Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zenon Isauriakoa

Ekialdeko Erromatar Inperioko enperadorea (Isauria, 426 - 491). Sona handiko militarra izan zen, eta Ariadna Leon I.aren alabarekin ezkondu zen, 468an. Leon II.a, haren semea, adinez nagusi izan arte errege ordea izan zen, eta enperadore, hura hil zelarik. Horretarako Basiliskorekin borrokan aritu behar izan zuen, hark kargua beretzat nahi zuelako; ostrogodoen laguntza izan zuen, baina haien beharrik izan ez zuenean, Italia aldera bidali zituen Teodorikorekin (488). 476. urtetik aurrera, Erroman Romulo Augustulo eraitsia izan zenetik aurrera, Mendebaleko enperadore titulua izan zuen. Irtenbide egokia ematen saiatu zen bere mendekoen artean hedatua zen monofisismoaren erlijio gatazkari kontra egiteko. Akazio patriarkaren aholkuz, Henotikon izeneko batasun agiria idatzi eta indarrean jarri zuen; honek 482. urtean Erromako zisma sortuko zuen.