari eutsiz, foru-eskumenak baliatzeak ez ditu zalantzan jartzen Herrizaingo Sailak lan-baldintzak finkatzeko dituen eskumen orokorrak, eta, beraz, baliatze horrek ez dakar eztabaidapeko eskumenak bidegabe erabiltzea. Ondorenez, gatazka honek ezin bide du aurrera egin.

Ez da ahantzi behar, gainera, edukiaren inguruko arazo baten aurrean gaudela, hain zuzen ere, legearen interpretazioari dagokiona. Arazoa, esangura hertsian behintzat, ez da eskumen-arazoa. Hori dela eta, Ebazpen Batzordeari begirune osoarekin adierazten diogu arazoa auzibideetarako administrazio-jurisdikzioan kokatu behar dela, eta, ondorenez, prozesu horretan parte eta esku hartu behar dutela langile interesdunek, 1700/2005 Ebazpenak horien gainean eragina duen neurrian. Bide honetan, ordea, langileok ez daukate inolako tokirik, eta horrek haien defentsarik eza dakar.

Azken hausnarketan, foru-lurraldeak adierazten du miñoiei, Ertzaintzaren hitzarmena bereganatu ez duten heinean, uztailaren 20ko 48/2004 Foru Dekretuaren aginduak aplikatu behar zaizkiela, dekretu horrek ezartzen baititu 2004 eta 2005. urteetarako Aldundiaren lan-baldintzak, antzinatasunaren ondoriozko oporrei dagokienez ere. Bide horretatik, 1700/2005 Ebazpenak oporrak baimentzeari buruzko zehaztapenak jasotzen dituenean, horrek ez du urratzen Euskal Herriko Poliziaren Legeko 77.1 artikuluan ezarritako eskumen-banaketa, lege-testu bereko 103 eta 104. artikuluak ere gogoan izanda.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak 01/2006 eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena eman zitzaien, betiere lehenago Arabako Miñoien Kidegokoak izan, eta, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian. Eusko Jaurlaritzak Ebazpen Batzorde honi eskatu dio beronek erabaki dezala ebazpenak ez duela errespetatzen Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa.

Erakunde errekurtsogilearen iritziz, haren uziak oinarritzeko osagai erabakigarriak dira Euskal Herriko Autonomia Estatutua, LHL, eta EHPLren egungo idazkera, eta, bereziki, horren 5, 25, 77, 103, 104, 109 eta 110. artikuluak.

Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren aurkako arrazoiak azalduz, honako oinarri hauek erabiltzen ditu: EHPLren 12.2 xedapen gehigarria; EHPL indarrean jarri zenetik burututako ohitura; eta haren eduki arau-emailea interpretatzeko osagaiak, besteak beste, zioen azalpena edo hura onetsi aurretik Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaidak. Foru-lurraldeak gaineratzen du arazoa legezkotasun hutsari dagokiola, eta, ondorenez, ez dela gatazka onartu behar. Hori egin ezean, foru-lurraldeak Ebazpen Batzorde honi eskatzen dio aipatu ebazpena eskumen-banaketarekin bat datorrela adieraz dezala.

Bigarrena.– Lehenengo eta behin, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka eragin zuela, eta, bere garaian, horren izapidea onartu zela. Hori guztia dela eta, ezin da orain esan, foru-lurraldeak hala badio ere, edukiari buruzko arazoa gertatzen denik, lege-aurkakotasun hutsari dagokionez behinik behin. Alde batera utzi behar da alegazioa auzibideetarako administrazio-jurisdikzioan aurkeztu ahal izatea, eta, horren ondorioz, langile interesdunek prozesuan parte eta esku hartzea. Hori alboratuta, hemen eskumen-arazo hutsa gertatzen da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nor den gai zehatz horren gaineko eskumenaren titularra. Gure kasuan, eskumen-banaketa ondorioztatzen dute Autonomia Estatutuak, LHL deiturikoak eta EHPL izenekoak ere. Hortaz, arazoa bete-betean sartzen da EBLren 1 eta 2. artikuluek aipatu kasuen artean. Arean ere, aurkatutako ebazpena Arabako Foru Aldundiak eman du, eta erabakigarri gertatzen da administrazio eskuduna zein den zehazteko. Zehatzago esateko, ebazpen horrek erabakitzen du zein diren Miñoi deituriko funtzionario publiko horien lan-baldintzak, haiek EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren mende jartzea onartu zutenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren araubide orokorraren mende jarri ordez.

Hirugarrena.– Aurreko horren ondorioz, eztabaidatutako arazoaren muinean jartzen gara. Arazo hori da, izatez, eskumenari buruzko estatutu juridikoa ezartzea, miñoiei edo Arabako foru-poliziei begira. Halakoak baziren izan EHPL indarrean jarri aurretik, eta, EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren eretzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan sartzeko unean, haietako batzuek erabaki zuten Ertzaintzaren baldintzak ez aukeratzea, gai zehatz batzuetan, hala nola, lan-saioaren urteko zenbaketari dagokionez, ordainsariei dagokienez eta gizarte-onurei dagokienez, halakoak aitortuta baitzituzten lehenagotik Arabako Foru Aldundian.

Hortik atera daiteke miñoien egoera juridikoa bikoitza dela. Lehenengo eta behin, batzuek erabaki zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren araubidea onartzea; horrela, euren araubide orokorrean, EHPL deiturikoa aplikatzen zaie, lege horren xedapenek, eta, bereziki, lege horren 24, 108, 109, 110 eta 111. artikuluek ondorioztatzen duten bezala. Araubide horren ezaugarriei helduta, kontuan izan behar da miñoi-talde hori atal bat dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren kidego bakarraren barruan (EHPLren 24. artikulua); talde hori Eusko Jaurlaritzaren gorengo agintearen mende dago, eta aginte hori Lehendakariaren bitartez gauzatzen da; haien gaineko gorengo burutza eta zuzendaritza, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari dagozkio (EHPLren 5. artikulua), eta Herrizaingo Saila da, era berean ere, lan-saioaren iraupena eta antolaketa, atsedenaldiak, ordutegiak eta jaiegunak ezartzen dituena (EHPLren 77.1 artikulua), horretarako aurretiaz sindikatuetako ordezkariekin negoziazioa eginez (EHPLren 103.3.f artikulua). Miñoi horien kasuan, gainera, haien egitura organikoa, lanpostuen zerrenda eta ataletako plantillak zehaztu aurretik, kontsulta egiten zaio Arabako Foru Aldundiari (EHPLren 108. artikulua). Haren eginkizunak lege-aginduz ezarrita daude (EHPLren 110. artikulua), eta kasuan kasuko foru-aldundiaren eskumen funtzionalaren mendekoak dira. Aldundiak ahalmen berezi batzuk ditu; ahalmen horietatik bat eztabaidapeko kasuari dagokio bereziki, alegia, "oporrak baimentzea" (EHPLren 110.b artikulua). Ildo bertsutik, kasuan kasuko foru-lurraldeko diputatu nagusiaren eskumenekoa da diziplina-espedienteak hasi, horien izapidetza egin, eta falta larri nahiz arinak ezartzea (EHPLren 111. artikulua).

Egoera hori duten miñoientzat, zalantzarik gabe, aplikagarria da, lan-saioaren urteko zenbaketa eta oporraldia modu substantiboan zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzari begira kasuan kasuko negoziazioan ezarritakoa (EHPLren 77.1 eta 103.3.f artikuluak). Edozein modutan ere, horrela oporrak finkatu ondoren, opor horiek izateko "baimen" zehatza kasuan kasuko foru-aldundiari dagokio; Arabako Foru Aldundia izango da eskudun, miñoien kasuan, EHPLren 110.b artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Beste miñoi batzuek, ordea, ez zuten egikaritu EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren aukera. Horregatik, euren egoera juridikoa, aurrekoari begira, desberdina da zenbait aldetan. Euren kasuan argitu beharreko lehenengo kontua da EHPLren 12.2 xedapen gehigarriak izaera estatikoa duen edo izaera dinamikoa. Horrekin batera argitu behar da zein den xedapen horren kokaera, arauen hierarkiaren barruan. Horrela jakin ahal izango da xedapenaren aplikazioak zer-nolako ondoreak dituen, miñoien egoera arautzen duten dekretuei begira, dekretu horiek ere eragina baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratzeko aukera hartu ez zuten miñoiengan.

Horretara, EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren izaera interpretatzeko, lehenengo eta behin, kontuan hartu behar da horren kokaera sistematikoa EHPL osoaren barruan. Kokaera hori gogoan izanda, ondorio gisa hauxe esan daiteke: miñoien araubide orokorrean aldarazpena gertatzen da, haietako batzuek ez zutelako hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratzeko aukera; bada, aldarazpen horren arau-oinarria behar bestekoa da, eta EHPLren 12.2 xedapen gehigarri horretan bertan dago, hura zein arauren osagai izan eta arau horren izaera berbera duelako. Gainera, eskumenaren gaiaz denaz bezainbatean, gogorarazi behar da Ebazpen Batzorde honek 2005. urteko otsailaren 8ko erabakian adierazitakoa. Horren eretzean, halakoa behar adinako abiaburua izan daiteke, poliziaren arloan eskumena eratxikitzeko. Kasu honetan, halaxe gertatu da, EHPL deiturikoak moldatu egiten duelako LHL izenekoak eskumen-banaketari buruz egindako eskema, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan polizia-eskumenak jorratzeko orduan.

Bestalde ere, onartzeko modukoa da honako tesi hau: EHPLren 12.2 xedapen gehigarriak izaera dinamikoa du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia edo Ertzaintza osorako baldintzak onetsi zirenean, miñoi batzuek ez zituzten baldintza horiek aukeratu. Nolanahi den ere, ordu arte miñoi horiei aplikatzen zitzaien legeriak, zenbait arlotan, bere eragingarritasunari eutsi dio. Arlo horiek aldakorrak ziren, eta halakoak dira egun ere; ondorenez, euren zehaztapena aldakorra izan behar da, inguruabar pertsonalak eta zerbitzuaren gaineko inguruabarrak aintzakotzat hartuta. Aldian-aldian egokitu edo moldatu beharrekoak dira, besteak beste, "gizarte-aurreikuspenaren araubidea", lan-saioaren urteko zenbaketa, ordainsariak eta gizarte-onurak; egokitzapen hori burutzeko, unean uneko erabakiak hartu behar dira, eta erabaki horiek gida-lerroak izango dira Arabako Foru Aldundiko funtzionarioentzat. Aitortutako "hirurtekoak eta antzinatasuna" ere nahitaezko parametroak dira, aurrekoa zehazteko orduan.

EHPLren 12.2 xedapen gehigarriak berak, gainera, interpretazio-osagai garrantzitsua ematen digu bide horretatik. Izan ere, xedapen gehigarri horren arabera, "aipatu funtzionariek bete ahal izango dituzte, hala balegokio, Arabako Foru Aldundiko lanpostuak, erakunde honek zehaztuko dituen kasu eta baldintzetan". Beste hitz batzuekin esanda, xedapenak bereizi egiten ditu miñoi horiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratzea aukeratu dutenak, eta, hori egitean, haien egoera parekatzen du Arabako Foru Aldundiko langileen egoerarekin.

Bosgarrena.– Gauzak horrela ikusita, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren barruan integratzea aukeratu ez duten miñoiak ez daude erabaki horien hirugarren oinarrian jasotako zehaztapen guztien mende, baizik eta horietatik batzuen mende. Egin-eginean ere, EHPLren 12.2 xedapen gehigarriari helduta, hori 1992. urtean indarrean jartzeaz geroztik, miñoi horiek euren jatorrizko gizarte-aurreikuspenaren araubideari eusten diote; eusten diete, berebat, lehendik aitortutako hirurtekoei eta antzinatasunari; euren destinoa ere Arabako Foru Aldundiko Miñoien atalean egongo da; lan-saioaren urteko zenbaketa, ordainsariak eta gizarte-onurak ere aldundi horrek aitortutakoak izango dira; eta, gainera, foru-erakunde horretan lanpostuak bete ahal izango dituzte.

EHPLren 12.2 xedapen gehigarriaren testua, izatez, hauxe da::

"Gaur egungo Arabako Miñoien kidegoetakoak diren funtzionariek oso-osoan mantenduko dute jatorrian zuten gizarte-aurrerazaintzaren araubidea, baldin eta Lege honetan Ertzaintzaren funtzionarientzat ezarritakoaren menpe geratzea aukeratzen ez badute; orobat, kasua balitz, aitortuak dituzten hirurtekoak eta antzinatasuna; halaber Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sailean duten destinoa ere, Euskal Herriko Polizia Kidegoetan beste destino batzu betetzeko duten eskubidea baldintzatu edo kaltetu gabe.

Era berean mantenduko dituzte Arabako Foru Aldundian aitortuak zituzten urteko lanorduen kopurua, lansariak eta gizarte-onurak, baldin eta kontu guzti horietarako Ertzaintzarentzat erabakirikora lotzea aukeratzen ez badute. Aukera hori behin bakarrik erabiliko da eta behin betikoa izango da.

Aipatu funtzionariek bete ahal izango dituzte, hala balegokio, Arabako Foru Aldundiko lanpostuak, erakunde honek zehaztuko dituen kasu eta baldintzetan".

Egoera hori, beraz, etorkizunari begira ezartzen da, EHPLren zioen azalpenak berak ezartzen duen bezala. Orobat ezartzen du Konstituzio Auzitegiak 1993. urteko maiatzaren 6an emandako 159/1993 epaian. Zehatzago esateko, epai horren zortzigarren oinarri juridikoak jarraikoa adierazten du: "Bukatzeko, ataletako funtzionarioen estatutu-araubideaz denaz bezainbatean, egia da funtzionario horiek Ertzaintzaren eskala eta kategorietan integratu behar direla, EHPLren hamabigarren xedapen gehigarriaren arabera eta lege-testu horrek ezartzen duen berme-sistemarekin bat etorriz. Eskala eta kategoria horiek EHPL horretan bertan dute euren iturburua. Baina hori, beste behin ere, erabaki zilegi baten zentzuzko ondorioa besterik ez da. Erabaki horren eretzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia, sortzez, kidego bakarra da". Horregatik, EHPLren 103.3.f artikuluak lan-saioa, lan-egutegia eta oporren araubidea zehazteaz hitz egiten duenean, horiek ez daude zehaztuta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenean, baizik eta EHPLren 12.2 xedapen gehigarriak ondorioztatzen duen horretan. Hori aintzat hartuta, Arabako Foru Aldundiaren esparruan finkatutako lan-baldintzak aplikatu behar dira; baldintza horiek, lan-saioa zehazteko orduan, irizpide zehatz batzuk ezartzen dituzte, eta irizpide horiek ez datoz bat Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziarentzat edo Ertzaintzarentzat ezarritakoekin. Irizpideon artean, aipatzekoa da, kasurako, lan-egunak antzinatasunaren arabera zenbatzea. Irizpide horrek indarrean dirau, eta hala dago aitortuta, aipatu xedapen gehigarriak nahitaezko igorpena egiten baitio Arabako Foru Aldundian aplikagarria denari.

Amaitzeko, aurkatutako ebazpenak oporrak "baimendu" besterik ez du egiten. Jarduera horrek betearazi egiten du aurretiaz finkatutako araubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan ez integratzeko erabakia hartu zuten miñoien kasuan, betiere Arabako Foru Aldundiaren esparruan. Halako miñoiek esparru horri eusten diote, integrazio-aukera ez egikaritzearen ondorioz. Esparru hori da, hain zuzen ere, azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenak ezartzen duena, alegia, gatazkapeko ebazpenak ezartzen duena.

Labur-zurrean, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen horren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena ematen zaie, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratuta egonik, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian. Alabaina, ez da bidezkoa eskumen-gatazka positibo horri oniritzia ematea.

EPAITZA

Azaldutakoa aintzakotzat hartuta, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak hauxe

EBATZI DU:

Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa eragin du, 2005. urteko azaroaren 14ko 1700/2005 Ebazpenaren aurka. Ebazpen hori Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Idazkaritza Teknikoko zuzendariak eman zuen, eta, haren bitartez, Miñoien Ataleko kideei oporraldia izateko baimena ematen zaie, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren edo Ertzaintzaren barruan integratuta egonik, euren lan-baldintzak zehazteko orduan, Euskal Herriko Poliziaren Legeko xedapen gehigarrietatik hamabigarrenaren 2. zenbakia aplikatzen zaien neurrian. Ebazpen Batzorde honek gaitziritzia ematen dio gatazka positibo horri, eta eztabaidatutako eskumena Arabako Foru Aldundiari dagokiola adierazten du.

Ebazpen hau alderdiei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Hala erabaki dute batzordekideek, eta izenpetu ere; eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala