Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Testa, Clorindo

Argentinar arkitektoa eta margolaria (Buenos Aires, 1923). Ikasketak Buenos Airesko Arkitektura eta Hirigintza unibertsitatean egin zituen. Arkitekto gisa 1948an hasi zen Buenos Airesko Aurautze Planerako taldean. Italian bi urtez aritu zen margolari ikasketak egiten. Sari asko irabazia da: 1956an La Pampako (Argentina) Zentro Zibikoko Lehiaketan lehenengo saria lortu zuen, Urrezko domina Bruselako World's Fair-en 1958an, Londresko eta Hego Amerikako bankuko bulego nagusiko lehenengo saria 1960an, Pintura sari nazionala 1961ean, Amerikako Arteko saria 1965ean eta Sao Pauloko Bi urteko saria 1977an. Testaren arkitekturaren ezaugarri nagusia formaren indarra da, funtzioa alde batera utzi gabe. 1956-1961 urteen bitartean La Pampako (Argentina) Santa Roas Autobus terminala egin zuen Gaido, Dabinovic eta Rossirekin batera. 1959-1966 urteen bitartean Londresko eta Hego Amerikako Bankua egin zuen Buenos Airesen. 1962an Buenos Airesko Liburutegi nazionala egin zuen F. Bullrich eta A. Cazzaniga de Bullrich-ekin batera. 1979an Boli Kostako Gobernu Ospitalea egin zuen. Testaren beste lan batzuk: Catalinas Norteko Argentinar Airelineen Etxea (Buenos Aires) 1975ean, Lascara eta Rossirekin batera; Buenos Airesko Errekoletoen Pasealekua 1982an.