Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zugazagoitia Mendieta, Julián

Euskal politikaria (Bilbo 1893 - Bilbo, 1936). PSOE alderdiko burkide eta kazetaria izan zen. Prieto zuzendari zen El liberal egunkarian erredaktore izanez hasi zen; PSOEko burkide eginik La lucha de clases aldizkarian ere idatzi zuen. Beste argitalpen askotan ere parte hartu zuen. Una vida heróica: Pablo Iglesias biografia lana idatzi zuen (1926). Beste biografia eta eleberri batzuk ere idatzi zituen: Una vida humilde: Tomás Meabe (1927); Una vida anónima: Vida del obrero (1927): El asalto (1930, meatzariei buruz). 1931n eta 1936an diputatu hautatua izan zen. El socialista aldizkariaren zuzendari izan zen (1932-1937). Espainiako gerra zibila hasi ondoren, Gobernazioko ministro izan zen Negrín-en gobernuan (1937-1938), eta geroago Defentsa Ministerioko idazkari. Parisen erbesteraturik Historia de la guerra de España (1940) idatzi zuen, bere obra garrantzitsuena, 1936-1939 bitarteko gerran Espainiako errepublikanoen artean izan ziren liskar eta ezadostasun politikoak aztertzeko baitezpadako iturburua dena. Parisen erbesteraturik zela naziek atxilo hartu eta Espainiara itzuli zuten; Francoren gobernuak epaitu eta fusilatu zuen.