Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tovar, Antonio

Espainiar hizkuntzalari eta euskalaria (Valladolid, 1911 - Madril, 1985). Latineko katedraduna izan zen Salamancako unibertsitatean, Illinoisen, Buenos Airesen, Tübingenen, eta Madrilen. 1951-1956 urte bitartean, Salamancan erretore izan zen, eta berak lagundu zion K. Mitxelenari unibertsitate hartan sartzen. Salamancako erretore zela sortu zuen han Larramendi katedra, euskal ikaskuntzei eskainia. Latinaren aurreko hizkuntzak aztertu zituen batez ere, eta horien artean, bereziki, euskara. Ameriketan egon zen garaian Catálogo de las lenguas de América del Sur (1962) eta Relatos y diálogos de los matacos (1982) idatzi zituen. Euskarari buruz idatzi zituen: Estudios sobre la antigüedad (1941, Saioak antzinateari buruz), Estudios sobre las primitivas lenguas hispánicas (1949, Espainiako hizkuntza jatorrizkoei buruz saioak), La lengua vasca (1950), eta Mitología e ideología sobre la lengua vasca (1980, Mitologia eta ideologia euskarari buruz). Espainiako Erret Akademiakoa izan zen 1967az gero eta euskaltzain ohorezkoa izan zen.