Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yemen

(Izen ofiziala, Yemengo Errepublika). Asiako estatua, Arabiako penintsulako hego-mendebaldeko muturrean. 472.099 km2 eta 23.013.376 biztanle (2008, yemendarrak). Mugak: iparraldean, Saudi Arabia; mendebaldean, Itsaso Gorria; hegoaldean, Adengo golkoa, eta ekialdean Omango Emirerria. Yemengo Errepublikaren estatuaren barnean daude Kamaran uharteak (Itsaso Gorrian, 3.700 km2, eta Socota uhartea, Arabiako itsasoan, 3.626 km2). Hiriburua: Sanaa. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Taldeak: arabiarrak (% 93), hinduak eta pakistandarrak (% 3), somaliarrak (% 2), juduak eta europarrak (% 2). Erlijio ofiziala: islama. Dirua: Yemengo riala. Yemengo Errepublika 1990ean sortu zen, Yemengo Herri Errepublika Demokratikoak eta Yemengo Arabiar Errepublikak bat egin zutenean. ■ Biztanleak. Yemengo biztanle gehienak arabiarrak dira arrazaz eta musulmanak erlijioz (sunniak eta xiitak). Emigrazio herria da Yemen; lanerako sasoian dauden gizonezko askok sortaldea utzi eta Saudi Arabiara eta petrolio asko duten emirerrietara jo dute azkenaldi honetan bizibidearen bila; baina joera hori guztiz aldatu zen, Yemengo Errepublika Batuak Irakeko Sadam Hussein-en politika babestu zuelarik, Saudi Arabiak langile yemendarrak lan eskubiderik gabe utzi zituenean (1991). Judu komunitate bat bizi izan da Yemenen, Sanaa-ko hirian bereziki, XX. mendea arte, baina Israel aldera jo dute gehienek azken hamarraldi hauetan. ■ Ekonomia. Hegoaldeko Yemenen biztanle gehienak nekazaritzan eta arrantzan aritzen dira. Yemen arabiar herrialdeetan pobreena da. Aden hiria da finantza gunea. 1991n hiri horretan merkataritza libreko gunea osatu zen. Yemengo erdialdean eta iparraldean ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da, eta bertako beharrak asetzeko eta esportatzeko adina ekoizten da. Urte askoan atzerriko laguntzen eta atzerrian lan egiten duten yemendarren diruaren mende egon da herrialdea. 1992an Yemengo ordainketen balantzan diru sarrerak 3,81 milioi dolarrekoak ziren eta gastuak 4,84 milioi dolarrekoak. Hegoaldeko Yemenen lantzen diren gai nagusiak artatxikia, garia, meloiak, sesamoa eta garagarra dira; kotoia, eta maila apalagoan, tabakoa eta qat -a (landare aluzinogenoa). Arrantzak ere garrantzi handia du (89.100 tona 1990ean). Yemen iparraldeko aniztasun topografikoari esker era askotako nekazaritza gaiak lantzen dira, laboreak, kotoia eta fruitu eta barazkiak; kafea da esportatzen den gai nagusia. Abere hazkuntzari dagokionez, behi, ardi eta ahuntz aziendak dira nagusiak herrialde osoan. Yemengo industria nahiko atzeratua da, eta BPGren % 26 baino ez du hartzen. Elikagaien eta eraikuntzaren alorreko industria dira aipagarrienak. 1995. urtean, Yemenek, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak hala eskatuta, ekonomia indartzeko plangintza bat jarri zuen abian. Errepide sarea osatu gabe dago oraindik, eta bideen egoera txarra da oro har. Kai nagusia Hodeida da, eta nazioarteko aireportuak daude Sanaa, Hodeida eta Taizz hirietan. ■ Historia. 1990eko maiatzean batu ziren Yemengo bi errepublikak (eragin handia izan zuen prozesu horretan Irakeko gobernuak), eta Sadam Husseinen alde agertu zen Yemengo gobernua urte bereko abuztuan, Irakeko armada Kuwaiten sartu ondoren. Erabaki horren ondoren, bazter utzi zuten Yemengo errepublika Saudi Arabiak, emirerri arabiarrek eta mendebaldeko potentziek. 1991ko maiatzean Konstituzio berria onartu zen, adierazpen askatasuna eta pluralismo politikoa adierazten zituena. Haren ondorioz, 53 alderdi politiko sortu ziren eta 85 egunkari, nahiz eta talde fundamentalista islamiarrek konstituzio hari boikota egiteko deia egin zuten, ez baitziren testu hartan sharia-ren oinarriak aipatzen. 1992an eta 1993an manifestazio eta borroka ugari izan zen kaleetan: langabezia % 36ra igo zen, eta ezinbesteko gaien prezioak izugarri igo ziren. Aldi berean, Hegoaldeko Yemenen hainbat politikari hil zuten fundamentalista islamiarrek. 1993ko hauteskundeak Saleh-k zuzentzen zuen Herriaren Biltzar Orokorrak (CGB) irabazi zituen, eta haren atzetik gelditu ziren Erreformaren Alderdi Islamiarra eta Salem El Baih lehendakariordearen Alderdi Sozialista. Yemen batua ahultzeko asmoz, Saudi Arabiak El Baidh-ek gidatzen zuen banaketarako borrokaren alde egin zuen. Hala ere, gobernuaren aldeko gudarosteak garaitu zituen. Ondoren, ministroen biltzarrak amnistia plan bat onartu zuen. 1995. urtearen abenduan Eritreako gudarosteak Hanish uharteetan lur hartu zuten —Itsaso Gorrian—, eta Yemengo gobernuak erasotzat hartu zuen ekintza hura. Hala, gatazka armatua hasi zen. 1996an, Yemenek eta Eritreak nazioarteko bitartekaritza onartu zuten arazoa konpontzeko. 1997ko hauteskundeetan CGP izan zen irabazle, eta haren atzetik Islah alderdi islamista. Faraj Said Ibn Ghanem Lehen ministroak hainbat neurri hartu zuen ekonomia bizkortzeko asmoz. Erreforma haien bidez, pribatizazioekin batez ere, Yemengo gobernuak Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren dirulaguntzak lortu zituen. Amnesty International erakundearen arabera (1998), adinez txikiak heriotza zigorrarekin zigortzen zituzten munduko bost herrialdeetako bat zen Yemen (Iran, Pakistan, Saudi Arabia eta Estatu Batuekin batera). 1999an, Ali Abdullah Saleh izendatu zuten lehendakari, botoen % 96,3ekin. 1998ko abenduan 28 turista britainiar bahitu izanak agerian jarri zuen klan batzuk delitu horretaz baliatzen zirela gobernua estutzeko. 2000. urtean, gobernuak lege berri eman zuen, atzerritarrak bahitzea heriotza zigorraz zigortzen zuena. Urte horretan bertan, islamiar erradikalek atentatu bana egin zuten Estatu Batuetako akorazatu baten aurka (17 hildako) eta britainiar enbaxadaren kontra. 2001ko udal hauteskundeak eta lehendakariaren agintaldia zazpi urtera luzatzeko erreferenduma indarkeria handiko giroan egin ziren: 30 lagun hil ziren. Azkenean, erreforma hori onartu zen, eta Salehek luzatua ikusi zuen bere agintaldia. Saleh Washingtonera joan zen eta bat egin zuen terrorismoaren aurka borrokatzeko koalizioarekin; hurrengo urteetan, jende asko atxilotu zuten Yemenen terrorismoa egotziz. Amnesty International erakundeak giza eskubideen urraketa sistematikoa salatu zuen garai horretan. 2005ean, 200dik gora lagun hil ziren iparraldean sortutako borroketan. 2005eko udan, 36 lagun hil ziren Yemen osoan polizien eta manifestarien arteko enfrentamenduetan; manifestariek erregaien prezioen igoeragatik egiten zuten protesta. Azken urteotan, areagotu egin dira islamiar erradikalen atentatuak mendebaldeko hainbat enbaxada eta interesen aurka eta areagotu egin da orobat gobernuaren errepresioa.
http://www.yementourism.com/