Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vitoria, Francisco de

(Francisco de Gamboa sortzezko izenaz). Euskal teologoa (Gasteiz, 1486 inguruan - Salamanca, 1546). Domingotar sartu zen 1504 edo 1505. urtean. Ordenak Parisa bidali zuen filosofia eta teologia ikastera, eta hiri hartan bertan teologia irakasle izan zen 1516tik 1522ra. Azken urte horretan Valladolid-eko irakasle izan zen eta lau urte geroago Salamancako teologia katedra beretu zuen. Tomas Aquinokoaren Summa theologica-ri egindako iruzkinez gain, bere obra relectio generokoa da, hau da, ikasturte bateko ikasgaien laburpen-hitzaldia. Relectio horietatik hamahiru gorde dira; bere garaiko gaiekiko Vitoriak zuen kezkaren adierazgarri dira. Haietako zenbait bereziki interesgarriak gertatzen dira, hala nola De potestate civili (1528), De potestate Ecclesiae (1532, 1533), De iure belli (1539) eta De indis (1539). Azken biotan espainiar inperioak Ameriketan bete beharreko arauak zehazten ziren: indiarrak lurralde haien benetako jabe zirela eta beren legeak izateko eskubidea ezagutu ondoren, espainarrek lur haietara joateko eskubidea zutela azaltzen zuen, gizadi osoari aplikatzen zaion ius gentium (jende eskubidea) delakoaren bidez. Nazioarteko zuzenbidearen aurrekotzat hartu ohi den eskubide horren aplikazioak askatasun osoz ibiltzeko eskubidea suposatzen zuen, eta indiarrek horri egindako erresistentziak espainiarren konkista justifikatzen zuen Vitoriaren iritziz. De potestate civili (1528) eta De potestate Ecclesiae (1532, 1533) ere garrantzitsuak izan ziren, Elizaren eta Estatuaren arteko harremanei buruzko dotrinan izan zuen eraginarengatik.