Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thom, René

Frantses matematikaria (Montbéliard, Doubs, Frantzia, 1923 - 2002). Hondamendien teoria garatzeagatik da ezaguna, emaitza etenak dituen ekintza etengabea matematikoki lantzen duena. Thomek lehenengo ikasketak Montbéliard-en, Lyonen eta Parisen egin zituen. 1943an École Normale Supérieure-an sartzea lortu zuen, eta han Henri Cartan eta Bourbaki matematikarien lana ezagutu zuen, berean eragin handia izango zuena. 1946an Estrasburgora joan zen Henri Cartan-ekin lan egitera; han beste matematikari batzuekin aritu zen, haien artean Ehresmann eta Koszul-ekin. Tesia, Cartanen zuzendaritzapean egin zuena, 1951ean aurkeztu zuen Parisen. 1951ean beka batekin joan zen Estatu Batuetara, eta han Einstein, Weyl, Steenrod, Calabi eta Kodaira-ren eraginpean jardun zen lanean. Frantziara itzulita, Grenoblen eta Estrasburgon aritu zen irakasle eta 1964an Bures-sur-Yvette-ko Zientzia Ikasketako Institutuan lanean hasi zen. Hondamendiaren teoriak aplikazio asko ditu fisikan, biologian eta giza zientzietan. Structural Stability and Morphogenesis (1972, Egonkortasun eta morfogenesi estrukturala) liburuan aurkeztu zuen lehenengo aldiz teoria hori, eta geroztik matematikari askok garatu dute. Bestalde, Thom-ek beste arlo asko landu ditu: topologia (ezaugarri klaseak bereziki), "kobordismo" deritzan teoria, eta Thom-en zeharkakotasunaren teorema. Lan horiei esker, Fields domina jaso zuen 1958an. Gainera, Ville de Parisko Sari Zientifiko Handia jaso zuen 1974an, eta Londresko Matematika Elkarteko ohorezko kide egin zuten 1990ean. Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen 1995ean.