Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tocqueville, Alexis Charles-Henri-Maurice de

Frantses idazlea eta politikaria (Paris, 1805 - Cannes, 1859). Zuzenbide ikasketak egin ondoren Estatu Batuetara joan zen 1831. urtean, hango presondegi legedia aztertzera. Egonaldi haren ondorioa izan ziren Du système pénitentiaire aux États-Unis et de son application en France (1833, Estatu Batuetako presondegi sistema eta horren aplikazioa Frantzian) eta De la démocratie en Amérique (1835-1840, Demokrazia Ameriketan) lanak. Egileak demokraziak berarekin dakartzan berdintasuna eta justizia goraipatu zituen, aldi berean estatuaren parte hartzeak norbanakoaren askatasun maila muga dezakeela azpimarratuz. Estatuaren parte hartze zuzenari mugak jartzearren, zentralizazioa baztertzeko eta elkarte publikoak sortzeko proposamenak egin zituen. Bi lehen lan horiek arrakasta handia lortu zuten atzerrian eta politikagintzan jardutera bultzatu zuten. 1839. urtean diputatu hautatu zuten alderdi liberalaren eskutik eta berrikuntza demokratikoaren alde, baina iraultzaileen eskarien aurka azaldu zen. 1849. urtean Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten, baina 1851ean Napoleon III.ak estatu kolpea eman zuenean uko egin zion errejimen berriari zin egiteari eta bizitza publikotik erretiratu zen. 1856an L’Ancien régime et la révolution (Errejimen zaharra eta iraultza) obra arrakastatsua argitaratu zuen, Frantziako iraultza bultzatu zuten ekonomia, gizarte eta politika baldintzak aztertzen zituen obra. Liberalismoaren eta erakunde demokratikoen oinarriak sakon aztertu zituen Tocquevillek, eta eragin handia izan zuen beste pentsalari liberal askorengan.