Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urkizu Sarasua, Patri

Gipuzkoar idazlea (Lezo, 1946). Filologia ikasketak egin zituen Salamancan, eta doktoretza Gasteizen (1986), Pierre D’Urteren hiztegia. Londres 1715 tesiarekin (1989an bi liburukitan argitaratua). Euskarako eta XX. mendeko euskal literaturako irakasle izan da Deustuan, Bordelen eta Madrilen. Literaturan, genero asko landu ditu. Bereak dira, adibidez, Sekulorun sekulotan (1975) eta Nola Kursaal berria suntsitu zen (1984) narrazioak, Etsipenez: Jon Chahoren memorioizunak (1984, Jon Miranderi buruzko kontakizunezko biografia) eta Zoazte hemendik! eleberriak, eta Dorrejilko kanta (1977) eta Zeren azken finean (1983) poesia-lanak. Baina Urkizuren ahaleginik handiena, artikulugintza, saiakera, biografia eta testu zaharren argitalpen berriak egitea izan da. Urkizurenak dira, besteak beste: Literatura eta kritika (1970), Euskal teatroaren historia (1975), Astolasterrak (1984), Euskal antzerkia (1984), Zuberoako irri teatroa (1989), Introducción a la Filología Vasca (1991), Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak (1992), Anton Abbadia. 1810-1897. Biografia saioa (2002), Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia (2004), Balada zaharrez (2005), eta Agosti Chahoren kantutegia (2006). Egan, Anuario de Filología Julio de Urquijo, Antzerti, Literatur Gazeta, Euskera eta Jakin agerkarietan argitaratu ditu artikulu aipagarrienak. 2000. urtean, euskal literaturaren historiari buruzko lan mardula koordinatu zuen. Historia de la literatura vasca deituriko lan horretan, Patri Urkizuk berak idatzi zuen XX. mendea bitarteko atala.