Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toledo

Espainiako erdialdeko probintzia, Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoan. Mugak: iparraldean, Madril; ekialdean, Cuenca; hegoaldean, Ciudad Real; hego-mendebalean, Caceres; ipar-mendebalean, Avila. 15.368 km2 eta 487.844 biztanle. Hiriburua, Toledo. Hiri nagusiak: Illescas, Ocaña, Orgaz, Quintanar de la Orden, Talavera de la Reina eta Torrijos. Penintsulako mesetaren hegoaldean dago, eta Gredosko mendialdearen hegoaldetik (iparraldean), Toledoko mendietaraino (hegoaldean) hedatzen da. Avilako mugetatik hurbil, probintziaren iparraldean, San Vicente mendialdea dago (1.321 m). Tajo ibaiaren haranak hartzen du lurraldearen erdialdea, eta ekialdetik mendebalera zeharkatzen du. Probintziaren hegoaldea Mantxako ordokiak hartzen du; hegoalderago Toledoko mendiak daude (Cumbre Alta, 1.2790 m; Corral de Cantos, 1.419 m; Calderina, 1.208 m). Klima kontinentala da, lehorra eta zorrotza. 15°C egiten du urtean batez beste eta 375-430 mm euri. Laborantza (garia, garagarra, olibondoak, mahastiak, kotoia, tabakoa, bazkarako landareak, barazkiak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria gutxi garatua dago eta hiri nagusietan baizik ez dago.