Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tessin, Nicodemus

(Zaharra deitua). Suediar arkitektoa (Stralsund, 1615 - Stockholm, 1681). Bere garaiko suediar arkitekto garrantzitsuena izan zen. Simon de la Valle-ren ikaslea izan zen eta haren eragin nabaria du bere obretan. Frantses estiloa sartu zuen Suediako arkitekturan. 1636. urtean Stockholmen hartu zuen bizilekua. 1676. urtean Gorteko arkitekto izendatu zuten, eta Europan barrena ikasten ibili ondoren, Palladio italiar arkitektoaren estiloa sartu zuen Eskandinavian. Drottningholm-go errege jauregia, bere semeak amaitua, du lan garrantzitsuena (1662-1700). Beste lan batzuk: Kalmar-ko katedrala, Wrangel jauregia, Strömsholm errege etxea.