Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thorez, Maurice

Frantses politikaria (Noyelles-Godault, Pas-de-Calaisetik hurbil, 1900 - Itsaso Beltza, 1964). Meatzaria zen baina lanetik bota zuten politikan aritzeagatik. 1919an alderdi sozialistako kide eta 1930. urtean alderdi komunistako idazkari nagusia izan zen. 1932. urtean diputatu hautatu zuten. Maroko eta Aljeriako kanpainen aurka agertu zen eta 1939. urtean gudarostera joateari uko egin zion; frantses herritartasuna kentzeaz gainera, kartzela zigorra ezarri zioten baina Sobietar Batasunera erbesteratu zen. 1943an Komitern-a deusezteko eztabaidetan parte hartu zuen. 1944an, amnistia eman ziotelarik, Frantziara itzuli zen eta diputatu hautatu zuten berriro, de Gaulle-ren agintaldian. 1947. urtean, Ramadier-ek komunistak aginpidetik baztertu zituenean, alderdiko barne arazoetan murgildu zen. 1952. urtean alderdiko idazkari nagusi hautatu zuten berriz, eta kargu horretan egon zen 1964. urtea arte. Fils du peuple (1937, Herriko semea) eta Une politique de grandeur française (1949, Frantziaren handitasunaren politika) saiakerak idatzi zituen.