Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thyssen

Alemaniar industriari familia aberatsa. v August. Alemaniar enpresaria (Eschweiler, 1842 - Landsberg, Westfalia, 1926). Metalgintza lantegi bat zuen Duisburg-en eta 1871n Thyssen konpainia sortu zuen Ruhr-ko arroan, Mülhein-go hirian, eta aurrerantzean Bismarcken industria politikaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Versaillesko hitzarmenaren aurka jokatu zuten goi industriari alemaniarren bozeramailea izan zen eta 1923an preso hartu zuen frantses armadak, Ruhr-ko lurrak okupatu ondoren. 1926an enpresa handitu eta Vereinigte Stahlwerke A. G. konpainia sortu zuen. v Fritz. Alemaniar enpresaria (Mülhein, 1873 - Buenos Aires, 1951). August Thyssenen semea eta ondorengoa izan zen. Aitaren ildotik jarraitu zuen lanean eta alderdi nazional-sozialistaren finantzari nagusietako bat izan zen. 1933an Renania-Westfaliako estatu kontseilari egin zuten, baina harremanak 1939an hautsi zituen Hitlerrekin, nazien eta sobietarren arteko hitzarmenaren ondoren. Suitzara jo zuen lehenik eta Frantziara ondoren. Vichyko gobernuko zaindariek atxilotu eta nazien esku utzi zuten. Preso egon zen gerra bukatu arte eta Argentinan kokatu zen ondoren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren berriro antolatu zen Thyssenen enpresa eta, hurrengo urteetan, Europako mendebaleko lehen burdingintza enpresa bihurtu zen Thyssen-Oberhausen konpainia.