Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Gardenak izateak lan egiteko ohiko moduak ere aldatzea dakar

egilea: Koldobike Uriarte, Abendua 10, 2015

Eusko Jaurlaritzak arauak, hitzarmenak, kudeaketa-aginduak eta abar lantzeko espedienteen kudeaketa-modua eraldatu du, eta honi esker, egitada eta jarduera administratiboak gauzatzen diren une berean, herritarrek horien berri ezagutzeko aukera izango dute.

Gardentasunak Administrazio Publikoak edozein herritarren eskura -interesduna izan ala ez izan- daukan informazioa jartzeko betebehar orokorra ezartzen du, informazioa eskuratzeko ezarritako mugak behar bezala arrazoituta.

Asmo honek Administrazio Likidoaren, malguaren, eskuragarriaren ereduetara bideratuko du, eta informazio hori herritarrei zuzenduko zaie, elkarrizketara eta eztabaidara bideratuta baitago, emaitzarik onenak eskuratzeko, sortzailekidetasunaren ondorioz. Administrazio horretan erabakiak hartzeko faseak azkarra, egiaztagarria... izan behar du, eta ezagutza eta elkarrekin ikastea ahalbidetu beharko ditu, konfiantzan oinarrituta.

Administrazio Likidorako mugimendu horrek esan nahi du administrazio hauetako batetik bestera igarotzea:

  • Sartzen eta irteten dena ikusten den administraziotik, baina barruan zer gertatzen den ikusten ez denetik, (Bertan fluxuak administrazio-prozeduraren arautik baino ez dituzte arautzen)
  • Daukan informazioaren, hartzen dituen erabakien, lan-metodoen... berri ematen duen administraziora; horrek aukera ematen die herritarrei informazio-fluxua eta administrazio-jarduera ikusteko eta hari begiratzeko.
  •  Administrazio demokratiko egoki batera; hala, herritarrek elkarreraginean jardun dezakete, informazio-fluxura jo dezakete, administrazio-jardueran parte har dezakete eta partekatutako xede publikoetan kanpotik lankidetzan jardun dezakete.

Bide honexetan gabiltza Eusko Jaurlaritzan. Gaur egun, indarrean dauzkagu dagoeneko lege-aurreproiektuak, erregelamendu-proiektuak, zirkularrak, argibideak, zerbitzu-aginduak, hitzarmenak, protokoloak, kudeaketa-aginduak, barne-adjudikazioak eta barruko kontsultak lantzeko prozedurak, eta horrenbestez, TRAMITAGUNE deritzon tramitazio elektronikoko tresnaren bitartez, zuzen-zuzenean bidal ditzakegu herritarrek ikusi eta bilatzeko moduko LEGEGUNEA izeneko lekura, jarduera administratiboan sortutako informazio eta dokumentu guztiak.

Hau garrantzi handiko aurrerapausoa da, zeregin administratiboei herritarren ikuspegia gehitzea dakarrelako eta gure lan-kultura eraldatzen lagunduko duelako.

Zorionak eta mila esker aurrera ateratzen lagundu duten lan-talde guztiei: gauzak hobeto egiteko ikuspegia eta irizpidea eman diguten sail-arteko lankidetza-taldeei, askotan ezinbestekotzat jo ditugun arazoei konponbide egokiak eta batzuetan ezin pentsatuzkoak emateko moduko tresnak eskaini dizkiguten EJIEko talde teknikoei, herritarren mesedeko administrazio irekiago batera aldatzeko ahalegina egin duten langile publiko guztiei, eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako administrazio elektronikoaren arloko arduradunei, administrazioaren digitalizazioan egindako azken urteotako urratsak oinarrizkoak baitira oraingoaren moduko trantsizioei ekin ahal izateko.

Jarraian joan den ostiraleko, abenduaren 4ko "Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen indarrean sartzea. Garrantzia duten informazio, egintza eta jarduera administratiboen argitaratzea" informazio-saioaren aurkezpena eta bideoa partekatzen dugu:

Informazio-saioaren bideoa: