Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak berehalako mezularitza zerbitzua abiaraziko du herritarrekiko harremana azkartzeko eta errazteko.

egilea: Zuzenean, Ekaina 17, 2015

Eusko Jaurlaritzak herritarrekin harremanetan egoteko beste kanal bat jarriko du martxan datorren astelehenean, ekainak 22: Telegram aplikazio mugikorraren bidezko berehalako mezularitza. Horretarako 688 67 12 34 telefono zenbakia erabiliko du. Astelehenetik aurrera, EAEko Herri Administrazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskatu nahi duten pertsonek telefono mugikorren sistema eragile nagusietan (Android, Iphone eta Windows Phone) erabil daitekeen aplikazio baten bidez egin ahal izango dute, hura deskargatu eta Jaurlaritzak prestatutako telefono zenbakia kontaktuen zerrendan erantsi ondoren.

Eusko Jaurlaritzak Telegram plataforma aukeratu du herritarrak artatzeko, hiru arrazoi nagusigatik: alde batetik, zerbitzu honek antzeko beste batzuk baino segurtasun eta kofidentzialtasun handiagoa ematen du; bestetik, Telegramek API (Application Programming Interface) irekia du eta guztien eskura protokolo askea ere bai, hau da bere kode-iturria partekatzen du hobetzeko, eta azkenik, aplikazioa doakoa da.

Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN Herritarren Arretarako Zerbitzuko langileek kudeatuko dute Lakuan, orain arteko ohiko komunikazio-kanalekin batera: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta Internet bidezkoa.

Eusko Jaurlaritzak informazio-gizartearen ohitura berrietara eta une bakoitzeko beharretara etengabe egokitzeko hartutako konpromisoan oinarrituta sortu da EAEko Herri Administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio-sistema berria. Halaber, Eusko Jaurlaritzak herritarrak aktiboki entzun nahi ditu, eta herri-administraziorako sarbidea erraztu nahi du. Komunikazio-bide berriaren abantailen artean daude, besteak beste, sistemaren berehalakotasuna, erabilerraztasuna eta doakotasuna.

Kanala herritar guztiei zabaldu aurretik, Eusko Jaurlaritzak esperientzia pilotua abiarazi zuen 2014ko urriaren eta abenduaren artean, herritarren talde bati erantzuteko. Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, EGAko azterketei buruzko informazioa eskatzen zuten herritarrak hautatu ziren lagin moduan. Hala, emaitzak kontsultatzeko, 1.257 lagun bulegoetara joan ziren, 442k berehalako mezularitza erabili zuten, WhatsApp aplikazioaren bidez, eta 172k soilik telefonoz deitu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, esperientzia pilotuaren emaitzak oso positiboak izan dira eta, horregatik, herritar guztiei eta EAEko Herri Administrazioak ematen duen informazio osora zabaldu nahi izan du, kasu honetan Telegram aplikazioaren bidez, aipatutako arrazoiak direla eta.

Administrazioak herritarrekiko harremana ZUZENEAN zerbitzuaren bidez hobetzea da 2014-2016 Berrikuntza Publikoaren Planaren , Eusko Jaurlaritzak 2014ko ekainaren 17an onartutakoaren, konpromiso estrategikoetako bat.

Berehalako mezularitzako zerbitzu berri honekin, Eusko Jaurlaritzak XXI. mendeko herri-administrazioaren printzipioak lortzen jarraitzen du: gardentasuna, lankidetza eta partaidetza. Gainera, beste helburu hauek ere lortzen ari da:

  • Erabiltzaileei berehala erantzutea, zuzenean, bitartekaririk gabe.
  • Herritarren eskaerei eta nahiei buruzko informazioa ematea, denbora errealean.
  • Herritarrak entzutea eta haien iritziak biltzea.
  • Politika eta zerbitzu publikoetan herritarren partaidetza aktiboa bultzatzea.
  • Administrazioa aldaketa kulturala bultzatzea, herritarrengandik hurbilago egon dadin.