Administrazio elektronikoaren miraria
Administrazio elektronikoaren miraria
egilea: Iñaki Ortiz, Azaroa 13, 2014
Egia da denbora asko igaro dela, baina 1983an euskal administrazioan sartu nintzenez geroztik, lan-mahaiak idazmakina elektriko ikusgarri bezain supermodernoez hornituta zeuden. Gaur egun, 30 urte baino gehiago geroago, lanera iristean egiten dugun lehenengo gauza ordenagailua piztea da. Eta ia-ia ez dago ezer tresna berezi hori erabili gabe egin daitekeenik; hain da honela, ezen, "informatikak huts egiten duenean", ia-ia etxera joan baigaitezke.
Administrazio publikoan ezagutu ditudan aldaketarik handienak, zalantza izpirik gabe, teknologiaren hedapenetik eta erabileratik eratorritakoak dira. Poz-pozik egongo ginateke, bai, aldi berean administrazio barruko antolaketa, admistrazio barruko prozedurak, funtzio publikorako sarbidea edota administrazio publikoaren antolakuntzaren kultura aldatu izan balira, adibide gutxi batzuk ematearren.
Eusko Jaurlaritzaren kasuan, tramitazio elektronikoko plataforma bat dugu erabilgarri, eta horren bitartez, elektronikoki kudeatzen dira, oso-osorik, Sail eta Erakunde autonomo guztietako mila prozedura administratibo baino gehiago, blog honetan bertan azaldu izan dugun bezalaxe:
- Administrazio elektronikoaren hedapen masiboa
- PLATEA plataforma: Administrazio elektroniko jasangarria
- Tramitagunea: tramitazio elektronikoa hedatuz doa Administrazio Publikoko sarean zehar
Jakina, zerbitzu hauen onuradun nagusiak herritarrak dira. Zerbitzu horiei esker, eskabide bat bidali edota espediente baten tramitazioaren egoera online egiazta dezakete, edozein lekutan eta edozein ordutan, administrazioaren esku dauden datuei buruzko ziurtagiririk edo bestelakorik gaineratu beharrik gabe.
Baina horrekin batera, digitalizazio-prozesu honek administrazio barruko prozeduren tramitazioa hobetu, estandarizatu, sistematizatu eta automatizatzea ahalbidetu du. Eusko Jaurlaritzan, behinik behin, prozeduren digitalizazioa, prozedura horiek sinplifikatzeko eta kanal tematikora egokitzeko moduan planteatu da une oro.
Nabarmentzeko modukoa da tramitazio elektronikoak administrazioaren barruko funtzionamenduaren hobekuntzari egindako ekarpena, prozedurak estandarizatzen, espedienteak antolatzen eta datuetan oinarritutako kudeaketa egiten lagundu duen heinean. Eusko Jaurlaritzan emaitza onak lortzen ari gara esparru honetan, arestian aipatutako Monicaren sarreran zehazten zenez.
Mendearen hasierako urteetan horren boladan egon den administrazio elektronikoa gobernu irekiko paradigma berriari nagusitasuna ematen ari zaion garai honetan, ondo kontuan izan behar da, administrazio elektronikoa ezinbesteko betekizuna dela gobernu irekia oinarri sendoen gainean eraiki ahal izateko. Nekez izan gaitezke gardenak, esate baterako, datuak formatu elektronikoan ez baldin badauzkagu.
Zeregin handia daukagu oraindik, bistan da, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak sinplifikatu eta errazteko, eta kanal elektronikoa administrazio publikoen ohiko jardunean oso-osorik integratutako lan-ingurunea izateko, baina gogoan izan behar da orain arte asko aurreratu dela, eta egun erabilgarri dauzkagun baliabide teknologikoak eta operatiboak izango ez bagenitu, askoz ere egoera kaxkarragoan aurkituko ginateke.
Bitarteko elektronikoen erabilera orokor eta adimenduna egingo duen administrazio-eredu baterantz aurrera egiteak Eusko Jaurlaritzaren erronka estrategikoa izan behar du, eta ondorioz, beharrezko baliabideez hornitutakoa. Behar-beharrezkoa da, administrazio elektronikoari funtzionamendu egokia bermatuko dion antolaketa arloko euskarria ematea. Antolaketa arloko euskarri horren oraingo gabezia eragozpen eta oztopo bilakatzen ari da, zerbitzu elektronikoen hedapena nahi genukeen abiaduraz eta kalitate-mailaz egin ahal izateko. Argi eta garbi esanda: teknologia daukagu, baina behar bezala funtzionarazten jakin dezaketen pertsonak behar ditugu.
Historiaren une honetan, administrazio elektronikoa ez da aukera huts bat; aitzitik, egungo administrazioak egungo gizartea bezain "elektronikoa" izan behar du, gutxienez. Zerbitzu elektronikoak bazterrezinak dira gaur egun, eta are bazterrezinagoak izango dira etorkizunean ere, horien eskaria gero eta handiagoa izango baita, ezinbestez, herritarrei dagokienez.
Beraz, administrazio elektronikoa hobetzen eta zabaltzen jarraitu behar da, egindako hutsegiteetatik ikasiz eta herritarren ikuspegiari arreta eginez, gerora begira teknologiak gure administrazio publikoen aldaketa-eragile nagusietakoa izaten jarrai dezan.
Esku artean darabilgun administrazio elektronikoaren testuinguruan, hamarkada eskaseko epealdian egin den administrazio elektronikoaren garapena, arrakasta baino benetako miraria izan dela esan genezake.