Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zhukov, Georgy Konstantinovitx

Militar sobietarra (Strelkovka, Kaluga ondoan, 1896 - Mosku, 1974). 1914an zalditerian sartu zen. Iraultzan parte hartu zuen, eta Denikin-en eta Wrangel-en kontra borrokatu zen. 1931n, Frunzeko akademia militarrean diplomatu zen. 1939an Ekialde Urrunera bidali zuten, eta japoniarren kontra borrokatu zen Mantxurian. 1940an, Besarabia mende hartu zuen, eta armada gorriko estatu goreneko buru izendatu zuten. Berak antolatu zuen armada guztia, Timoshenkorekin batera. Moskuren, Leningradoren eta Stalingradoren babes guduan parte hartu zuen. Mariskala izatera iritsi zen eta Alemaniaren kontrako erasoaren zuzendaria izan zen, harik eta Berlin hartu zuten arte (1945). Alemaniaren errendizioa onartu zuen batzarraren buru izan zen (1945eko maiatzaren 8an). Gerra bukatu eta Alemania kontrolatzeko batzordean sobietar ordezkaria izan zen, 1945-1946 urte bitartean. Urte hartan bertan Moskura itzuli zen eta Sobiet Nagusiko diputatu izendatu zuten. Stalin haren arrakastaren beldur zen, eta Odesako eskualdera baztertu zuen, haren lehendakaritzak iraun zuen bitartean. Hura hil eta, gerrako ministro izendatu zuten (1955-1957). Ondoren, Alderdi Komunistaren batzar nagusiko Presidium-eko kide izan zen (1957), baina handik urte betera Krustxov-ek Alderditik bota eta erabat baztertu zuen. 1971n bere Oroitzapen liburua argitaratu zuen.