Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wajda, Andrzej

Poloniar zinemagilea (Suwalki, 1926). Bigarren Mundu Gerra bitartean nazien aurkako erresistentzian borrokatu zen. Gerra bukatu ondoren Arte Ederretako ikasketak Krakovian eta zinema ikasketak Lodz-eko eskolan egin zituen. Pokolenie (1954, Belaunaldia), Kanal (1957) eta Popiol i diament (1958, Errautsak eta diamanteak) Poloniak alemanen okupazio garaian bizi izan zituen aldaketei buruzko trilogiak badu Buñuelen eragina, eta arrakasta handia izan zuen nazioartean. Wajda Poloniako zinema eskolaren aitzindaria izan zen. 1959az geroztik, antzerki zuzendaria ere izan da. Haren filmegintza oro har Poloniako historiari eta bilakaera politikoari atxikia da eta eragin handia izan du Poloniako kultura giroan. Aipagarriak dira Zbigniev Cybulski aktore bikainak Wajdaren film batzuetan egin zituen antzezpenak; Wajdak hari eskaini zion Wszytsko Sprezedaz (1968, Oro salgai) filma. Filmak: Popioly (1965, Errautsak); Krajobraz po bitwie (1970, Guduaren ondorengo ikuspegia); Zeimia obiecana (1976, Promesa handiaren lurraldea); Smuga Cienia (1976, Itzalezko marra); Czlowiek z marmary (1977, Marmolezko gizona); Dyrygent (1980, Orkestra zuzendaria); Czlowiek z zelaza (1981, Burdinazko gizona), Gdanskeko ontzioletako gertakariak eta Solidarnosc sindikatuaren sorrera kontatzen duen filma; Danton (1982); Ein liebe im Deutschland (1983, Amodio bat Alemanian).