Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Widor, Charles Marie

Frantses musikagilea, organo-jotzailea eta irakaslea (Lyon, 1844 - Paris, 1937). 1870-1933. urteetan Parisko Saint Sulpice elizako organo-jotzaile izan zen. 1890. urtean Parisko kontserbatorioko organo-jotzaile irakasle postua hartu zuen C. Franck-en ondoren, eta 1896. urtetik aurrera konposizio irakasle izan zen. Widor-ek XX. mende hasierako organo-jotzaile ospetsuak izan zituen ikasle: L. Vierne eta M. Dupré, besteak beste. Bestalde, A. Honegger-ek eta D. Milhaud-ek konposizioa ikasi zuten berarekin. J.S. Bach-en organorako lan guztiak argitaratu zituen, eta orkestratzeari buruzko saio bat idatzi zuen. Lan aipagarriak ditu: hamar sinfonia organorako, 3 opera; ballet musika; ahotserako musika; elizarako musika, eta poema sinfonikoak.