Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2002ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
3119

107/2002 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, «Altzoko Irakaskuntza Ekipamendu Komunitariorako Sistema Orokorraren esparru berriaren» eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak Altzoko Udalak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adierazten duena.

Altzoko Udalaren 2002ko urtarrilaren 17ko Osoko Bilkuraren Erabaki bidez, «Altzoko Irakaskuntza Ekipamendu Komunitariorako Sistema Orokorraren esparru berriaren» eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Ondoren, 2002ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Altzoko Udalak Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekotzat adieraz ditzan eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banan-banan jarrita eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan. Zerrenda horretan ondasunak eta eskubideak zein diren jakiteko behar besteko datu biltzen dira. Zerrenda jendaurrean jarri zen zegokion garaian, arrazoibide-idazki batzuk aurkeztu zitzaizkion eta administrazio-espedientean zehazten denaren arabera ebatzi ziren.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Teknikoek proposatutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden hirigintza-arloko legeak bat datozela egiaztatu dute eta aldeko iritzia eman dute.

Eskubide eta ondasun hauek lehenbailehen okupatzea atzeraezina da, ondoko arrazoi hauengatik:

“Imaz Bertsolaria Eskola» 1998-1999 ikasturtean abiarazi zuten, zortzi urtez itxita egon ondoren. Gaur egun, ikastetxe horrek hogeita lau ikasle eta bi irakasle hartzen ditu eta Udaletxean bertan horretarako gaitutako lokaletan dago kokatuta, Altzon ez baitago eraikin independente bat ikastola gisa erabiltzeko. Arazo hori urtez urte areagotzen joan da, gero eta haur gehiago daudelako ikasgela berean. Beraz, ikastetxeko irakasleek oso egoera zailean zeudela ohartarazi zioten Udalari.

Azaldutako gertakariak kontuan izanda, Altzoko Udala ikastola berria eraikitzeko beharrezko kudeaketak egiten hasi zen. Ildo horretatik, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza bertan izan zen eta, egoera larriaz jabetuta, 2000ko abuztuan, Udalari ikastola eraikitzeko asmoa jakinarazi zion eta zabaldu ahal izango zen gutxienez 1.800 m2-ko lursaila eskuragarri izatea eskatu zion.

Horretarako, zenbait hautabide xehetasunez aztertu ondoren, Udalak 4.600 m2-ko lursaila aukeratu zuen, Altzo Muinon kokatutako pilotalekuaren inguruetan. Helburu horrekin, ondoko espediente hauek bideratu zituen: «Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketa, 11. BU eta 12. BU burutzapen-unitateei buruzkoa, Altzon Irakaskuntza Ekipamendu Komunitariorako Sistema Orokorraren esparru berria sortzeko» eta «Irakaskuntza Ekipamendu Komunitariorako Sistema Orokorrari buruzko Plan Bereziaren aldaketa». Bi espedienteak 2001eko abenduaren 4an behin betiko onartu ziren, eraginpeko lurrak kudeatzeko Plan Berezi horretan desjabetzearen jardun-sistema ezarrita.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Altzoko Ikastetxerako Proiektua egiten hasia da eta obrei ekin aurretik eraginpeko lursaila eskuragarri izan behar du.

Aurreikusitako helburuak betetzeko, plangintza lehenbailehen burutzea eskatu du, eta horrek eskuragarri ez dituen beharrezko lurrak berehala okupatzea dakar berekin.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla adieraztea, betiere desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko maiatzaren 14an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituta, «Altzoko Irakaskuntza Ekipamendu Komunitariorako Sistema Orokorraren esparru berria» garatzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banan-banan agertzen diren ondasunak eta eskubideak Altzoko Udalak, desjabetzearen ondorioetarako, lehenbailehen okupatu behar dituela adieraztea.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala