Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zesar, Kaio Julio

(Lat. Caius Iulius Caesar). Erromatar jenerala eta estatu gizona (Erroma, K.a. 101 - Erroma, K.a. 44). Antzinako familia patrizio batean jaio zen, eta goi mailako hezkuntza izan zuen gaztetan, Rodasen hobetua. Silaren diktadura garaian, Erroma utzi eta Asia Txikira joan zen soldadu (81-78). Handik Erromara itzuli zelarik herritarren alde lerratu zen, eta cursus honorum zelakoan gora egin zuen urte gutxitan. Politikan Krasoren eskutik sartu zen, eta hasieran Catilinaren oligarkiaren kontrako egitasmoarekin bat egin zuen. 60an, Ponpeiorekin eta Krasorekin batera, I. aginpide hirukoitzeko kide izan zen. Handik urte betera kontsul izendatu zuten, eta hainbat lege onetsi zituen senatuaren iritziaren kontra. 58an Galiako prokontsul izendatu zuten, eta eskualde hura konkistatzeko kanpainari ekin zion (58-51). Alde batetik, senatuarekin eta Erromako aitonen semeekin aspalditik zekarren auzia larriagotu, eta bestetik, Ponpeiorengandik urrundu izanak Gerra Zibila ekarri zuen, 49. urtean. Zesarrek mendean hartu zituen Ponpeiozaleak, Hispanian eta Marseillen; Ponpeio bera garaitua izan zen, Grezian (Farsalia, 48). Zesarrek Egiptoraino esetsi zuen Ponpeio, eta han hilarazi. Kleopatrarekin elkar hartu zuen, eta Egiptoko tronua eman zion, Ptolomeo haren anaiaren kaltetan. Ponpeioren gainerako osteak Tapson (46) eta Mundan (45) garaitu zituelarik, Zesar egin zen egoera politikoaren jaun eta jabe: 48an, bere burua diktadore izendatu zuen; 46an, hamar urterako bermatu zuen izendapena; eta 44an, bizi guztirako. Lan handia egin zuen politika eta administrazio egituraketa guztia berritzen; Zesarren aurkariek monarkiaren aldeko handinahikeria ikusi zuten Zesarren politika jardueran. 44. urtean, Bruto, Casio, Trebonio eta Casca buruzagi zirela, talde errepublikazale batek hilarazi zuen, Ponpeioren irudiaren azpian.  v  Idazlanak. Zesarrek bizi izan zituen gertakariei buruz idatzi zuen gehienbat. Obra horietan ez zuen literatura lantzeko asmorik, aitzitik, historialariei material baliagarri bat eskaini nahi izan zien, iritzi kritikoa osa zezaten. Gorde diren idazlan guztiak Corpus caesarianum izeneko bilduman daude. Han ageri dira Zesarren azalpen oharrak (commentarii) Galiako gerrari buruz eta Gerra Zibilari buruz. Galiako gerrari buruz (De bello gallico) zazpi liburuki idatzi zituen urtez urte, urteko bat. 45ean, hiru liburuki argitaratu zituen Gerra Zibilari buruz (De bello civili). Han kontatzen ditu Erroma suntsitua utzi zuten bi gerra urte haiek (49-48), Rubicon ibaia zeharkatu zuenetik, harik eta Ponpeio hil zen arte. Nolanahi ere, Zesar gizon landua zen, eta bestelako liburu batzuk ere idatzi zituen, nahiz eta ez diren gaur egunera heldu. Horietarikoak dira: Anticato, Zizeronek idatzitako Catonen goraipamenaren aurka; De analogia, Alexandriako jakitunek azaldutako filosofia auziei buruzkoa; Iter (Bidaia), Hispaniara egindako bidaiari buruzko poema laburra; Epistolae (Gutunak), Orationes (Hitzaldiak).