
48. zk., 1999ko martxoaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1210
9/1999 ERABAKIA, otsailaren 26koa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena, 1998ko abenduaren 22ko zirkularra Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitarateko dena. Banan-banako, enplegu eta elkartekideen modalitateetako BGAEek ekarpenak mugatzeko, prestazioak aintzatesteko eta metatutako erreserbak itzuli edo lekuz aldatzeko garaian bete beharreko arauak jakitera ematen ditu zirkularrak.
Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legearekin eta lege horren araudia onartu zuen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuarekin bat etorriz, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak 1998ko abenduaren 22ko zirkularra prestatu du. Zirkular hori erabaki honen bidez argitaratzen da.
Vitoria-Gasteiz, 1999ko otsailaren 26a.
Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,
LUIS MARÍA VALLE BOLINAGA.
1998ko abenduaren 22ko zirkularra, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendariarena, banan-banako, enplegu eta elkartekideen modalitateetako BGAEek ekarpenak mugatzeko, prestazioak aintzatesteko eta metatutako erreserbak itzuli edo lekuz aldatzeko garaian bete beharreko arauak jakitera ematen dituena.
Azken urteotan BGAEak izugarri hedatzen ari dira, bai beren aktiboen zenbatekoari dagokionez, bai sistema osagarri hauetara jotzen duten elkartekideen kopuruari dagokionez, eta hala, aurrezaintza-sektoreak Lan eta Gizarte Segurantzarako Zuzendaritza honi egiten dizkion kontsulta ugariei erantzuteko, arlo honetan dauden hutsuneak osatu nahi ditugu zirkular honen bidez, horretarako jarduketarako irizpideak bateratuz.
Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila da mota honetako erakundeen gaineko administrazio-kontrola duen tutoretza-organo nagusia eta urriaren 27ko 25/1983 Legeko IV. atalburuari jarraiki, Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Erakundeei buruzkoa, eta otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuko V. atalburuari jarraiki, BGAEei buruzko Legearen Araudia onartzen zuena, zirkular hau osatu dugu Euskal Herriko Borondatezko Gizarte Aurrezaintzako Erakundeen Federazioaren bidez, Euskal Herriko aurrezaintza sektorean diharduten erakundeekin eztabaidatu ondoren. BGAEen legezko eraketaz geroztik, borondatezko izaera askea zuten tresna osagarriak izan dira erakunde hauek Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan, eta beren azken helburua «aberas asmorik gabe, elkartekideak beren bizia, baliabideak edo jarduera arriskutan jar ditzaketen gorabeheretatik babestea» izan da.
Erakunde hauek derrigorrezko Gizarte Segurantzak osatzen duen aurrezaintza-sistemen esparrutik kanpo egituratzen dira eta oso eremu zabala hartzen dute, horren ondorioz, kasuismoa eta berariazkotasuna nagusitu direlarik.
Derrigorrezko sistemarekiko osagarritasuna bermatzea izan beharko luke legezko irudi hauen gaineko arauketaren oinarria. Hori dela eta, elkartekide bakoitzak banan-banako, enplegu edo elkartekide modalitateko BGAE batean sartzeko erabakia hartzean, Sistema Publikoak eskaintzen dion pentsioa osatzeko egiten du, edo bestela, edozein arrazoirengatik, dagokionean pentsio hori eskuratzerik izan ezean, ordezko pentsio bat eskuratzeko. Horixe hartzen du abiapuntutzat zirkular honek eta printzipio horixe hartu beharko litzateke oinarritzat honelako sistema osagarriek berekin dakartzaten gainerako ondorioei dagokienez: prestazioak jasotzeko aukera, zerga-murrizketa, metatutako erreserben itzulketa (aldez aurretiko erreskatea) edo lekuz aldatzea, besteak beste.
BGAEak ez dira, bada, zergak aurrezteko produktu bat bailiran erabil daitezkeen zerga edo finantza alorreko tresnak.
Horregatik bada, bereizi egin beharra dago honelako erakunde bat osatzen duten irudien artean: elkartekidea, pentsio edo prestazioaren titularra eta onuraduna. Guztiek muga argia dute prestazioa eragiten duen egitate eragileari dagokionez. Aurreneko bi aukerak (elkartekide eta prestazioen titular izatea) ezin dira uztartu eta, horregatik, ezin da onartu elkartekide bat elkartekide den aldi berean prestazioen hartzaile ere izatea, hau da, ezin du gertakizun berean emale eta prestazioen titular izan. Pasibo egoerara igaro den elkartekide bati pentsioa edo aldian behingo prestazioak jasotzearekin batera, aldi berean, BGAE batera ekarpenak egiten hasi edo jarraitzea ahalbidetuko balitzaio, ekarpenak eta prestazioak uztartuko lituzke, eta zergei zein aurrezaintzari dagokienez irregularra den egoera bat sortuko litzateke.
Nolanahi ere, eguneroko jarduna oso aberatsa da eta kontrolatzen eta ikuskatzen zailak diren egoerak aurkezten zaizkigu etengabe, Erakunde hauen «borondatezkotasunaren» oinarrian datzan erabakitzeko askatasunean biltzen direnak guztiak ere. Elkartekide bakoitzak, gainerako elkartekideen eta Erakundearen beraren eskubideen kaltetan izan gabe, zor zaion prestazio osagarria noiz eta nola jaso nahi duen erabakitzeko eskubidea baitu.
Halatan, berak erabakiko du kasu bakoitzean, elkartekide aktiboa izateari utzi eta pentsio edo prestazioaren hartzaile (pasibo) noiz bihurtu nahi duen. Araupetzen den eskubide hori egungo indarreko araudian jasotzen da, izan ere bertan ez baita mugatzen prestazioak jasotzeko eskubidea duen egitate eragile bakoitzaren data zehatza zein den, eta gehiegikeriak eragoztearren, zedarritu egin behar da eskubide horren gauzapena.
Mugaketa horiek zehatz-mehatz betetzen direla bermatzearren, Erakunde hauetako bakoitzeko elkartekide egiten diren pertsona guztien gaineko barne-kontrola ezarri beharra dago, Erakunde hauetako guztien estatutuetan argi eta garbi azaltzen baitira beren jarduna araupetzen dituzten mugaketak eta eskaintzen dituzten prestazioak.
Era berean, elkartearen kide egiteko boletinetan klausula esplizitu batzuk jaso beharko lirateke, dagokion prestazioen ordainketa mugatu eta, gertakizuna gertatu ondoren, gertakizun horretarako ekarpenak egitearen inguruko bateraezintasunak eta mugak argitzeko.
Bestalde, 1998 urtearen amaieran hamar urte betetzen dira banan-banako modalitateko Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Erakundeetarako lehen ekarpenak egiten hasi zirenetik.
Urteurren horrek 87/1984 Dekretuaren bidez onartutako Araudiko 31. atalean aurreikusitako formulak ezartzea ekarriko du, elkartekideak bere borondatez erakundetik baja emanez gero. Zirkular honen bidez aldi berri honetan sor daitezkeen zalantzak argitu nahi ditugu, eguneroko jardunean halakoak agertzen jarraituko dutelakoan, eta bereziki denbora-tarte honetan metatutako erreserbak lekuz aldatu edo itzultzeko dauden aukera berrien inguruko argibideak eman nahi dizkizuegu.
Goian azaldutako horregatik guztiagatik, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza honek ondoko xedapenak egin ditu:
1.– Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Sisteman ekarpenak egin eta prestazioak jaso edo erreserbak itzultzeko eskubidea gauzatzeko bateraezintasunak eta mugak.
1.1.– Elkartekide titularrak (aktiboa) pentsioa edo aldian behingo prestazioak jasotzeko eskubidea gauzatuz gero, pasibo izaera hartuko luke (pentsio edo prestazioaren titular izaera), eta izaera berri hori bateraezina da Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Sistemarako ekarpenekin. 1.1.1.– Aldi baterako pentsioen edo prestazioen kasuan, pentsio edo prestazio hori jasotzen den bitartean iraungo du bateraezintasunak. Prestazioak amaitutakoan, dela gertakizuna amaitu delako edo hartzaileak hala erabaki duelako, aldi horretan kontsumitu ez den kapitala metatutako erreserbatzat hartuko da eta pentsioa edo prestazioa ematean hartzaileak zuen antzinatasun bera izango du aurrerantzean.
1.1.2.– Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Sistemara ekarpenak egiteko bateraezintasuna bi urtekoa izango da gutxienez, pentsioa kapital gisa osorik jasotzen den kasuetan edo, borondatezko bajarengatik, dirua itzultzeko eskubidearen barruan metatutako erreserba guztiak hartzen diren kasuetan.
Ekarpen berriek zenbaketa-aldi berria eragingo dute, ondorio guztietarako.
1.1.3.– Epe horren barruan, bi urtekoa gutxienez, pentsioa edo prestazioa jasoz gero, metatutako erreserbak agortzen ez dituen kapital moduan, edo, bestela, erreserba itzultzeko eskubidea gauzatuz gero, baina erreserba horren zati bat bakarrik eskuratuz gero, gertakizuna edo itzulketa (zatikako erreskatea) gauzatu den unearen aurreko hiru urteetan egindako ekarpenen batez besteko baliora mugatuko dira ekarpenak, urte osoko zenbaketa eginez.
Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Sistemara egindako ekarpen guztiak edo zati bat behintzat derrigorrezkoak izanez gero, ez dira aintzat hartuko aurreko lerroaldean finkatutako mugak kalkulatzeko, inolako ondorioetarako.
1.2.– Pentsioa jasotzeko eskubidea, dela aldi baterakoa zein bizitza osorakoa, Heriotza eta Biziraupenaren ondorioz gauzatuz gero, pentsio horren hartzaileek onuradun izaera hartuko dute, eta Zirkular honetako 3. idazatiko bigarren lerroaldean, 4.3.1 c) idazatian eta 5. idazati osoan finkatutakoa aplikatuko zaie.
2.– Dagozkien gertakizunak jazotakoan, prestazioak ontzat ematea.
2.1.– Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Erakunde bateko kide diren pertsonek erakunde horien estatutuetan jasotako edozein gertakizunengatik dagozkien prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute, dagokion egitate eragilea gertatzen den unean. Ondorio horietarako, ondokoa hartuko da egitate eragilearen datatzat:
2.1.1.– Sistema publikoko pentsioa jasotzeko eskubidea dutenen kasuan: pentsio hori eskuratzeko eskubidea hastean.
2.1.2.– Sistema publikotik aldian behingo prestazioak jasotzeko eskubidea dutenen kasuan: prestazio horiek jasotzeko eskubidea hasten denean, estatutuetan bestelakorik adierazten ez bada.
2.1.3.– Sistema publikotik pentsiorik edo aldian behingo prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez dutenen kasuan: dagokion BGAEaren estatutuetan finkatutako gutxieneko datan.
2.2.– Zirkular hau indarrean sartzen denetik, erakundeotako kide berrien kasuan, kide egin direneko unean dagoeneko burutuak dauden gertakizunek eragindako pentsioak onartu ahal izateko, gutxienez 10 urteko ekarpenak eginak beharko ditu elkartekideak.
3.– Aukeratzeko eskubidea.
Elkartekide aktiboek, dagozkien gertakizunak gauzatzean, aktiboan jarraitu ala pasibo egoerara (pentsio edo prestazioaren titular izatera) aldatzearen artean aukeratzeko eskubidea izango dute.
Heriotzak eta biziraupenak eragindako pentsioak berehala betetzekoak izango dira, eta ondorioz, onuradunek ezingo dute aurreko idazatian azaldutako aukera egiteko eskubiderik izango.
3.1.– Elkartekide batek pentsioa edo aldian behingo prestazioa jasotzeari uko eginez gero, 2. puntuan adierazitako daten gaineko ondorioak izanik, BGAEko elkartekide aktibo gisa jarraitu ahal izango du, Estatutuetan halako elkartekideentzat finkatutako eskubide eta betebehar berberak izango dituelarik.
3.1.1.– Aukeraketa egin ondoren, aukera horretatik eratorritako prestazioak jasotzeko eskubidea gauzatu ahal izango du, ondorengo edozein unetan, baldin eta dagokion gertakizunak burutua jarraitzen baldin badu. Pentsioak edo aldian behingo prestazioak gertakizun horri dagokion izaera izango dute.
3.1.2.– Aurreko atalean azaldutako aukeraketa egin ondoren, beste egitate eragile bat gertatuko balitz, BGAEak babestutakoez bestelako gertakizun batek eragindakoa, 2. puntuan azaldutako eskubidea indarrean sartuko da berriro, kasu honetan gertakizun berri horrek eragindako prestazioak sortuko liratekeelarik edo, hala badagokio, 3. puntuan aurreikusitakoa aplikatuko litzatekeelarik. Elkartekideak eskubidez dagozkion prestazioen artean, nahiago duena aukeratu ahal izango du.
3.2.– Prestazioak jasotzeko eskubidea egitate eragilea gertatu eta hiru hilabeteko epean gauzatu beharko du interesdunak. Epe horren buruan eskubide hori gauzatuko ez balu, elkartekide aktibo gisa jarraitzeko aukera egin duela ulertuko da.
4.– BGAEko kide izatetik baja ematea. Erreserben itzulketa edo beste BGAE baterako aldaketa.
4.1.– Borondatezko bajak. Metatuttako erreserben itzulketa (erreskatea).
Estatututetan borondatezko baja aurreikusten den guztietan, eskubide horren gauzapena, ondoko arauekin bat etorri beharko du baja horrek, BGAEn 10 urteko gutxieneko antzinatasun-epea bete ondoren betiere.
4.1.1.– Borondatezko bajatzat ulertuko da eskubidez elkartekideari dagozkion metatutako erreserba guztiak eskuratzea, baja eskatzen dutenek BGAEan gutxienez 10 urteko antzinatasuna frogatu ondoren.
4.1.2.– Zati bat erreskatatuz gero, gabezia-aldi berdinekoa, metatutako erreserbari erreskatatutako zenbateko osoari gehi estatutuetan finkatutako gastu edo zigor-penalizazioa kenduko zaio.
4.2.– Derrigorrezko bajak.
Elkartekideak elkartekide izateko eskubidea edo betebeharra oinarritzen duten baldintzaren bat betetzeari utziko balio, kide zeneko BGAEtiko derrigorrezko baja eragingo luke. Elkartekide izandako denbora-tartean metatutako erreserbak erreskatatu edo beste BGAE batera aldatu ahal izango ditu, Erakunde horretako Estatutuen arabera horretarako eskubidea jasotzen bada eta ondokoekin bat etorriz betiere:
4.2.1.– BGAEan derrigorrezko baja burutu ondoren, metatutako erreserben balioa kalkulatu eta erreserba horien zenbatekoa geroan beste pentsioa bat eratzeko behar bestekoa izan ezean, berauek itzuli edo metatutako guztia beste BGAE batera aldatzeko aukera eskainiko zaio elkartekide ohiari, baja eman eta sei hilabeteko epearen buruan.
4.2.2.– Metatutako erreserbak BGAEren Estatutuetan aurreikusitako gutxieneko pentsioa eratzeko adinakoak badira, elkartekide ohia «ekarpenetatik etenda» egongo da, babestutako edozein gertakizun sortu arte edo 10 urte igaro arte, orduan zirkular honetako gainerako puntuetan finkatutakoa aplikatuko baitzaio.
4.3.– Kapitalak edo metatutako erreserbak lekuz aldatzea.
Metatutako erreserbak kapitalizatu ondoren, eta baldin eta utzitako BGAEko estatutuek baimentzen badute:
4.3.1.– BGAE batetik bestera aldatu ahal izango dira soilik, eta interesdunak elkartekideek metatutako erreserbak idatziz eskatu beharko ditu aldez aurretik ondoko kasuetan:
a) Borondatezko baja Erakundearen estatutu eta araudian aurreikusitako prestazioak eragiten dituen egitate eragilea burutu aurretik eginez gero eta gutxienez 10 urteko antzinatasuna frogatuz gero.
b) Ez da inolako gabezia aldirik eskatuko, beste BGAE batera aldatzeko eskaria aurreikusitako gertakizunen bat gauzatuz gero, edo bestela, BGAE baten deuseztapen eta kitapen kasuan edo elkartekidearen derrigorrezko baja kasuan.
c) Heriotza eta biziraupenetik eratorritako pentsioaren onuradunek, beren eskubideengatik dagokien kapitala elkartekide aktibo izaera duteneko BGAEra aldatu ahal izango dute.
4.3.2.– BGAE batetik bestera aldatzean, ondoko arauak bete beharko lirateke:
a) Kapitala edo metatutako erreserbak beste BGAE batean sartu ahal izateko erakunde hartzaileak eskubide horiek batetik bestera aldatzen dituen pertsona onartu beharko du aldez aurretik.
b) Antzinatasuna elkartekideak BGAE batean ekarpenak egiten hasten den unetik aurrera hasiko da.
c) Aurreko puntuan esandakoaren kaltetan izan gabe ere, metatutako erreserba guztiak batetik bestera aldatuz gero, aurreko BGAEan eskuratutako antzinatasuna ondorio guztietarako zenbatuko da erakunde berrian, eta horretarako, BGAEa uzten dueneko elkartekidearen antzinatasunaren egiaztagiria luzatu beharko du aurreko Aurrezaintzako Erakunde horrek.
5.– BGAEen jarduketak.
5.1.– Elkartekide batek ezingo du BGAE berean aldi berean eta bitan elkartekide aktibo gisa izen emanda egon. BGAE beraren barruan mota bat edo gehiagotako inbertsio-aukeretan parte hartzea (BGAEetako barne-planak) edota plan batetik besterako diru-aldaketak egin ahal izango dira, Estatutuek bestelakorik adierazi ezean.
5.2.– BGAE batean baino gehiagotan dauden elkartekideei dagokienez, erakunde horietako bakoitzak erakunde horretan zenbat urte daramatzan adieraziko du, beste erakunde batean emandako urteak kontuan hartu gabe.
5.3.– BGAEek Zirkular honetan jasotakoaren berri eman beharko diete banan-banako elkartekide berri guztiei, horrekin batera behar besteko informazioa emanez. Era berean, beren eskubide guztiak modu askean eta eurek erabakitako unean gauzatu ahal izateko 10 urteko burutzapen-epea dagoela adierazi beharko diete argi eta garbi.
5.4.– Zuzendaritza honek egunerokoan partikularrekin harremanetan dauden kudeatzaileei Zirkular honetan jasotzen diren bateraezintasunen eta mugen berri emateko gomendatzen die BGAE guztiei, nahiz eta erakunde horiek elkartekide berri guztiei horren berri eman beharko dieten, eta elkartearen kide egiteko boletinetan ere klausula baten bidez horren berri ematea komeni litzatekeen.
5.5.– Ezinbestekoa den zuzenbideko segurtasuna sendotzearren, eta egun araupetzen diren mugaketa eta bateraezintasunak aintzat hartuta, Lan eta Gizarte Segurantzarako Sail honek beste azken gomendio bat egin nahi du, alegia, Zuzendaritza Organoen babesarekin, bateraezintasun eta mugaketa horiek berretsi eta jaso ahal izateko, erakunde bakoitzak beren estatutuetan dagozkien aldaketak egin ditzala.
Indarrean sartzea.
Zirkular hau 1999ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, BGAEetarako finkatutako betebehar formalak sei hilabeteko gehienezko epearen buruan burutzearen kaltetan izan gabe.
Vitoria-Gasteiz, 1998ko abenduaren 22a.
Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,
LUIS MARÍA VALLE BOLINAGA.
RSS