Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Twain, Mark

(Jaiotza izenez, Samuel Langhorne Clemens). Estatu Batuetako idazlea (Florida, Missouri, 1835 - Redding, Connecticut, 1910). Mississippi ibaiaren ondoko herriska batean bizi izan zen gaztetan eta 1847. urtean aita hil zitzaionetik lanbide asko izan zituen. Kazetari egin zen azkenik eta 1865. urtean, Mark Twain ezizenez, lehen narrazio liburu arrakastatsua kaleratu zuen: The Celebrated Jumping Frog of Calaveras County (Calaveras Konderriko igel saltokari ospetsua). Europan zehar ibili ondoren eta ironia handiko The Innocents Abroad (1869, Gizarajoak atzerrian) idatzi ondoren arrakasta handiko bi eleberri idatzi zituen: The Adventures of Tom Sawyer (1876, Tom Sawyer-en balentriak, G. Etxeberriak euskarara itzulia) eta The Adventures of Huckleberry Finn (1884, Huckleberry Finn-en balentriak). Life on the Mississippi (1883, Bizitza Mississippin) obran bezala gaztetako oroitzapenetan oinarritu zen arestian aipatutako bi eleberriak idazteko. The Prince and the Pauper (1881, Printzea eta eskalea, Josu Zabaletak euskarara itzulia) eta A Connecticut Yankee in King’s Arthur Court (1889, Connecticut-eko Yanki bat Arturo erregearen gortean) eleberriak idatzi ondoren gizarte kritika sakona egin zuen Puddinhead Wilson (1894, Wilson txoriburua) obran. Finantza eta familia arazoak zirela eta giza izaerarekiko ezkortasun sakonean murgildu zen bere bizitzako azken urteetan eta ironia handiko obrak idatzi zituen: What is Man? (1906, Zer da gizakia?) eta The Mysterious Stranger (1916. urtean argitaratua; Atzerritar misteriotsua). Euskarara itzulia da, orobat, Hiru Kontakizun (Koro Navarro).