Familia eta eskola bateratuak
Familia eta eskola bateratuak
Ezaugarriak
Familia eta eskola bateratuak talde-programa bat da; zortzi asteko iraupena du, eta adinkideak diren haurrentzat eta haien familientzat da. Esku-hartze multisistemikoak familia, etxea, eskola eta komunitatea biltzen ditu, haurraren ongizatea areagotzeko eta estresari aurka egiten dioten harremanak eta faktoreak indartzeko.
Eskola-ordutegiaz kanpo, familia-jardueretan parte hartzen du familiak, eta otordu bat egiten du. Familiak talde handitan biltzen dira, gehienez 80 familia 10 taldetan banatuta. Guraso entrenatuek, eskolako haur zaharrenek, eskolako langileek eta adimen-osasunean edo droga-abusuaren tratamenduan jarduten duten profesional espezializatuek gidatzen dituzte taldeak. Programak eskolan berriak diren haurren familiei seme-alaben ikaskideak eta haien familiak ezagutzeko aukera eskaintzen die.
Programaren helburuak dira:
- Familia bera eta familia-harremana sustatzea.
- Eskolan haurrak duen arrakasta handitzea.
- Familian drogen eta alkoholaren kontsumoa gutxitzea.
- Familia-estresa eta bakartze soziala murriztea.
Haurren adina
Programa 6-13 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat da.
Programaren deskribapena
Programa honetan, profesionalek familiekin batera lan egiten dute, haurrek gurasoenganako duten errespetua hobetzeko, familian aginpidea bermatzeko, guraso eta seme-alaben arteko harremana eta familiaren hurbiltasuna indartzeko, gatazkak murrizteko, gurasoen sareak sortzeko eta eskola eta komunitatean familiaren parte-hartzea sustatzeko.
Jarduera horiek adingabeen harreman sozialak eta erresilientzia hobetzea eta drogen eta alkoholen erabilerari dagokionez izan dezaketen tentaldia murriztea dute helburu. Era berean, programak sozialki baztertuta dauden eta diru-sarrera apalak dituzten familien parte-hartzea eragiten du. Horrez gain, esperientzian oinarritutako hezkuntzaren, helduen hezkuntzaren, antolakuntza komunitarioaren eta “hazkuntza partekatuaren” bidez desberdintasunei aurre egiten laguntzen die.
Programak teoria eta ikerketa hauen emaitzetan oinarritzen da:
- Familia-sistemen teoriaren arabera, haur bati laguntzen zaio familia-kohesioa indartzen bada, helduek elkar laguntzen badiote eta gatazkak saihesten badira.
- Familia-estresaren teoriaren arabera, gurasoei laguntza soziala eta jarrera positibo bat eskaintzea lagungarria izan daiteke familiek krisi sozialak eta ekonomikoak gainditzeko.
- Arriskuaren babes-faktoreen teoriaren arabera, babes-faktore indartsu batek, helduaren babesak adibidez, adingabe bati arrisku-faktoreak gainditzen lagun diezaioke.
- Atxikimenduaren teoriaren arabera, familian sortzen den lehen urteetako lotura funtsezkoa da adingabea psikologikoki orekatua izango den pertsona heldu bihurtzeko.
- Ikaskuntza sozialaren teoriaren arabera, gurasoak imitatzeak ondorio positiboa izan dezake haurraren adimen-osasunean.
- Teoria sozial eta ekologikoaren arabera, esku-hartzeetan guraso, seme-alaba, familia zabala, eskola eta komunitatea sartu behar dira.
- Kortisol-maila goiz murrizten bada eta dopamina eta serotoninaren esposizioa goiztiarra bada, drogarekiko dependentzia bat izateko aukerak murrizten dira.
- Talde dinamikoaren teoriaren arabera, talde txiki baten kide sentitzeak estresa eta bakartzea gutxitu dezake.
- Esperientzian oinarritutako helduen hezkuntzaren eta talde txikien prozesuen estrategiek sozialki baztertuta dauden biztanleriak ahaldundu ditzake.
Astero egiten diren zortzi saioetan familia-otordu bat eta komunikazio-jolasak egiten dira. Jarraibideak gurasoei ematen zaizkie soilik, eta, ondoren, haiek seme-alabei arauak azaltzen dizkiete. Jolasetan, haurrek hitz egin, marraztu, idatzi eta sentimenduak interpretatu behar dituzte, txandak errespetatuz eta elkarrizketak eten edo kritikatu gabe. Adingabeei gurasoak errespetatu behar direla eta haien aginduak bete behar dituztela irakasten zaie, testuinguru seguru eta positibo batean. Helduei, aldiz, seme-alabei entzuten eta haiekin modu arduratsuan jostatzen irakasten zaie. Profesionalek, astero, helduen jarduna gainbegiratzen dute, hazkuntzaren praktika positiboak modu egokian ezar ditzaten. Ondoren, gurasoek beste familia batzuekin hitz egiteko tartea izaten dute, adingabeak zaintzapean jostatzen diren bitartean. Programak atxikimendua sustatzen du familian, eta, oro har, jardunbide egokia da, ebidentzian oinarritutako programan askotan agertzen dena.
Saioak
Familia bakoitzak, astero, bi ordu eta erdiko iraupena duten zortzi saio egiten ditu. Horrez gain, hilero, programa osatu duten gurasoek 2,5-4 ordu bitarteko errefortzu-saioak izaten dituzte.
Materialen deskribapena
Familiek ez dute materialik behar. Taldeko kideek, berriz, material hau behar dute: taldeko eskuliburuak, DVDak, formazio-liburuxkak eta bideoak.
Emaitzak
Programaren aurretik eta ondoren ebaluazio bat egin zen 2.000 familia baino gehiagorekin.
Familien emaitzak:
Baztertutako eta diru-sarrera apaleko familietan, etorkin-familietan, guraso bakarrekoetan, talde minoritarioetan eta portaera-arazoak dituzten seme-alaben familietan emaitza positiboak lortu ziren (% 72-95). Soilik parte-hartzaileen ehuneko 20ak utzi zion programan parte hartzeari, eta programa bertan behera utzi zuen.
Egokitzeko eta hurbiltzeko gaitasuna handitu zen, eta gatazka, estresa eta isolamendu soziala gutxitzea lortu zen.
Gurasoek parte-hartze handiagoa izan zuten eskolan, eta inplikazio soziala eta beste familiekin izandako harremanak hobetu ziren.
Jarraipena egin zen ondorengo bi urteetan. Emaitzen arabera, programa osatu zuten familien % 86-90ak zortzi saioetan parte hartu zuten beste familiekin oraindik harremana duela adierazi du.
Haurren emaitzak:
Haurren adimen-osasunean emaitza positiboak izan ziren, eta gaitasun sozialak areagotzeaz gainera, eskolan izandako portaera hobetu zuten. Horrez gain, jokabide erasokorra eta antsietatea gutxitu zirela hauteman zen.
Gurasoek eta irakasleek programan parte hartu zuten haurrek jarrera kanporatzailea gutxitu zela hauteman zuten, eta haien eskola-emaitzak hobetu egin zirela.
Harremanetan jartzeko
Lynn McDonald, PhD
Professor of Social Work
Department of Mental Health and Social Work
University of Middlesex
Archway
London
United Kingdom
Posta elektronikoa: L.mcdonald@mdx.ac.uk or lynn.mcdonald@gmail.com
Telefonoa: +44 7910771086
Web orria: www.familiesandschools.org
Ms. Pat Davenport
Chief Executive Officer
Families and Schools Together Inc
Madison
Wisconsin
United States of America
Posta elektronikoa: pdavenport@familiesandschools.org
Telefonoa: +1 608 213 9557
Web orria: www.familiesandschools.org