Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vitez, Antoine

Frantses antzezlea, zuzendaria eta idazlea (Paris, 1930 - Paris, 1990). Antzerkiaren eta literaturaren artean banatu zuen bere denbora. Louis Aragon-en idazkari izan zen, eta 1960-1962 bitartean SESB-ko Historia idazten lagundu zion. 1966an antzerkira jo zuen, eta Sofoklesen Elektra aurkeztu zuen. Itzulpenak eta poemak idazten jarraitu bazuen ere (L'Essai de solitude, 1981), zuzendaritzari eta arte dramatikoa erakusteari ekin zion buru belarri. 1981ean Chaillot-eko Antzoki Nazionaleko zuzendari izendatu zuten, eta 1988an Comédie-Française-ko administratzaile orokorra. Paul Claudel-en Le Soulier de satin (1987, Satenezko oinetakoa) osorik muntatu zuen lehena izan zen. Antzezle gisa bigarren mailako paperak egin zituen batez ere, eta zenbait filmetan ere parte hartu zuen: filosofo intelektualaren papera egin zuen Ma nuit chez Maud lanean.