Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko Estatuko 4. Biltzarrean parte hartu du

Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko Estatuko 4. Biltzarrean parte hartu du

egilea: PIP taldea, Abendua 4, 2013

Azaroaren 26an hasiera eman zitzaion Madrilen, Zientzia Ikerketarako Goi Kontseiluaren Ekitaldi Aretoan, AEVALek (Ebaluazio eta Kalitate Agentzia) Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Administrazio-arteko Sarearekin batera antolatu duen Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko Estatuko 4. Biltzarrari. Bi jardunalditan gauzatutako jarduera horretan, Kudeaketa Publikoko Kalitate eta Berrikuntzaren 2012ko Sariak banatu ziren, eta oraingo honetan, Kudeaketa Publikoko Bikaintasunaren saria Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo Eskualdearentzat izan zen. Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza (DACIMA) ere jardunaldi horietan egon zen, oraingoan partaide gisa eta ez anfitrioi gisa, Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen aurreko edizioan bezalaxe. Orduko hartan, Biltzarra "KALITATEAREN BALIO ERANTSIA: Lankidetza eta partaidetza eraginkorragoak izateko" lemapean egin zen. Topaketa hartatik ateratako ondorioak aurreko post batean bildu genituen bolg honetan bertan.
Oraingoan, "Kalitatea eta Berrikuntza. Gobernu onerako balioak" lemapean, kalitatearen kudeaketan gobernantza egokia txertatzeko aukerari buruz eztabaidatu da, politika publikoak kontu-emateetarako giltzarrizko faktoretzat aztertu eta gardentasun eta gobernu irekiari buruzko esperientziak partekatu direlarik.
Biltzar hau, Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Administrazio-arteko Sareak sustatutako jarduera nagusietakoa da. 2009ko ekainaz geroztik Eusko Jaurlaritza partaide duen Sare honek administrazioen arteko lankidetza-aukera interesgarriak lantzeko moduko topagunea eskaintzen du. Ekitaldiaren lehen jardunaldian, Sare honen osoko bilkura egin eta interes partekatuko proiektuei buruzko lantaldeak eratu ziren.
Amaitzeko, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo Eskualdeak lortu duen saria aipatu nahi dugu berriz ere, merezimendu osoz lortutako saria alegia, errendimendu globalaren bikaintasunagatik nabarmendu diren erakunde publikoen ahalegina aldarrikatzea xede duena. Askotxo dira sari honetarako aztertu diren alderdiak, hala nola, kudeaketa ekonomikoko eraginkortasun eta kontrol ahalmena, baliabide erabilgarriak, langile-taldearen lana edota helburuko publikoarekiko tratua eta zerbitzua, besteak beste. Zorionak eman nahi dizkiegu hemendik BPPan ere lortu nahian gabiltzan kudeaketa publikoko bikaintasunerako bidean egin duten aurrerapauso berri horregatik.