Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Transvaal

Hegoafrikako ipar-ekialdeko probintzia, Vaal (hego-mendebalean) eta Limpopo (iparraldean) ibaien artean. Mugak: iparraldean, Rodesia; ekialdean, Mozambike; hego-ekialdean, Swazilandia; mendebalean, Botswana. 227.034 km2 eta 8.950.000 biztanle. Hiriburua, Pretoria. Hiri nagusiak: Witwatersrand, Johannesburgo, Rustenburg eta Vereeniging. 2.000 m-ko garaiera duen ordoki batek hartzen du ia probintzia osoa. Hegoafrikako Errepublikako probintziarik aberatsena da, eta han daude munduko urre hobi oparoenak. Zorupeko aberastasunen ustiketa (urrea, diamanteak, platinoa, zilarra, kromoa, nikela, kobaltoa, uranioa, ikatza, burdina) eta Witwatersrand-en garatu den industria (metalurgia, kimika industria, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, eraikuntzarako gaiak) dira ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. 1837tik aurrera, hango matabele etniari nagusitu ondoren, boerrek Vaal eta Linpopo ibaien arteko lurraldea kolonizatu zuten. Britainiarrek 1840tik 1845era Orange eta Vaal ibaien artekoa beretua izanik, boerrek Vaal-eko iparraldean bildu behar izan zuten. 1852an A. H. Pretorius-ek eskualde hartan sortu estatua onartu zuten britainiarrek. 1857an Martinus Wessel Pretorius, sortzailearen semeak lehen Hegoafrikako Errepublika aldarrikatu zuen eta Apartheid politika abiarazi zuen, XX. mendean Hegoafrika osora hedatu zenaren antzekoa. 1877an Nataleko gobernari britainiarrak Transvaalen esku hartu zuen eta I. boerren gerra hasi zen. Borrokaren ondorioz, 1881ean Britainia Handiak Transvaaleko autonomia ezagutu behar izan zuen, baina 1882an bertan urre hobi handiak aurkiturik, britainiarren interesa piztu zen berriro. Kruger lehendakari zela (1883-1902) britainiarrak lurraldeaz jabetzeko egindako saio etengabeen ondoren, hala nola Jameson espedizioarena (1895), II. boerren gerra lehertu zen 1899an. Vereeniging-eko bake itunaren ondorioz (1902) Britainia Handia Transvaalez jabetu zen. 1907an boerren alderdiak irabazi zituen hauteskundeak eta Transvaalek garrantzi handia izan zuen Hegoafrikako Batasunaren sorreran (1910eko maiatza).