Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toscanini, Arturo

Italiar orkestra zuzendaria (Parma, 1867 - New York, 1957). Biolontxelo eta konposizio ikasketak egin zituen Parmako kontserbatorioan. Hemeretzi urte zituelarik, Rio de Janeiroko opera etxean Verdiren Aida operaren zuzendaritzaz arduratu behar izan zuen ustegabean. Geroago, orkestra zuzendari ospetsu bihurtu zen Italian. 1898. urtean Milango La Scalako musika zuzendari izendatu zuten, eta 1908. urtean New York Metropolitan Operakoa. 1928-1936. urteetan New Yorkeko Orkestra Filarmoniko-Sinfonikoko zuzendari izan zen, eta mundu osoko orkestretan egin zituen agerpenak. 1937-1954. urteetan NBC orkestra sinfonikoko zuzendari izan zen. Verdi, Beethoven eta Wagnerren lanen zuzendari bikaina izan zen.