Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trapiello, Andrés

Espainiar idazlea (Manzaneda de Torio, Leon, 1953). Eleberrigile, poeta eta saiakeragilea. Liburu sortzaile ez ezik argitaratzaile ere bada. Bere lan nagusietako bat Literaturaren historiak zokoratuta gelditu diren idazle handiak edo testu argitaragabeak ezagutaraztea izan da hain zuzen ere. Besteak beste, arrazoi politikoengatik baztertua izan zen Rafael Sánchez Mazas idazlearen poesia guztiak bildu ditu, eta Francis Vighi arrazoigabe ezezagunaren berri azalarazi eta ezagutarazi du. Berak idatzitako poema bildumen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Las tradiciones (1982, Tradizioak), La vida fácil (1985, Bizitza erraza), eta Acaso una verdad (1993, Agian egia batek, Kritikaren Saria irabazitakoa). Garrantzi handiagokoak dira, beharbada, haren literatura saiakerak, idazkera arin sakonaz idatziak, oso pertsonalak eta burutsuak, polemikoak inoiz, gaiaren ezagutza sakonean oinarrituak beti. Aipagarrienak: Sempere (1977), Las vidas de Miguel de Cervantes (1993, Miguel de Cervantesen bizitzak), Las armas y las letras (1994, Armak eta letrak, Espainiako gerra zibilaren ondoko letren egoeraren azterketa), Los nietos del Cid (1997, Ciden bilobak, 98ko belaunaldiko idazleen azterketa). Bestalde, bere egunerokoaren lehenengo sei zatiak argitaratu ditu, Salón de pasos perdidos (Urrats galduen aretoa) titulupean. Egunerokoa idazteari buruz ere teorizatu du, eta liburu bat du idatzia: El escritor de diarios (1998, Egunerokoen idazlea). Egunkari eta literatura aldizkari nagusietan artikuluak idazten ditu. Horietako asko, liburuei egindako hitzaurreekin batera, zenbait liburutan bildu dira: Clásicos de traje gris (1990, Jantzi griseko klasikoak), Mil de mil (1995, Milako mila), Todo es menos (1997, Dena da gutxiago), Sólo eran sombras (1997, Ez ziren itzalak besterik).