Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Visconti, Luchino

Italiar zinema eta antzerki zuzendaria (Milan, 1906 - Erroma, 1976). Nobleziako familia batean jaio zen. Jean Renoir-en laguntzaile gisa hasi zen zinema lanetan. 1942an Ossessione (1942) film neoerrealista egin zuen, Postariak beti deitzen du bi aldiz eleberrian oinarritua. Bitartean, antzerki eta operako zuzendari izan zen, oso era barroko eta estetizistan; operan Maria Callas abeslari ospetsuarekin lan egin zuen. Neorrealismoaren eraginpean beste bi film egin zituen: La terra trema (1948, Lurra dardaraz) eta Rocco e i suoi fratelli (1960, Rocco eta bere anaiak). Gero hiru maisu lan egin zituen: Senso (1953), Le notti bianche (1957, Gau zuriak), Dostoievskiren eleberri batean oinarritua, eta Il Gattopardo (l963), Lampedusaren izen bereko eleberria oinarri harturik; opera gisa eratutako filmak dira, lirismo handikoak. La caduta degli dei (1969, Jainkoen eroraldia), Morte a Venezia (1971, Heriotza Venezian), Thomas Mann-en eleberrian oinarritua, eta Ludwig (1973) filmek osatutako trilogiak ospe handia izan zuen. Gruppo di famiglia in un interno (1974) eta L’innocente (1976) ditu bere azken filmak. Literatura lanen egokitzaile bikaina izan zen, ederzalea, dekoratugile eta eszena antolatzaile fina.