Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2005eko apirilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1997

876/2005 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetzako zuzendari nagusiarena, Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei deitzen diena 2005-2006 ikasturteko euskera ikastaroetara.

Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta bai garatzen duten dekretuak ere: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua.

Hori dela eta, hau

EBATZI DUGU:

Artikulu bakarra.– Osakidetzako langileen 2005-2006 ikasturteko hizkuntza gaikuntzarako ikastaro deialdia onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 29a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.

Osakidetzako zuzendari nagusia,

JOSU I. GARAY IBAÑEZ DE ELEJALDE.

I. ERANSKINA
2005-2006 IKASTURTEAN HIZKUNTZAZ GAITZEKO IKASTAROETARAKO DEIA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileen euskarazko hizkuntza gaikuntza bultzatzea.

Bigarrena.– Norentzat.

Deialdi hau Osakidetzako langileei zuzentzen zaie, lan-baldintzak dekretu biok araututa dauzkatenei hain zuzen: Osakidetzako Langileen Lan-baldintzak Arautzeko Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren Erakunde Autonomoetako Langileen Lan-baldintzak Arautzeko Dekretuak.

Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek aplikatu dituzte Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Jarraibideen bidez ezarriko dituen irizpideak.

Onespena jaso duten eskarien ondorioz, ordezko langileak kontratatu beharra dagoenean, kontratatu beharreko langileen kopurua zerbitzu-erakunde bakoitzari helburu horretarako aurretik ezarritako aurrekontuaren araberakoa izango da.

Hirugarrena.– 2005-2006 ikasturteko deialdiak:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak bi deialdi kaleratuko dituzte ikastaroak eskaintzeko.

Oraingoan kaleratzen dena 2005-2006 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

Datorren azaroan bigarren deialdia kaleratuko da, oraingo honen osagarria, zentroetara garaiz bidaliko den barne-jarraibideen bidez, 2005-2006 ikasturteko bigarren lauhilabeteko eskaintza egiteko.

Azaroko deialdian modulu aldaketak onartuko dira soilik, ikastaro trinkoetatik bi edo hiru ordukoetara edo alderantziz.

Bigarren deialdian ez da ikasle berririk onartuko bi eta hiru orduko moduluetan.

2005-2006 ikasturteko deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eranskinean daude jasota. Deialdiko ikastaro mota guztiak, berriz, hauek dira:

Deialdi honetan lanorduetan egiteko dira:

Lanorduetako ikastaroak:

– 5 orduko ikastaro trinkoak.

– Barnetegia.

– Egunero, 2 edo 3 orduko ikastaroak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren Erakunde Autonomoetako Langileen lan-baldintzak arautzeko Dekretuaren aplikazio eremuko langileentzat bakarrik).

– 4HE lortzeko prestakuntza ikastaroak. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak horretarako emango duen Ebazpenean ezarritakoaren arabera.

Lanorduz kanpoko ikastaroak. Hasiera batean behintzat, deialdi honetan ez da sartzen EGAtik gorako edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan EGAren baliokide diren agirietatik gorako ikastarorik.

Ordenadore bidezko autoikaskuntza ikastaroak.

Bi eta hiru orduko ikastaroak ikasturte osorako izango dira, hau da, urritik ekainera. Bost orduko moduluak eta barnetegiak, berriz, lehenengo deialdian, urritik otsailera izango dira eta, bigarren deialdian, otsailetik ekainera.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroen eskaintza.

Ikastaro hauek, lanorduetan ikasteko aukera ematen duen prestakuntza plan indibidualizatua duten langileentzat dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango Osakidetzak atentzioa elebietan emateko kasuan-kasuan dituen lehentasunen arabera erabakiak har ditzan.

Osakidetzako Langileen Lan-baldintzak Arautzeko Dekretuaren aplikazio eremuko langileek barnetegia eta ikastaro trinkoak eska ditzakete. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren Erakunde Autonomoetako Langileen lan-baldintzak arautzen dituen Dekretuaren aplikazio eremuko langileek, aurrekoez gainera, ordu biko eta hiru orduko ikastaroak ere eska ditzakete (II. eranskina).

Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek barnetegira joateko edo ikastaro trinkoetan parte hartzeko emandako baimenak lauhilabete osorako dira.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ahalmena du egoki iritzitako egokitzapenak egiteko.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak egiteko eskaerak.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren Jarraibideetan ezarritako lehentasunen eta irizpideen arabera, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Eskabideak egiteko bideak bi dira:

a) Paperezko eskabideak. Eskabideak giza baliabideetako zuzendaritzen aurkeztu beharko dira eta behar bezala erregistratuta egon beharko dute. Inprimakiak eskura egongo dira zerbitzu-erakundeetako giza baliabideetako zuzendaritzetan, baita ondorengo helbide elektronikoetan ere: http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara).

b) Eskabide telematikoak: Norberaren ordenadoretik bete ahal izango dira. Horretarako, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ezarritako helbide hauetara jo beharko da: http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara). Ordenadore bidez egindako eskabideak giza baliabideetako zuzendaritzek gestionatuko dituzte horretarako dagoen aplikazio informatikoan.

Eskainitako ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek eskabidea bete eta zerbitzu-erakundeko zuzendaritzan aurkeztu beharko dute 2005eko maiatzaren 13rako, zuzendaritza horrek aurkeztu zaizkion eskaerak onartu ala ez erabaki dezan.

Zentroko zuzendaritzak jasotako eskaera bakoitzari buruzko txostena egin beharko du, eta onartutako eskaerak eta ukatutakoak Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara bidali. Zerbitzu-erakundeek eskabideak Giza Baliabideetako Zuzendaritzak ezarritako prestakuntza moduluan grabatu beharko dituzte.

Langileek ikastaro mota bakarra eska dezakete.

Onartutako eskaerek eta ukatutakoek Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzan egon beharko dute 2005eko maiatzaren 20rako.

Giza Baliabideetako Zuzendaritzak egoki iritzitako egokitzapenak egingo ditu eta behin betiko zerrenda bidaliko dio HAEEri 2005eko ekainaren 3a baino lehen.

Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.

Giza Baliabideetako Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabileraren normalizazioaren prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

6.1.– Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

Kasuan kasuko zerbitzu-erakundeko zuzendaritzaren betebeharra da eskaerei emandako onespenaren edo ukapenaren berri eskatzaileei beraiei ematea. Jakinarazpen hori epe jakin baten barruan egin beharko dute, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak HAEEri eskabide onartuak helarazteko duen epea amaitu aurretik hain zuzen (2005eko ekainaren 3a). Ukapenaren kasuan arrazoia espresuki adierazi beharko dute. Halaber, onartutakoen eta ukatutakoen zerrenda argitaratuko dute zerbitzu-erakundearen iragarki oholetan.

6.2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egoki iritzitako kasuetan, mailaketa proba egitera dei diezaioke eskatzaileari, haren euskara-ezagutza maila neurtzeko. Deitutako langileren bat jarritako egun eta orduan mailaketa frogara agertzen ez bada, aukera galduko du aukeratua izan den ikastaroa egiteko.

Salbuespenez, HAEEk erabaki dezake aurkeztu ez den langile bati frogara berriro deitzea, interesatuak aurreko mailaketa frogara aurkeztu ez izana justifikatzen badu froga egin denetik bi egun igaro aurretik, Giza Baliabideetako Zuzendaritzara bidalitako jakinarazpen arrazoitu baten bidez. HAEEk bertan behera utziko du salbuespenezko dei honetara ere aurkezten ez den langilearen eskaera.

6.3.– Mailaketa probak egin ondoren taldeak osatuko ditu HAEEk. Taldeak osatzean ikasle bakoitzari bere pertsonaleko zuzendaritzak baimendutako modulua gordeko dio HAEEk, ahal den neurrian. Nolanahi ere, modulu edota ordutegi jakin batean taldea osatzeko behar adinako eskaerarik ez badago, HAEEk egoki iritzitako aldaketak proposatuko ditu.

Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, HAEEk Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

6.4.– HAEEk matrikula orria bidaliko du Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara Administrazioko talderik izango ez dutenentzat, honek langile bakoitzaren pertsonaleko zuzendaritzara helarazteko.

Matrikula orriaren bitartez interesatuak berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikulatu ahal izango da.

Langileak euskaltegiaren egutegira eta ordutegira moldatu behar du, egutegi eta ordutegi horiek HAEEk eskainitako ikastaroekin bat ez datozenean.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du aipatutako matrikula orria Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara, eta honek HAEEri helaraziko dio.

Langileak egin duen matrikula HAEEk ordainduko du, betiere ondorengo baldintzak betetzen badira:

1.– Matrikula orria garaiz entregatuta izatea: matrikula orria ikastaroa hasten denerako aurkeztuta egon behar da euskaltegian. 2005eko urriaren 21a baino beranduago entregatzen bada, HAEEk ez du matrikula ordainduko.

2.– Gutxieneko ordu kopurua betetzea: ikastaroak gutxienez 240 iraun behar du. Alfabetatzeko eta EGAko ikastaroetan, euren berezitasunengatik, HAEEk ordu gutxiagoko ikastaroak onartu ditzake.

3.– Ikastaroek gutxieneko iraupena errespetatzea: ikastaroak urritik ekainera iraun behar du. Barnetegiko ikastaroek eta 5 orduko ikastaro trinkoek lau hilabete iraun behar dute.

4.– Ikastaro homologatuak izatea: ikastaroa betiere HABEk homologatua izan behar da.

Baldintza hauek betetzen direla konprobatu ondoren, HAEEk langilearen matrikula onartu eta kostua ordainduko du.

HAEEk ez du ordainketarik egingo langileak egindako matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen. Kasu honetan, HAEEK ukapenaren berri emango dio langileari Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez.

Kontuan izan behar da, langileak matrikula orria euskaltegian eman badu, HAEEk matrikula ordaindu behar duela. Une horretatik aurrera, beraz, langilea matrikulatuta dago euskaltegian eta HAEEk ordaindu egin behar du langilearen matrikularen kostua.

Horregatik, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileen aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.

Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzen dute irizpideak ebazpen honen hamargarren oinarrian ezartzen dira.

6.5.– Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak besterik gabe ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

Era berean, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du, bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.

6.6.– Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek %100eko lansaria kobratuko dute.

Euskarako ikastaroetara joateak ez du ekarriko zerbitzuarengatiko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

Zazpigarrena.– Lanorduetako ikastaroetara joatea eta eskola uztea.

7.1.– Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualtasun-huts guztiak idatziz justifikatu behar dizkio lanean diharduen erakundeko zuzendaritzari. Edonola ere, Eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak ekar dezake ikaslea kanporatzea eta hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

7.2.– Eskolarik ez dagoen egunetan, euskarazko ikastaro trinkoetan edo barnetegian liberatuta dauden langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.

7.3.– Euskarazko ikastaroetara joateko baimena, hasiera batean, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izanik, era berean beraien ardura da baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.

Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzak aldez aurretik informatuko du Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritza.

Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek bere oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan.

7.4.– Euskara-ikastaroetan diharduten ikaslek gutxieneko asistentzia beharko dute. Horregatik, arau orokor modura honako neurri hau ezartzen da: ikasleek gutxienez %80ko asistentzia izan beharko dute ikastaroan. Ondorioz, ikaslearen hutsegiteen akumulatua ikastaro osoaren %20a baino gehiago bada, HAEEk, Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzarekin adostu ondoren, baja eman ahal izango dio ikasleari ikastaroan.

Huts egindako orduen %20ak ordu-kopuru desberdinak eman ditzake toki eta egutegiaren arabera. Halere, erreferentzia gisa, honako kopuru hauek eman daitezke administrazio taldeetan diharduten ikasleei dagokienez:

– Astean 25 orduko ikastaroak: urritik ekainera, guztira, 850 eskola-ordu emango dira, eta ikasleen hutsegiteak ezingo dira 170 eskola-ordu baino gehiago izan.

– Astean 10 eskola-orduko ikastaroak: urritik ekainera, guztira, 296 eskola-ordu emango dira, eta ikasleen hutsegiteak ezingo dira 60 eskola-ordu baino gehiago izan.

– Astean 8 eskola-orduko ikastaroak: urritik ekainera, guztira, 240 eskola-ordu emango dira, eta ikasleen hutsegiteak ezingo dira 48 eskola-ordu baino gehiago izan.

Edozein kasutan ere, neurri hau berdin aplikatuko zaie administrazioko langilez osatutako taldeetan diharduten ikasleei zein matrikula orria jaso dutenei, bakoitzari bere ikastaro osoan emango diren eskola-ordu zehatzen arabera.

7.5.– Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio HAEEk ez du onartuko urriaren 21a bano beranduago hasterik eskolan.

Urriaren 21a iragan ondoren, HAEEk bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Aurreko atalean, 7.4 zenbakian, ezarritako asistentziaren %20aren ondorioei dagokienez, ikastaroaren hasiera-egunetik bertatik zenbatuko dira eskola-hutsegiteak, nahiz eta ikaslea beranduago hasi ikastaroan.

7.6.– Bakar-bakarrik gaixotasunak eragindako bajagatik eskolan hasi ez diren langileei onartuko die HAEEk beranduago hastea. Horretarako baldintza hauek bete beharko dira:

a) HAEEk aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko gaixotasunagatik. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara, honek HAEEra helaraz dezan. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasteko eskaera: Gaixotasuna bukatu ondoren eskolan hasi ahal izateko, aldez aurretik Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzak eskolatzeko eskatu beharko dio HAEEri idatziz. Eskaera horretan gaixotasun-baja justifikatzen duen agiria edo agiriak erantsi beharko dira.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea, hau da, ikastaro osoko eskola-orduen %20 (erreferentzia gisa, 7.4. puntuan adierazitako ordu kopuru berak har daitezke).

Kasu horretan, HAEE saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Gaixotasunagatik ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira 7.4 puntuan ezarritako ondorioetarako.

7.7.– Eskolan hasi ondoren langileak ikastaroa behin betikoz utziz gero, horren berri eman beharko dio euskaltegiari eta Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzari. Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak horren berri emango dio HAEEri.

Horretarako, “Jakinarazpena: euskarazko eskolara joateari uztea” izeneko inprimakia bete eta, bere giza baliabideetako zuzendariaren oniritzia duela, bidali beharko du Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara.

Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako giza baliabideetako zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta honako helbide elektroniko hauetan ere:

http://www.ivap.euskadi.net (Euskara ikastaroak > imprimakiak).

http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara).

Zortzigarrena.– Autoikaskuntza.

Autoikaskuntza ikastaroak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak bakarrik hartuko ditu bere gain. Horretarako jarraibideak emango ditu ikastaroetan parte hartzeko baldintzak eta aprobetxamendua ezartzeko.

Orokortasunez, lehentasunez, deialdi hau atentzio espezializatuko unitateetan zerbitzua ematen duten langile sanitario fakultatiboarentzat eta diplomatu sanitarioentzat da, betiere derrigortasun-data ezarrita badute. Halaber, lehentasunezkotzat har daitezke ordezkatzeko zailak diren lehen mailako atentzioko pediatrak.

Bederatzigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen araubidea.

9.1.– Ikastaro hauek langile finkoentzat, bitartekoentzat eta aldi baterako kontratatuentzat dira, baina azkenekoen kasuan, baldin eta aurreko ekitaldi administratiboan guztira sei hilabetetik gora lan egin badute Osakidetzan eta aurreikus badaiteke ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla.

9.2.– Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek eskabidea bete eta zerbitzu-erakundeko zuzendaritzan aurkeztu beharko dute 2005eko ekainaren 17rako, zuzendaritzak eskaerak onartu ala ez erabaki dezan.

Onartutako eskaerek eta ukatutakoek Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzan egon beharko dute ekainaren 24rako. Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio HAEEri uztailaren 8a baino lehen. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek informatuko ditu haien eskabidea onartu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki emango die interesatuei. Zerbitzu-erakundeek epe batean informatuko dituzte interesatuak, hain justu ere onartutakoen zerrenda Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara bidali baino lehen.

Ikastaro hauek 2005-2006 ikasturte osorako dira; beraz, bigarren lauhilabetean ez da onartuko ikasle berririk. Aurreko lauhilabetekoan ikastaro trinkoa edo barnetegia egin dutenak ez dira ikasle berritzat hartuko.

9.3.– Ikastaroa euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean egiteko da eta urritik ekainera bitartekoa izan behar da. Gutxienez 150 orduko iraupena izan behar du. Alfabetatzeko eta EGAko ikastaroetan, beraien berezitasunengatik, ordu gutxiagoko ikastaroak onar ditzake HAEEk. Era berean, kontuan hartuta Osakidetzako langile askoren lanaldiaren zertzeladak, bestelako erritmorik ere onar liteke, betiere HABEk eta HAEEk onartzen badituzte.

Ikastaroak, betiere, HABEk homologatuak izan beharko dira. HAEEk ez du autoikaskuntzarako matrikula orririk ordainduko.

9.4.– Eskabideak egiteko bideak bi dira:

a) Paperezko eskabideak. Eskabideak giza baliabideetako zuzendaritzen aurkeztu beharko dira eta behar bezala erregistratuta egon beharko dute. Inprimakiak eskura egongo dira zerbitzu-erakundeetako giza baliabideetako zuzendaritzetan, baita ondorengo helbide elektronikoetan ere: http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara).

b) Eskabide telematikoak: Norberaren ordenadoretik bete ahal izango dira. Horretarako, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ezarritako helbide hauetara jo beharko da: http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara). Ordenadore bidez egindako eskabideak giza baliabideetako zuzendaritzek gestionatuko dituzte horretarako dagoen aplikazio informatikoan.

9.5.– Behin HAEEk eskaera onartuz gero, Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara bidaliko du matrikula orria, eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraz diezaion.

Langileak egin duen matrikula HAEEk ordainduko du, betiere ondorengo baldintzak betetzen badira:

1- Matrikula orria garaiz entregatuta izatea: matrikula orria euskaltegian aurkeztuta egon behar da ikastaroa hasten denerako. 2005eko urriaren 21a baino beranduago entregatzen bada HAEEk ez du matrikula ordainduko.

2- Aurreko 9.3. oinarrian ezartzen diren ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Baldintza hauek betetzen direla konprobatu ondoren, HAEEk langilearen matrikula onartu eta kostua ordainduko du.

HAEEk ez du ordainketarik egingo langileak egindako matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen. Kasu honetan, HAEEK ukapenaren berri emango dio langileari Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez.

Kontuan izan behar da, langileak matrikula orria euskaltegian eman badu, HAEEk matrikula ordaindu behar duela. Une horretatik aurrera, beraz, langilea matrikulatuta dago euskaltegian eta HAEEk ordaindu egin behar du langilearen matrikularen kostua.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du aipatutako matrikula orria Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara, eta honek HAEEri helaraziko dio.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio HAEEk ez du onartuko urriaren 21a baino beranduago hasterik eskolan.

Urriaren 21a iragan ondoren, HAEEk bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

9.6.– Bakar-bakarrik gaixotasunak eragindako bajagatik eskolan hasi ez diren langileei onartuko die HAEEk beranduago hastea. Horretarako baldintza hauek bete beharko dira:

a) HAEEk aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko gaixotasunagatik. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideetako Zuzendaritzara, honek HAEEri helaraz diezaion. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasteko eskaera: Gaixotasuna bukatu ondoren eskolan hasi ahal izateko, aldez aurretik Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzak eskolatzeko eskatu beharko dio HAEEri idatziz. Eskaera horretan gaixotasun-baja justifikatzen duen agiria edo agiriak erantsi beharko dira.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea, hau da, ikastaro osoko eskola-orduen %20.

Kasu horretan, HAEE saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Gaixotasunagatik ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira 10.2. puntuan ezarritako ondorioetarako.

9.7.– Bederatzigarren oinarrian ezarritako gutxieneko aprobetxamendua lortzen ez duen langileari HAEEk ez dio lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko 2005-2006 deialdiaren ondorengoetan, harik eta langileak bere kabuz oinarri horretan ezarritako gutxieneko aprobetxamendua lortu arte.

9.8.– Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uztea erabakitzen badu, horren berri eman beharko dio euskaltegiari eta Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzari eta honek horren berri emango dio HAEEri. Horretarako, “Jakinarazpena: euskarazko eskolara joateari uztea” izeneko inprimakia bete eta bidali behar dio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzari.

Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta honako helbide elektroniko hauetan ere:

http://www.ivap.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Euskara ikastaroak > imprimakiak).

http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara) eta http://www.osanet.euskadi.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Profesionalak > Euskara).

Hamargarrena.– Lanorduetako nahiz lanorduz kanpoko ikastaroen aprobetxamendua.

10.1.– Langileak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak nahiz euskaltegiak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazioak egiteko konpromisoa hartzen du.

10.2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aprobetxamendua nahikotzat jotzen du ondoko egoeretariko bat gertatzen bada:

1.– Ikasleak, ikasturte osoko orduak kontuan hartuta, gutxienez %80ko asistentzia izatea.

2.– Asistentzia %80 baino gutxiago bada ere, ikasleak ikasturtean egin beharreko ebaluazioen erdia baino gehiago gainditzea. Kasuotan honakoa eskatzen da:

– Ebaluazio bakarreko ikasturtean, ebaluazio hori gainditzea.

– Bi ebaluazioko ikasturtean, biak gainditzea.

– Hiru ebaluazioko ikasturte/lauhilabetean, gutxienez bi ebaluazio gainditzea.

– Lau ebaluazioko ikasturte/lauhilabetean, gutxienez hiru ebaluazio gainditzea.

10.3.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikasturtearen bukaeran Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzara bidali ohi duen txostenean agertzen dira datuok.

Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa.

Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea. Hori dela eta, HAEEk lanorduetan nahiz lanorduz kanpo euskera ikasten ari diren ikasleen datu pertsonalak jasoko ditu. Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua.

Era berean, onartu egiten dute datuak jasotzea eta tratatzea, asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioari dagokionez eta euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez, eta lagatzea erakunde eskudunei (Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari –HAEE- eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari-HABE-. Hori guztia ebaluazio-txostena egiteko; txosten horrek bere baitan hartuko ditu gutxieneko helburuen eta lehentasunen betetze maila, hizkuntzaren aldetik gaitzeko prozesuak, eta hizkuntz eskakizunen egiaztatze gradua (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko prozesua arautzeari buruzkoa, 1.3. artikulua).

Ikasleei buruzko informazioa Datuak Babesteko Espainiako Agentzia izenekoan erregistratutako HAEEren “Funtzionarioak euskalduntzea” eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren “Registro del personal de Osakidetza-SVS” izeneko fitxategietan egongo dira. Ikasleek Fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero. Horretarako, “Funtzionarioak euskalduntzea” izeneko fitxategiaren kasuan, HAEEko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastian kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. “Registro del personal de Osakidetza-SVS” izeneko fitxategiaren kasuan Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea 45, 01006, Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTARO-ESKAINTZA

1.– Barnetegia.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroei egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daiteke.

HAEEk bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek beti ere lauhileko iraupena dute, lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa izango da:

Urriak 3 - otsailak 10 (hiru ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

Abenduaren 26tik 30era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

HAEEk bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

3.– Bi eta hiru orduko ikastaroak.

Gainera, ondoko ikastaro hauek eskaintzen zaizkie lan-baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren Erakunde Autonomoetako Langileen Lan-baldintzak Arautzen dituen 74/2001 Dekretuak, maiatzaren 2koak, araututa dauzkaten Osakidetzako langileei:

3.1.– Hiru orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.

Orduak:

Bilbo, Donostia eta Gasteiz: 8:00-11:00

Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

Egutegia: irailak 14 - ekainak 9 (lau ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5a artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango apirilaren 10etik 21a bitartekoak, biak barne.

Laugarren urratsetik gorako taldeek astebeteko ikastaro trinkoa (egunean 5 ordukoa) burutuko ahalko dute, horretarako dauden baliabideen arabera.

Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala HAEEk Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzari bidaliko dio eragindako langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezan. Langileren batek joaterik ez badauka ezin joana aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.

Talderen batek egunean 5 orduko ikastaroa egin ordez astebeteko barnetegialdia egitea eskatzen badu, HAEE ahaleginduko da aukera hori bideratzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da taldeko ikasle guztiak joatea barnetegira.

3.2.– Ordu biko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.

Orduak:

Bilbo eta Donostia: 8:00-10:00 / 15:30-17:30

Gasteiz: 8:00-10:00 / 14:40-16:40

Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

Egutegia:

a) Goizez: urriak 3 – ekainak 2 (bi ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

b) Arratsaldez: urriak 3 – ekainak 1 (bi ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5a artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango apirilaren 10etik 21a artekoak, biak barne.

Arratsaldeko eskolak astelehenetik ostegunera bitartekoak dira Administrazioko taldeetan.

Laugarren urratsetik gorako taldeek astebeteko ikastaro trinkoa (egunean 5 ordu) burutu ahalko dute, horretarako dauden baliabideen arabera.

Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala HAEEk Giza Baliabideetako Dibisioaren Zuzendaritzari bidaliko dio eragindako langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezan. Langileren batek joaterik ez badauka ezin joana aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.

Talderen batek egunean 5 orduko ikastaroa egin ordez astebeteko barnetegialdia egitea eskatzen badu,m HAEE ahaleginduko da aukera hori bideratzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da taldeko ikasle guztiak joatea barnetegira.

EUSKERA IKASTAROETAKO ESKABIDEA
SOLICITUD PARA CURSOS DE EUSKERA
2005-2006ko DEIALDIA:
CONVOCATORIA 2005-2006:

Lehenengo lauhilabetekoa

Primer cuatrimestre

LANORDUETAN / EN HORARIO LABORAL

(Ikus .PDF)

EUSKARA IKASTAROETAKO ESKABIDEA
SOLICITUD PARA CURSOS DE EUSKERA
2005-2006ko DEIALDIA:
CONVOCATORIA 2005-2006
LANORDUZ KANPO / FUERA DEL HORARIO LABORAL

(Ikus .PDF)

EUSKARA IKASTAROETAKO ESKABIDEA
SOLICITUD PARA CURSOS DE EUSKERA
2005-2006ko DEIALDIA:
CONVOCATORIA 2005-2006

2 -3 ORDU 2 –3 ORDU HORAS

LANORDUETAKO IKASTAROAK / CURSOS DENTRO DEL HORARIO LABORAL

IMPRIMAKI HAU LAKUAKO KONBENIOKOENTZAT/IMPRESO PARA EL CONVENIO LAKUA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala