Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yeats, William Butler

Idazle irlandarra (Sandymount, 1865 - Roquebrun-Cap-Martin, 1939). Londresen eta Dublinen ikasi zuen. Arte ikasketak egin ondoren, 1887an Londresa joan zen bizitzera. Idazle “dekadenteen” ildotik zelta giroko obrak idatzi zituen garai hartan. 1896an Irlandara itzuli zen eta irlandar literaturaren errenazimentuko eredu goren bihurtu zen. Lady Gregory-k lagunduta Irlandako Antzerki Nagusia sortu zuen. Konpainia hartako zuzendari izan zen hil arte, eta berak idatzitako antzezlanekin arrakasta handia izan zuen. Deirdre (1907) da haren antzezlanik ospetsuena. Olerkiak ere idatzi zituen garai hartan: The Wind among the Reeds (Haizea kanabera artean), In the Seven Woods (Zazpi basoetan), The Green Helmet (Kasko berdea). Bere aberriaren aldeko borrokan parte hartu zuen eta senatari izan zen. Bere olerkigintzaren bilakaeran elezaharren munduan murgildu zen erabat. Ikuspegi horretakoak dira The Lake Isle of Innisfree (Innisfree, aintzirako uhartea), The Tower (Dorrea) eta The Winding Stair (Zurubia). Antzezlanak idazten ere jarraitu zuen. Hala, Plays in Prose and Verse (Prosazko eta bertsozko dramak) eta The Cat and the Moon (Katua eta ilargia) ordukoak dira. 1936an bere Poesia modernoaren Oxfordeko liburua izenburukoak eztabaida handiak piztu zituen. 1938an autobiografia kaleratu zuen. 1923an Literaturako Nobel saria eman zioten.