Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vishniac, Roman

Estatubatuar argazkilaria, jatorriz errusiarra (Pavlavsk, Errusia, 1897 - New York, 1990). Judua zen. Biologia eta medikuntza ikasi zuen Moskun, baina iraultza hasi zenean Berlina ihes egin zuen. Han antisemitismoarekin egin zuen topo, eta ezin izan zuen doktoregoa bukatu. Susmatzen zuen zer zetorren eta 1935-1939 bitartean, Hungaria, Lituania, Polonia eta Txekoslovakiako judu komunitateen argazkiak atera zituen. Argazki kamera ezkutatu behar zuen, juduek ez baitzuten gustuko argazkietan ateratzea. Azkenik, 14.000 argazki lortu zituen, komunitate osoaren lekuko: lanbideak, kaleko eszenak, ikasketa aretoak, hassidim-ak, rabinoak, juduen hainbat ikuspegi, gaur egun desagertuak. Bere herriaren oroimena gorde zuelako Elie Wiesel-ek "memoriaren poeta" ezizena ipini zion. Gerraren hasieran Estatu Batuetara joan zen, eta 1946an bertako hiritartasuna hartu zuen. Zientziaren bidetik jo zuen, eta mikroargazkigintza landu zuen.