Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6456

419/2005 DEKRETUA, abenduaren 20koa, berariazko lanbide heziketako teknikari eta goi mailako teknikari tituluak ateratzeko probak arautzen dituen dekretua aldatzen duena.

Apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuak Berariazko Lanbide Heziketako Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak ateratzeko probak arautu ditu, eta 7. artikuluan azaldu du Berariazko Lanbide Heziketako Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak Gaitasuna Ebaluatu eta Aitortzeko Sistemaren bidez ateratzeko probak egiteko modua.

Prozedura pertsonalizatu eta malguak ezarri ditu sistema horrek, helduei erraztearren euren lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak kapitalizatzeko aukera, Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak osatzen dituzten moduluak gainditze aldera, eta baita horiei lotutako lanbide-gaitasuna aitortzeko ere.

Aipatu 7. artikulu horren 2. eta 3. paragrafoetan, berriz, Gaitasuna Ebaluatu eta Aitortzeko Sistemaren bidezko probak egingo diren lanbide-alorrak eta heziketa-zikloak aipatzen dira, baita ondorio horretarako matrikula zein ikastetxetan egin daitekeen ere.

Sistema hori 2004ko urrian abiarazi zen; harrezkero egindako bi deialdietan hartutako esperientzia gogoan, eta 70/2004 Dekretuak aurrez ikusitako alorrez bestelakoetako langileen aldetik ere gero eta eskari handiagoa dagoela ikusita, bidezko da prozedura malgu bat ezartzea, bai I. eranskinean azaldutako lanbide-alorrak eta heziketa-zikloak, bai II. eranskinean ageri diren matrikulazio-zentroak arian-arian gehituz joateko.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorrita, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposamena egin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko abenduaren 20an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Honela geratuko da idatzita Berariazko Lanbide Heziketako Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak ateratzeko probak arautu dituen apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuaren 7. artikuluaren 3. paragrafoa:

«3.– Sistema honen bidezko probak egiteko matrikulazioa eta inskripzioa martxoaren eta urriaren 1aren eta 15aren bitartean egingo dira. Matrikulatu eta probak egin bitarteko aldia ez da lau hilabete baino gehiago izango. Matrikulazioa, halaber, Lanbide Heziketako zuzendariaren Ebazpen batek zehaztutako ikastetxe publikoetan egingo da.»

Bigarren artikulua.– Derogatu egiten da apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuaren II. eranskina.

XEDAPEN GEHIGARRIA

70/2004 Dekretuaren 7. artikuluak aurreikusi duen prozedura pertsonalizatu eta malgua arian-arian ezartze aldera, eskumena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindu bidez egokitu dezan aipatu Dekretuaren I. eranskina ekoizpen-sistemaren eskarietara.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko abenduaren 20an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala