Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urkiza Ibaibarriaga, Ana

Bizkaitar idazlea (Ondarroa, 1969). Informazio Zientzietan lizentziaduna eta enpresa-komunikazioan aditua da. Komunikazio aholkularia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da ogibidez. Gainera, itzultzaile eta artikulugile ere bada, Deia egunkarian eta Karmel aldizkarian, besteak beste. Ipuingintza landu du batez ere, eta hainbat sari irabazi ditu, Agustin Zubikarai eta Tene Mujika sariak, besteak beste. Argitaratu dituen liburuen artean aipatzekoak dira: Desira izoztuak (2000) eta Bekatuak (2005) ipuin-bildumak; Gela ilunetik (2000) eta Bazterreko ahotsa (2002) poesia-liburuak; haur eta gazte literaturan, Betaurrekoak ditut eta zer? (2001), Hondartzako kioskoa (2001), Ondarruko piratak (2003), Amak plastakoa eman dit (2004), Nire herriak ostadarraren koloreak ditu (2006) eta Nire hiriko poemak (2006). 2006an  zortzi euskal idazle emakumezkori egindako elkarrizketak argitaratu zituen liburu batean: Zortzi unibertso. Zortzi idazle.