Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txeng Ho

Txinatar eunukoa eta almirantea (Kunming, Yunnan-go probintzia, 1371 - ?, 1435). Zazpi espedizio antolatu zituen 1405etik 1433ra eta Vietnam, Java, Sumatra, Malaka, Sri Lanka, Ormuz, Somalia eta Arabiako kostalderaino joan zen, bidaldi bakoitzean hogei mila gizon zituela bere agindupean. Espedizio horien ondorioz, txinatarrek harreman diplomatikoak izan zituzten herri horietako agintariekin, mapak egiteko teknika hobetu zuten eta ordu arte ezezagunak zituzten mea, landare eta animaliak (jirafak, zebrak, ostrukak) eraman zituzten Txinara.