Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tesalonika

edo Salonika. (Gr. Thesalonike edo Saloniki). Greziako iparraldeko hiria eta portua, izen bereko nomo edo probintziako (3.560 km2 eta 871.580 biztanle) hiriburua, Mazedonian, Tesalonikako golkoaren ertzean (Egeo itsasoa), Vardar ibaiaren bokaletik hurbil. 406.413 biztanle. Unibertsitatea. Artzapezpikutegi ortodoxoa. Greziako bigarren hiria eta portua da (8.226.000 tona 1983an) eta Mazedoniako hiri garrantzitsuena. Greziako iparraldeko merkataritza, kultura eta industria gune nagusia da; janari industria, tabakogintza, destilategiak, ehungintza, petrolio findegiak, kimika industria, tresneria mekanikoa, ontziolak eta eraikuntzarako gaiak dira industria nagusiak, eta merkataritza harreman estuak ditu Serbia eta Montenegrorekin. Turismoak ere garrantzi handia du hiriko ekonomian. Garai askotako monumentuak gorde dira. Aipagarriak dira, besteak beste, 303. urteko Galerioren atea eta bizantziarren garaiko eliza eta tenpluak. v Historia. K.a. 316. urtean sortu zuen Casandrok eta erromatarren garaian, Justinianoren agintaldian batez ere, oparotasun handia izan zuen. 390an, Teodosio I.aren aginduz suntsitu eta biztanleak hil zituzten. Eslaviarrek maiz eraso zioten eta 1204-1224. urteetan izen bereko erreinuko hiriburua izan zen. 1246. urtean bizantziarrek konkistatu zuten eta 1430ean turkiarrek (azken horiek eman zioten Salonika izena). 1492an espainiar penintsulatik joandako 20.000 judu kokatu ziren hirian. 1913an Greziako hiri bihurtu zen eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren Tesalonika izena hartu zuen berriro. Lehen Mundu Gerran Mazedonian borrokatzen ziren soldadu aliatuak hornitzeko erabili zen Tesalonikako portua. 1917. urtean sute handi batek suntsitu egin zuen hiriaren behe aldea. 1941ean alemaniarrek inbaditu zuten.