Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zientziologiaren Eliza

L. Ron Hubbard zientzia fikziozko idazleak 1954an Estatu Batuetan sortutako erlijioa. Zientziologia dianetikan oinarritzen da, Hubbardek asmatutako psikoterapia mota batean. Dianetika: buru osasunaren zientzia modernoa (1950) liburuan azaldu zuen lehen aldiz bere teoria. Zientziologoen helburua engramak (gertaera mingarrien oroitzapen subkontzienteak) desagerraraztea da, jokabide irrazionalak eragiten dituztelako. "Auditoreek" elizkideei laguntzen diete engrama horiei modu kontziente batean aurre egiten, haien buruak argi daitezen eta haien buruko osasun egoera hobe dadin. Zientziologiak munduko erlijio askotako sinesbideak bereganatzen ditu: ariman eta berraragitzean sinesten du, besteak beste. Zientziologiako kideek diru kopuru handiak ordaindu behar izaten dituzte mintegietan parte hartzeko. Hori da erakundearen alderdi kritikatuenetako bat. Gainera, elizako kideei "burua hustea" eta haren teorien oinarri zientifikoak frogatu gabe daudela leporatzen zaio. Beste batzuen ustez, Hubbardek teoria horiek plazaratu baditu elizei onartzen zaizkien zerga abantailez baliatzeko izan da. Herrialde askotan, baina, ez du horrelako abantailarik lortu eta zientziologia sektatzat hartzen da.