Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zientzia

iz. Jakintza, helburu jakin bat eta metodo berezia duten ezaguera sailen multzoa; horrelako ezaguera sail bakoitza.  v  Zientzia, oro har, bat da, baina haren barne diren alorrak anitzak izanik, adar askotan banatu ohi da: fisika, kimika, biologia… Zientziaren metodoa behaketaren bidez datuak lortzean datza lehen-lehenik; datu horiek hartuta, indukzio bidez, lehen hipotesi orokorra egiten da; hipotesiari logikaz jarraitzen zaizkion dedukzioen baliozkotasuna beste behaketa eta esperimentu batzuen bidez egiaztatzen da. Egiaztatutako hipotesia «teoria» edo «legea» da, beste azterketa batzuetan oinarri gisa erabiltzen dena, baina aldatu edo baztertu ere egin daitekeena, baldin eta beste aurkikuntza batzuek baliogabetzen badute. Honenbestez, kontrolpean egindako esperimentuen emaitza eta horien zehaztasuna ditu zientziak oinarritzat.  v  Zientzien sailkapena. Zientzialarien kezka nagusietako bat izan da zientzak sailkatzea. Aristotelesek egin zuen lehen sailkapena: zientzia teorikoak (fisika, matematika eta metafisika), zientzia praktikoak (logika eta morala) eta zientzia produktiboak (artea eta teknika). Historian zehar beste sailkapen asko egin izan dira, zer aztertzen den, zer horren zein atal eta nola, edo zer metodo erabiliz, aztertzen den kontuan hartuta. Sailkapen horien artean aipagarria da André-Marie Ampère frantses fisikariak XIX. mendearen hasieran egin zuena, 512 zientzia bilduz. Gaur egun, erabilpenaren eta praktikotasunaren arabera ezagutza teorikoa helburu duten zientzia soilak (matematika, fisika, kimika, biologia…) eta ezagutza horiek gauzatzea helburu duten zientzia aplikatuak (nekazaritza, ingeniaritza, medikuntza) bereizi izan dira. Metodologiaren arabera berriz zientzia deskriptiboak (astronomia, geografia, izadiaren zientziak edo natur zientziak, etnografia, geologia, paleontologa, historia…) eta zientzia deduktiboak (matematika, fisika eta kimika, biologia, psikologia, soziologia…) bereizten dira. Nolanahi ere, sailkapena oso lausoa da; astronomia, adibidez, ezin daiteke, besterik gabe, zientzia deskriptiboetan sartu, argizagien mugimenduak lege zehatz batzuen arabera deskribatzen baitira. Lege horiek erabiliz aurkitu ahal izan zuen Le Verrierrek, kalkulu hutsen bidez, Neptuno planeta, eta, geroago, behaketen bidez planeta hura bazela frogatu zen. Hala berean, kimika adibidez, ezin da huts-hutsean zientzia deduktibotzat hartu, elementuen ezaugarriak ezagutzea kimikaren atal nagusia delako. Zientzia denek, beraz, badute alderdi teorikoa eta alderdi esperimentala, harremanetan jartzen dituena, eta sailkapen guztiak behin-behinekotzat bihurtzen dituena.  v  Zientziaren bilakaera historian. Zientziak gizonaren arrazoitzeko gaitasunean eta behaketarako berezko jarreran du oinarria. Ingalaterrako Stonehengeko megalitoak (K.a. 2000-1500) adibidez, Europako lehen gizonak astronomia eta geometria ezagupenak zituela frogatzen dute, mendeetan uste izan dena baino askoz handiagoak. Baina lehen zientzia guneak Txinan, Indian eta Sortalde Hurbilean sortu ziren. Txinako zibilizazioaren jakituria –batez ere alkimian, medikuntzan eta geografian gailendu zena–, Sartaldeko zibilazioaren aurretik izan zen Antzinako Aro guztian zehar. India, batez ere espiritualitatean oinarritutako bizimodua zuen arren, gero arabiarrek hobetu eta mundura zabaldu zuten zenbaki sistema aurreratuaren jabe zen. Egipton zientziari berari baino arazo teknikoen konponbideari eman zioten lehentasuna, eta, Mesopotamian, kaldearrek eta babiloniarrek astronomia eta matematikak landu eta ureztatze teknikak hobetu zituzten. Nolanahi ere, zientziaren oinarri arrazionalak, gaur egun ulertzen diren eran, greziarrek finkatu zituzten. Antzinako Grezian filosofiak goren maila jo zuen eta, haren mendean, zientzia teorikoa sortu zen, dedukzioan oinarritua; filosofia naturala deitu zitzaion. Tale Miletokoa mundua osatzen zuten oinarrizko elementuak aurkitzen saiatu zen, Pitagorasek gertaera fisikoen lehen neurketa kuantitatiboak egin zituen, Platonen ikasle Aristotelesek Pitagorasen esfera kontzentrikoen eredua ontzat hartu zuen, ordu arteko pentsamenduaren sintesia egin zuen eta Erdi Aroraino iraun zuten teoria fisikoak eman zituen, eta Euklide matematikari handiaren ikasle Arkimedek hidrostatikaren eta palankaren legeak eman zituen, besteak beste. Baina Alexandro Handiak Mesopotamia konkistatu eta greziarrek kaldearren astronomiako kalkulu eta neurrien berri jakin zutenean, edertasuna eta perfekzioa helburu zuten Greziako teorietan akatsak eta zentzugabekeriak zeudela ohartu ziren, Aristotelesen eredu kosmikoa zalantzan jartzen zutenak; geroago, ordea, Ptolomeok geozentrismoa ahobatez onar zedin lortu zuen. Bestalde, medikuntzan Hipokrate eta Galeno gailendu ziren, anatomian lehena eta fisiologian bigarrena. Erromatarrek ez zuten aurrerapenik egin zientzia hutsean baina greziarren ezagupenak gorde eta zabaldu zituzten, eta ingeniaritzako eta arkitekturako arazoen konponbideei eman zieten lehentasuna. Erromako Inperioaren gainbeherarekin batera desagertu zen greziar klasikoen hedapena Europan. Bestalde, kristautasunaren zabalkundeak munduari buruzko interpretazio espiritualen eta teologikoen berpiztea ekarri zuen. Bakar-bakarrik monasterioetan gorde zen antzinako jakituria, eta barbaroen erasoetatik gorde ziren liburuen iruzkinak eta kopiak egin ziren. Arabiarrek hartu zuten Greziako kulturaren ondarea. Aristotelesen eta beste filosofo batzuen obra itzuli zuten, medikuntza, astronomia eta alkimia landu zuten bereziki eta aljebra asmatu zuten; aipatzekoak dira, filosofian, Ibn Rusd eta, medikuntzan, Ibn Sina. XI. mendetik aurrera Europara zabaldu zuten arabiarrek beren jakintza, Iberiar Penintsulatik abiatuta. Erdi Aroko kristau kulturak ikuspegi teologiko baten bidez aztertu zuen jakintza osoa. Hala ere, espiritualtasunari lehentasuna eman arren, aurrerapen teknologikoak ere izan ziren, optikan eta arkitekturan batik bat. Klasikoak, Aristoteles batez ere, Europan berriro zabaldu zirenean, zientziak halako berpizkunde bat izan zuen, baina teologiaren mendean betiere. Geroago, lurralde berrien aurkikuntzak, demografiaren hazkundeak eta berrikuntza teknikoek zientziaren iraultza ekarri zuten (XVI-XVIII. m.). Izan ere, jakintza gero eta zabalagoak ordu arte indarrean egon ziren eskemak zapuztu zituen, eta oinarrizko eredu berri baten eta metodologia berri baten premia sortu zen. Besteak beste, Nikolas Kopernikok, Galileok eta Isaac Newtonek finkatu zituzten eredu berri horiek, behaketetan eta esperimentuetan oinarri hartuta. Zientzialari berritzaileek, nolanahi ere, bi oztopo nagusi gainditu behar izan zituzten: Erdi Aroan guztiz errotu ziren Aristoleren ideia eta Elizaren hatsapen eztabaida ezinak. Hala, zientzialari horiei, eta behaketan, esperimentazioan, indukzioan eta matematizazioan oinarrituriko zientzia metodologia berri bati esker, munduaren ikuskera berria zabaldu zen: heliozentrismoa. Metodo hipotetiko-deduktiboak jakintza berrietara iristeko bideak jarri zituen, behatu ez ziren gertaerak aurrikustea eta frogatzea helburu zutenak. Bestalde, elkarren arteko lana ahalbideratu zuten zientzia elkarteak sortu ziren (1660an Londresko Royal Society, esate baterako), eta tokian tokiko hizkuntzak erabiltzen hasi ziren latinaren ordez. XVIII-XIX. mendeetako industria iraultzak (makinismoa, lurrun makina…), zientziari bultzada handia eman ez ezik, aldatu ere egin zuen, harrezkero ekoizpenari eta gizartearen ondasun premiei lotu baizitzaion. Horiek horrela, aurrerapen handia egin zuten kimikak, elektrizitateak, biologiak eta matematikak. Gainera, XIX. mendean zehar, mikroskopioa eta atomoa zatikiez osatua zela aurkitu izanak ikuspegi berria eman zion zientziari. Orobat, XIX. mendean hasi ziren indartzen gizarte zientziak (soziologia, ekonomia, psikologia, hizkuntzalaritza, etnologia), espekulazio filosofikotik ihes eginez eta zientzia fisikoen edo biologikoen metodoak eta bideak hartuz. Harrezkero zientziak izan duen aurrerabide etengabeak (erradioaktibitatea, espezien bilakaeraren teoria sendotzea eta unibertso osora zabaltzea, quantumen teoria, erlatibitatea, atomoen teoria, erregai berriak, gai erdieroaldeak, ingeniaritza genetikoa…), industriaren parte hartze handiarekin eta ikerketa zentro handien sorrerarekin batera, eta XX. mendeko bi Mundu Gerren eta horien ondorioen eraginpean, alor berrien sorrera ekarri du (biokimika, astrofisika, zibernetika, robotika, astronautika), teknologia gero eta berezituagoa eta zehatzagoaren beharra (mikroskopio elektronikoa, azeleragailu nuklearrak, konputagailuak, satelite artifizialak…), zientzia alorren arteko lankidetza gero eta estuagoa, eta aurkikuntza ikusgarrien lorpena.