Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tomas Becket, santua

Ingeles prelatua eta politikaria (Cheapside, Londres, 1118 - Canterbury, 1170). Parisen teologia ikasketak egin ondoren, zuzenbide zibil eta kanonikokoak egin zituen Bolonian (Italia) Teobaldo Canterburyko artzapezpikuaren babesean. 1154. urtean, Teobaldoren ekimena zela eta, Ingalaterrako erresumako kantziler izendatu zuen Henrike II.a erregeak. Adiskide handiak izan ziren erregea eta Tomas Becket, eta Teobaldoren ondorengo izendatu zuen erregeak. 1162. urtean Canterburyko artzapezpiku egin zen eta uko egin zien 1164. urteko Clarendon-go Konstituzioei, besteak beste erregearen aginpidea elizakoaren gainetik ezartzen zuelako eta, horien arabera, erregeari berari ematen zitzaiolako apezpikuak izendatzeko aukera. Saldukeriaz, Frantziara erbesteratu zen eta 1170. urtean, Alexandro III.a Aita Santuaren baimenaz, Henrike II.a eta haren semea ondorengo izendatu zuten ingeles prelatuak eskumikatu zituen. Ingalaterrako erregeak Tomas Becket-en Canterburyko apezpikutegirako itzulera onartu zuen Aita Santuaren mesfidantza areago ez zedin, baina 1170. urteko abenduan erregearen aldeko nobleek hil zuten Tomas Canterburyko katedralean. Haren hilobia erromesen gune bihurtu zen 1173. urtean egin zuten santu.