Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yanke, Germán

Bizkaitar kazetaria eta idazlea (Bilbo, 1955). Zuzenbide ikasketak egin ondoren, Europar Batasunari buruzko ikasketak egin zituen Lovainan eta Amsterdamen, eta 1979an Salvador de Madariaga ikastegia sortu zuen, europar batasunari inguruko gaiak lantzeko. 1986an, irakasle talde batekin batera, Instituto Vasco de las Artes y las Letras sortu zuen, Euskal Herrian hausnarketa eta eztabaida intelektuala bultzatzeko asmoz. XX. mendeko espainiar poesian aditua da, eta gai horri buruzko ikastaro eta mintegi ugari zuzendu ditu Espainian zein atzerrian. Poesiaren alorrean egindako lanean, liburu hauek aipa daitezke: Álbum de agujeros, Furor de Bilbao, Estación del Norte eta Obra poética completa. Kazetari gisa La Gaceta del Norte, Deia eta El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarietan idatzi izan du, eta Arbola eta Pérgola literatura aldizkariak ere zuzendu ditu. Hainbat urtez El Mundo del País Vasco egunkariaren zuzendariorde izan ondoren, 2000. urtean Época aldizkari madrildarraren zuzendari izendatu zuten.