Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toland, John

Irlandar filosofoa (Redcastle, Londonderrytik hurbil, 1670 - Putney, Londrestik hurbil, 1722). Gurasoak katolikoak bazituen ere presbiteriano egin zen. Ikasketak Oxford-en egin ondoren (1694-1696), Christianity Not Mysterious (1696, Kristautasuna misteriorik gabe) filosofia deistari buruzko lana idatzi zuen. Irlandako legebiltzarrak kondenatu zuen obra, eta Toland Ingalaterrara erbesteratu zen. Politikari heldu zion gero eta whig-en ideia liberalak bultzatu zituen. Kristautasunaren aurkako eskuizkribu ugari idatzi zituen, eta eragin handia izan zuen frantses entziklopediagileen artean. Obra Nagusiak: Life of Milton (1698, Miltonen bizitza), Amyntor, or a Defence of Milton’s Life (1699, Amyntor edo Miltonen bizitzaren defentsa), Origines Judaicae (1709, Juduen jatorria), Nazarenus (1718, Nazaretarra), Tetradymus (1720) eta Pantheisticon (1720, Panteismoa).