Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zenon Zitiokoa

Greziar filosofoa (Zitio, Zipre, K.a. 335 inguruan - 264 inguruan). Jatorriz feniziarra zen. Xenofonteren Gogoangarriak irakurri eta hasi zitzaion filosofiarako isuria. Krates filosofo zinikoaren ikasle izan zen. Megarako eskolak erabili zituen gaiak aztertu zituen, eta hizkuntzaren kezka izan zuen bere filosofiaren ardatza. Estoizismoaren filosofia sistema landu zuen. Haren ustez, helburu etiko nagusia zen izadiaren ulermen teoriko zuzena iristea, logikan oinarri hartuta. Tradizioaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, behin zahartzarora iritsiz gero, haren ustez, jakitunak hala egin behar zuelako. Obra ugari idatzi zuela uste da, baina sarritan izenburuak besterik ez dira iritsi, edo onenean puska batzuk. Harenak bide dira: Pasioei buruz, Betebeharrari buruz, Izadiaren araberako bizitzari buruz eta Logika obrak.