Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vitier, Cintio

Kubatar poeta, jatorriz estatubatuarra (Cayo Hueso, Florida, Estatu Batuak, 1921). 1935ean Habanara joan zen eta zuzenbide ikasketak egin zituen han (1947). Orígenes taldeko kide izan zen, Lezama Lima eta Elliseo Diegorekin batera, besteak beste. 1947-1961 bitartean frantseseko eskolak eman zituen Habanako Irakasle Eskolan, eta 1959-1960 urteetan Kubako eta Hispanoamerikako literatura irakasle izan zen, eta Hispaniar Ikasketen Saileko zuzendari, Las Villasko Unibertsitate Zentralean. Liburutegi Nazionaleko ikertzaile gisa lan egin zuen eta José Martí Liburutegi Nazionaleko Aldizkariaren zuzendari izan zen, besteak beste. Kubako eta atzerriko argitalpen askotan parte hartu zuen. Paul Valéry, Stéphane Mallarmé, Paul Claudel eta Arthur Rimbauden obren gaztelaniarako itzulpenak egin zituen. Bere poesian eguneroko gauzez hitz egiten du, hitzagatik kezkaturik eta estuasun metafisiko nabarmena agerian utziz. Obra nagusiak: Vísperas (1938-1953) (1953, Bezperak [1938-1953]), Testimonio (1953-1968) (1968, Lekukotasuna [1953-1968]), La fecha al pie (1981, Data oinean), Hojas perdidizas (1988, Hosto galkorrak), Poemas de mayo y junio (1990, Maiatz-ekaineko poemak). Aipagarriak ditu Kubako literaturaz egindako lanak: Diez poetas cubanos. 1937-1947 (1948, Hamar poeta kubatar. 1937-1947), Cincuenta años de poesía cubana. 1902-1952 (1952, Kubatar poesiako berrogeita hamar urte. 1902-1952), Las mejores poesías cubanas (1959, Kubatar poesiarik onenak), Los grandes románticos cubanos (1960, Kubatar erromantiko handiak), La crítica literaria y estética en el siglo XX cubano (1968-1974, Kubako XX. mendeko kritika literarioa eta estetikoa). Martíri buruzko zenbait saiakeraren egilea ere bada: Estudios Críticos (1964, Azterketa kritikoak), Temas Martianos (1969, Martiren inguruko gaiak).