Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vivaldi, Antonio

Italiar musikagilea eta biolin-jotzailea (Venezia, 1678 - Viena, 1741). 1703. urtean biolin irakasle izendatu zuten Veneziako Ospedale della pietà kontsebatorioan. Koru maisu eta kontzertu maisu karguak ere izan zituen han, 1740. urtea arte. Askotan eten behar izan zuen irakasle jarduera operak idazten zituelako eta opera enpresari gisa atzerrira irten behar izaten zuelako. 1719-1721. urteetan Hesse-Darmstadt etxeko landgrave-aren kapera maisu izan zen Mantuan. 1722-1725. urteetan operak idatzi zituen Mantua, Vicenza, Milan eta Erromarako. Aldi hartan Vivaldi oso ezaguna eta mirestua zen Europa osoan. J.S. Bachek biziki miretsi zuen eta haren hamar kontzertu transkribatu zituen klabean edo organoan jotzeko. Vivaldi Barroko aldiko musikagile nagusietakoa izan zen. Biolinaren erabilera bultzatu eta haren baliabideak lantzeaz gainera, oboea, fagota, flauta eta beste musika tresna batzuk ere erabili zituen musika lanetan. Irudimen handia zuen musika idazteko, batez ere kontzertuak egiterakoan. 500 bat kontzertu idatzi zituen, haietatik 200 bat biolin bakarrerako, 40 bat fagoterako 30 bat oboerako eta 9 flautarako, besteak beste. Bestalde, hamar sonata idatzi zituen biolontxelorako; 50 kantata; 46 bat opera; 50 bat eliza lan. Aipagarriak dira: L’estro armónico (1711); Stravaganza (1714); Cimento dell’armonia e dell’inventione izeneko hamabi kontzertu. Horien artekoak dira Lau urtaroak (1725).