Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vega y Carpio, Lope de

Espainiar idazlea (Madril, 1562 - Madril, 1635). Espainiako literaturaren historiako poeta eta antzergile nagusietako bat eta emankorrena da Lope de Vega. Literaturako genero guztiak maisutasunez landu zituen, eta Espainiako antzerkigintzaren eraberritzaile izateagatik da batez ere ezaguna. Lopek gorabehera handiko bizitza izan zuen, eta hartan hartzen dute oinarria bere lan gehienek. Etxe xume bateko semea zen. Madrilgo Jesusen Lagundiaren eskolan ikasi zuen bi urtez, eta geroago Avilako apezpikuaren zerbitzari egon zen. Dirudienez, hark Alcala de Henaresko unibertsitatera eraman zuen (1576), eta, 1580-1582 bitartean, Las Navasko markesaren zerbitzuan zegoela, Salamancako unibertsitatean ere ikasi zuen. 1583an Azore uharteetako bat hartzera zihoan espedizioan itsasoratu zen. 1588an Madrildik erbesteratu zuten maitale izandako Elena Osorio eta haren sendiari egindako irain-idazkiengatik; bere poemetako Filis da emakume hori. Orduan nobleziako emakume bat, Elisabet Urbinakoa, bahitu zuen, eta harekin ezkondu zen 1588an. Urte horretan bertan Armada Garaitezinean itsasoratu zen Ingalaterrerantz, eta handik itzultzean Valentziara joan zen emaztearekin bizitzera. Geroago Malpicako markesaren eta Albako dukearen idazkari izan zen Toledon eta Alba Tormeskoan. 1595ean emaztea hil zen eta, ondoren, salatzaileen barkamena zuela, Madrila itzuli eta idazteari ekin zion buru-belarri. 1596an emakume batekin ezkondu gabe bizitzeagatik epaitu zuten, eta Micaela Luján-ekin hasi zen harremanetan (bere poemetako Camila Lucinda), baina Juana de Guardo-rekin ezkondu zen 1598an. Urte batzuetan Toledon izan ondoren 1610etik aurrerra Madrilen bizi izan zen. Semeetako bat eta bigarren emaztea hil zitzaizkion, erlijio krisi sakona izan zuen, eta 1614an apaiz egin zen. Handik bi urtera bere bizitzaren azken urteetan lagun izan zuen Marta de Nevaresekin hasi zen madrildarrek gaizpidetzat hartu zuten harremanetan. 1632an hil zen Marta, Loperen poemetako Amarilia.  v  Lope de Vegaren obra Erdi Aroko herri tradizioaren eta Aristotelesen eta Horazioren obretan oinarritzen diren Errenazimentuko teorien arteko sintesia da. Era guztietako neurriak eta generoak erabili zituen poesian, eta lirika herrikoiak zein landuak erakarri bazuen ere, Lope, oro har, “argitasunaren” aldeko izan zen. Batez ere antzerkiak idatzi zituen; 500 baino gehiago gorde dira, bere bizitzako azken hogeitamar urtetan idatziak gehienak, era guztietako gaiak eta argumentuak erabiltzen dituztenak: auto sacramental deritzanak (El viaje del alma, La siega…), erlijioa gaitzat duten komediak (Barlan eta Josafa…), mitologia gaitzat dutenak (Adonis eta Venus…), atzerriko historia eta historia klasikoa gaitzat dutenak (Roma abrasada, Moscoviako dukea), Espainiako kroniketan eta elezaharretan oinarritutakoak (Alkaterik hoberena, Erregea, Olmedo-ko zalduna, Peribáñez eta Ocañako gomendatorea, Fuente Ovejuna, Zalameako Alkatea), amodio eta ohiturazkoak (Ortuzainaren zakurra, Dama ergela). Komedia horien artean ezagunenak Espainiako historian oinarrituak dira; obra horietan, dramaren haria maisutasun handiz ehuntzen duela, Lopek ohorea eta zintzotasuna onesten ditu eta erregea goraipatzen du herriaren eskubideen babesle gisa, ustelkerian eta handinahikerian murgilduta dauden nobleen eta handikien aurrean. Poesian aipagarriak dira La Dragoneta (1598) eta La Gatomaquia (1634) narrazio-poema luzeak, gai mitologikoa edo epikoa darabiltenak, eta, poema laburren artean, Errimak (1602), Errima sakratuak (1614), Romancero espiritual (1619) eta Marta de Nevares hil zenean haren omenez idatzitako Amarilis (1633) egloga. Prosan idatziak dira berriz artzain-generoko La Arcadia (1598) eta nobela dramatiko bat, autobiografikoa, elkarrizketez osatua eta La Celestina-rekin zerikusi handia duena, La Dorotea (1632). Antzerkigintza berritu zuen Lopek, ordu artekoaren sintesia eginez eta handik aurrera nagusi izan zenaren ildoa irekiaz, Arte nuevo de hacer comedias (1609) obra teoriko-didaktikoan azaldutakoaren arabera: araudi klasikoa baztertuta, ekintza garai eta toki ezberdinetan gauzatzea; obra hiru ekitalditan banatzea eta neurri desberdinak erabiltzea; gertaera nagusiaren parean bigarren mailako beste bat sartzea eta –ez nahita nahiez, hala ere– elementu komikoak eta tragikoak batera erabiltzea; eta erlijioa, erregea eta ohorea goraipatzea.