Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zugarramurdi

Nafarroako iparraldeko udalerria, Lapurdiko herrialdearekin muga egiten duena (Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Urdazubi eta Sara (Lapurdi); ekialdean, Urdazubi eta Baztan; mendebalean eta hegoaldean, Baztan. Garaiera, 209 m. 6,71 km2 ditu. 1999ko datuen arabera, 237 biztanle (zugarramurdiarrak). Herrigune hauek osatzen dute udalerria: Azkar, Etxartea, Madaria, Olazur eta Zugarramurdi (herriburua). Olabidea ibaia igarotzen da udalerritik. Euskara, lapurtera; euskaldunak, % 95. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Laborantza (artoa, bazkarako landareak, lekadunak, fruitu arbolak, patata), abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) eta baso ustiaketa dira ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 65). Oso ezagunak dira Zugarramurdiko kobazuloak, bertan akelarreak ospatzen baitziren, tradizioak dioenez. Aipagarriak dira XVIII. mendeko Jasokundeko Ama Birjinaren eliza eta Ama Birjina Errosariokoaren ermita. v Historia. Zugarramurdiko herria Urdazubiko monasterioaren mende egon zen sortu zenetik 1667 arte. Herria ia erabat suntsiturik gelditu zen Konbentzioko gerra zela eta (1793-1795). 1845ean bihurtu zen udalerri.